Lurralde elkargoa eskatuko dute legebiltzarrean

Espagnacen aldaketa legearen kontra doanez, Capdeviellek lurralde elkargoari buruzko aldaketa aurkeztuko du

Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2013ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Euskal lurralde elkargoari buruzko aldaketa aurkeztuko du Frantziako Legebiltzarrean Colette Capdevielle Baionako diputatu sozialistak. Hain zuzen, atzo baieztatu zenez, Frederique Espagnac senatariak deszentralizazio erreforman aurkeztu aldaketa Frantziako Konstituzioaren aurka doa. Gaur egungopays egitura erakunde publiko bilakaraztea planteatzen zuen, baina horrelakorik ez da posible, elkartzeko eskubidea zangopilatzen duelako. Abisu hori eman zuen iragan astean Olivier Dussoptek, erreformari buruzko txostengileak. Elementu hori baieztatu zion atzo Capdevielleri Philippe Yvin Barne ministroarentzako deszentralizazioari buruzko aholkulariak.

Errefusatua izateko arriskua

Lurralde elkargoari buruzko aldaketa errefusatua izateko arriskua badela dio diputatuak. Hain zuzen, egituraketa hori «ez delako gobernuaren agendan».

Yvinekin ukan zuen bilera atzo Baionako diputatuak. Lurralde elkargoaren eskakizunaren aurkezpen zehatza egin ziola jakinarazi zuen barda Capdeviellek, agiri bidez. «Euskal Herriaren berezitasun guztiak aurkeztu dizkiot, lurraldearen indartzeko eta estatuarekin hitzarmenak pasatzeko hipotesia serioez gogoetatzeko asmoz, beti ere errepublikar batasunaren errespetuan».

Eskakizunak baztertua izateko lanjerra duela jakinda, lurralde elkargoaren aldeko koordinakundekoekin gogoeta kolektiboki eramaten segitzeko beharra ikusten du. Aldaketa aurkezteko azken eguna ekainaren 27a dute diputatuek. Ondotik, uztailaren 1etik aitzina aztertuko du testua Legeen Batzarrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.