Euskal presoak, Zinemalditik kanpo

Bost euskal presori buruzko 'Barrura begiratzeko leihoak' dokumentala atzera bota du hautaketa batzordeakJasandako presioen ondorioz, ekoizleek uko egin behar izan diete diru laguntzei

Jexux Mari Zalakain. Enara Goikoetxeak, berriz, Jexux Mari Zalakainek espetxean duen «barne bidaia» kontatu du, haren idatzien eta lagunen testigantzen bidez. Zalakain Egin egunkariko administrazio kontseiluko kide izateagatik dago preso. BERRIA / BERRIA.
jokin sagarzazu
Donostia
2012ko abuztuaren 22a
00:00
Entzun
Donostiako Zinemaldiak ez du proiektatuko Barrura begiratzeko leihoak, bost euskal presori buruzko dokumentala. Zinez ekoiztetxekoek Zinemaldiko hautaketa batzordeari aurkeztu zioten dokumentala, baina antolatzaileek ez dute sartu hautatutakoen zerrendan. Dokumentalak bost euskal presoren bizipenak kontatzen ditu, bost zuzendariren begietatik. Ekainean amaitu zuten lana, eta Zinemaldian estreinatzeko asmoa zuten. Ezezkoa jaso dute, baina. Eta Zinemaldiak halakoetan egiten duen legez, erabakiari buruz arrazoirik ez die eman zuzendari eta ekoizleei; ez, behintzat, jendaurrean. Kanpoan utzi dituzten beste filmen antzera, Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariak sinatutako gutun bat jaso dute, filma ez dutela onartu jakinaraziz soilik.

Abuztuaren 29rako dago iragarrita Zinemaldiaren hurrengo prentsaurrekoa, eta han emango dute sail guztietan parte hartuko duten filmen zerrenda osoa. Tartean, oraindik jendaurrean eman ez duten Zinemira saileko zerrenda —euskal zinemari buruzko saila da Zinemira—. Agerraldian, parte hartuko dute, besteak beste, Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariak eta Blanca Urgell Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak. Donostiako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuko kultura departamenduak osatzen dute Donostiako Zinemaldiko patronatua, denek parte bera izanik.

Barrura begiratzeko leihoak dokumentalak egin behar izan duen bidea ez da nolanahikoa izan. Bost euskal presoren inguruan dokumental bat ekoizten ari zirela jakin zenean, zalaparta handia piztu zuten Espainiako komunikabide batzuek, eta Donostiako Udalera zuzendu zituzten begirada guztiak, Bilduk gobernatzen duen instituzio horrek diru laguntza bat onartu zuelako film horrentzat. Kanpaina horren erdian, Espainiako Gobernuko Barne ministroak Bildu legez kanpo uzteko mehatxua egin zuen, eta, hori ikusirik, dokumentalaren ekoizle eta zuzendariek erabaki zuten udalaren diru laguntzari eta laguntza publiko orori uko egitea. Azkenean, herritarren ekarpenaren bidezko finantzaketa sistemaren bidez lortu dute filma ekoizteko behar zuten dirua.

Presio horien oinarrian, dokumentaleko protagonistak euskal presoak izatea zegoen. Eta, bereziki, ETAren buruzagi izandako Mikel Albisu Antza azaltzea. Dokumentaleko azken protagonista da Albisu, eta Eneko Olasagastik zuzendu du zati hori. «Mikel nire laguna izan zen duela 24 urte. Mikel eta ni oso urrun egon gara gai politikoetan. Eta nik harengana hurbiltzeko bidaia bat egin dut, lagun ohi gisa. Uste dut egin dudan bidaia horixe egin behar duela herri honek. Emaitza pelikulan dago, eta uste dut jendeak ulertuko duela bidaia hori». Olasagasti eta Albisuren gutun bidezko harremana da istorioaren haria. Gutun horien bidez hurbilduz doaz urte luzez urrunduta egon diren bi lagunak.

BERRIArekin izandako solasaldian, Olasagastik ez du baloraziorik egin nahi izan Zinemaldiak emandakoaren ezezkoaren inguruan. «Ez dakigu zein arrazoi izan diren filma ez onartzeko. Guk suma genezake agian aldez aurretik izan den giroak zerikusia eduki duela, baina ez daukagu hori baieztatzeko elementurik».

Olasagastik nabarmendu duenez, film honekin ez da salbuespenik egin. «Zinemaldiaren ohitura da arrazoirik ez ematea, eta hala egin dute gurekin ere». Zuzendariarentzat, halere, «pena» izan da «bai dokumentalarentzat eta bai Zinemaldiarentzat» gisa horretako film bat «nazioarteko erakusleiho» batean ez aurkeztea. «Ona litzateke gure txoko honetatik ateratzeko, eta beste begi batzuek ikus zezaten garai honetan gure artekoa zertan den».

'Gazta zati bat' ere kanpoan

Barrura begiratzeko leihoak dokumentalak eta Euskal Herrian ekoitzitako beste hainbatek ezezkoa jaso dute jada. Halaxe gertatu zaio Gazta zati bat dokumentalari. Filmaren ekoizleek baieztatu dute haiek ere gutun bidez jaso dutela jakinarazpena. Badira, halere, erantzun baten zain jarraitzen dutenak ere. Halaxe dago Angel Amigo, Jesus Egiguren PSE-EEko presidenteari buruzko filmarekin. Zinemira sailean onartu duten ikusteko dago, nahiz eta, BERRIAk egiaztatu duenez, sail horretan parte hartuko duten hainbat filmek jada jaso duten baiezkoa edo ezezkoa.

Euskal Herrian ekoitzitako bost film emango dituzte denetara Zinemaldian; tartean, euskara hutsean egindako bi: Zuloak, Fermin Muguruzarena, eta Bypass, Patxo Telleria eta Aitor Mazorena. Biak, Zabaltegi Bereziak sailean. Sail berean sartu dute Iñaki Elizalderen Baztan. Eta Sail Ofizialean, berriz, Pablo Berger eta Javier Rebolloren Blancanieves eta El muerto y ser feliz filmak, hurrenez hurren. Irailaren 21etik eta 29ra bitartean egingo da Zinemaldia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.