Aritz Galarraga.
Komunikazioa. Ekografiak

Txillardegi edo Fraga

2012ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Txillardegi hil ondorengo albistegia ikusten ari nintzela pentsatu nuen. Larunbat eguerdia zen, goizeanezagutu genuen heriotza. Badaezpada, arratsera arte itxaron nuen, nire gogamen makurraren asmazioa ez zela konprobatzeko. Baina, ez, berdin gertatu zitzaidan, berriz pentsatu nuen gauza bera. Berria eman zuten ETB1en, noski: eguerdi-arrats, aurrean baino atzerago, txotx denboraldiaren hasiera eta eguraldiaren ondoren ere bai. Bazkalorduko albistegian, 24 minutu pasatu nituen pantaila aurrean eman zutenerako.

Eta bai, tratamendua izan zen txukuna, Elixabete Garmendiak ondutako bideo koxkorra tarteko; arratsean, bideoaz gain, irudiak eta adierazpenak. Eta albistegiaren ondoren, Txillardegiren gaineko dokumental mamitsua, 1992koa. Baina pentsatu nuen: hildakoa, adibidez, Manuel Fraga Iribarne balitz, 24. minutuan emango zuten berria? Eguraldiaren atzetik titularretan? Ez nuen uste igande gauean hilko zenik. Halako pentsamenduak ibiltzea gaitzetsi nion neure buruari. Baina poztu nintzen. Ez heriotzagatik, bistan da, ez dut inoren heriotza desio, ezta hainbat heriotzaren azken erantzule izan den batena ere. Poztu nintzen, zalantzatik aterako nintzelako.

Astelehenean ase nuen jakinmina: Fragaren heriotzak ireki zuen ETB1eko albistegia, zazpi minuturekin. Tartea bukatzeko gainera, Izurako lehengusuak mintzatu ziren, Fragaren irudi azukreztatua kasik etxekoa eginez. Baina kritika ez da hainbeste bi heriotza horiei ETBk emandako tratamenduari —Fragarenaz asko badago ere esateko—; bai, ordea, eman dien garrantziagatik. Batek esan dezake kultur eragiletzat hartu zutelako eraman zutela hain atzera Txillardegi. Eta orduan zergatik nabarmendu besteren gainetik ETA eta HB sortu zituela? Batek argudia dezake ETA sortu zuela. Baina kristautasunak ekarritako guztiaren erruduna nor da, Nazareteko Jesusito? Haren jaiotza ospatu berri dugu, ez ahantzi. Batek esan dezake haren ideiek jende asko hil duela. Nik ez dut sekula ikusi ideia bat kaletik, pistola eskuan, jendea hiltzen.

Euskarazko albistegi hori egiten ari direnek ez al dakite Txillardegi eta bera bezalako eskukada bete lagunengatik garela garena, gaudela gauden lekuan? Horiengatik egiten ari direla euskarazko albistegi hori bera ere? Txillardegi edo Fraga. ETBk egin du bere hautua. Nik ere bai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.