Europako hauteskundeak. Kanpaina

EAJren politika ekonomiko eta sozialaren «eredua» da Bilbo

Jeltzaleek EAEko instituzioetan egin duten lanaren adibidea da Bizkaiko hiriburua, Izaskun Bilbaoren ustez

Erredakzioa
Bilbo
2014ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
Bilbo da, EAJren arabera, «Euskadik Europan eskaini nahi duen ereduaren adibidea». Horixe adierazi du Izaskun Bilbao EAJren zerrendaburuak Bizkaiko hiriburuan eginiko ekitaldi batean. Jeltzaleak azpimarratu duenez, Bilbo da EAJren «politika ekonomiko eta sozialaren eredua». «Hazkunde jasangarria, ekonomia erreala eta gizarte garapena» uztartzen dituen eredua. «Euskadi eredua», nabarmendu du.

San Mames futbol zelaia berriaren inguruetan egin du hauteskunde ekitaldia EAJk, eta Europako Parlamenturako hautagairekin batera han izan dira Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusia eta Itxaso Atutxa EAJren Bizkai Buru Batzarreko presidentea, besteak beste. Martxoan hildako Iñaki Azkuna alkatea gogoratu dute ekitaldian.

Bere hitzaldian, EAJren zerrendaburuak adierazi du «ezinbestekoa» dela ulertzea Bizkaiko hiriburuan azken urteotan izan diren aldaketak denbora horretan jeltzaleek Euskal Autonomia Erkidegoko instituzioetan egin duten lana ulertzeko. «Gai izan ginen 80ko hamarkadan ezagutu izan genuen gainbehera zuzentzeko eta etorkizunera begira jartzeko, sare produktibo sendo bat sortuz eta pertsonak jarriz gure politiken oinarrian. Orain, hemen gaude orduko lanak egin zirelako eta orain ere egiten ditugulako», azpimarratu du Bilbaok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.