Donostiako 59. Zinemaldia

Feriazale nomaden bizitza dokumental errealista batean

Sandra Sanchezen 'Tralas luces' lehen filmak familia baten ibilerak islatzen ditu, gordin eta leun

Lourdes eta haren familia, Tralas luces dokumentalean. Z / BERRIA.
gorka erostarbe leunda
Donostia
2011ko irailaren 18a
00:00
Entzun
Dokumentala da. Road movie-a da. Western sui generis bat da. Lourdes ferietako saleroslearen eta haren familiaren (odolezko nahiz beste) bidaia kontatzen du Sandra Sanchez galiziarraren (Coruña, 1970) Tralas luces estreinako lanak. Sanchez bera da gidoilaria, kamera erabiltzailea, editorea, zuzendaria... Soiltasun eta dotorezia handiz darabil kamera. Leku finko batean jarri eta apenas mugitzen duen, azken urteetako dokumental generoan zabaldu den estiloari leial. «Ez nien ezkutatu nahi kamera bat zutela grabatzen ia une oro, ikusteko moduko leku batean paratzen nuen beraz, eta bizitza bera gerta zedin itxaroten nuen».

Lourdes 34 urteko ijitu feriazale bat da, txokeko autoen jabea, Galiziatik abiatuta Kantauriko itsasertzean batetik bestera alderrai dabilena. Hasierako ideia, ferietako salerosleen inguruko filma egitea zuen Sanchezek, baina, azkenean, familia bakar batera mugatu zuen filmaketa. «Zenbait familia ezagutu nituen, baina Lourdesen nortasunak hasieratik harrapatu ninduen, eta oso harreman estua lortu genuen. Ikusi nuen familia horren bizimoduak ematen zuela istorio baterako».

Lau seme-alaba ditu Lourdesek, Jose aita ere eurekin bizi da, nahiz eta bien arteko maitasuna aspaldi itzali zen, eta beste lau langile ere karabana ibiltari horren parte dira. Tartean da ia anaiatzat daukan Arturo alkoholzalea ere. Ferietako egunerokotasuna azaltzeaz gain, bi hari gidari ditu istorioak: Lourdes eta Joseren arteko amodio/desamodio istorioa, eta Arturok minbiziarekin duen borroka. Hain zuzen ere, Sanchez dokumentala filmatzen ari zela jakin zuten guztiek gaitzaren berri. «Filmatzen segitzea erabaki genuen. Elkarren arteko konfiantza handia zen, ia beraietako bat banintz bezala nindukaten, eta nik banekien muga non zegoen. Intuizioak esaten dizu hori», azaldu du.

Zinema jaialdi handi baten barruan topa litezkeen istorio xume eta hunkigarrien kontrastea dakar Tralas luces-ek.

HURRENGO EMANALDIAK

Gaur: Principe 7n, 20:30ean.

Bihar: Antiguo 8n, 20:00etan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.