Bateragunekoak aske uzteko eskatu du legebiltzarrak

EH Bilduk eta EAJk aldarrikatu dute bertan behera utzi behar direla «politika publikoan» oinarritutako auziak

EH Bildukoak, atzo, Tejeriarekin hizketan. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2013ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Bateragune auzian preso daude Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Sonia Jacinto, Arkaitz Rodriguez eta Miren Zabaleta, eta horiek «berehala» askatzeko eskatu du Eusko Legebiltzarrak, EAJren eta EH Bilduren aldeko botoekin. Halaber, « politika publikoan eta gardenetan» oinarritutako zigor auziak bertan behera uzteko galdegin du. EH Bilduren ekimenez eztabaidatu zuen atzo Legebiltzarrak epaiketa politikoen aurkako legez besteko proposamena. Testuak jeltzaleen aldeko botoa jasota, gehiengo osoz onartu zuen ganberak. PSEk, PPk eta UPDk, berriz, kontra bozkatu zuten. Proposamena aurrera aterata, egindako eskaera «betearazteko» erakundeen aurrean beharrezkoak diren kudeaketak egiteko galdegin dio Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari.

EH Bilduk eta EAJk babestu duten proposamenak dio «larria» dela Bateragune auzian zigortutako bost lagunak preso egotea oraindik ere. Uste baitute denborak erakutsi duela Otegi, Diez, Zabaleta, Jacinto eta Rodriguez bakearen eta normalizazioaren alde lan egiten ari zirela.

Ideia horren defentsa egin zuen osoko bilkuran Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak. Bost auzipetuak kartzelan mantentzeak «legearen izpiritua» urratzeaz gain, ez duela zilegitasunik eta logika politikorik salatu zuen. Haren ustetan, Bateragune auziaren oinarrian «motibazio politikoa» baino ez dago, «interes maltzurrak eta mendeku gosea besterik ez». Gogoratu zuen, halaber, indarrean jarraitzen duela «etsaiaren zuzenbide penalaren neurririk gabeko interpretazioak», eta horren adibide direla Madrilen egiten ari diren «makroepaiketa politikoak».

Joseba Egibar jeltzalea ere argia izan zen oso Bateragunekoen askatasuna eskatzeko: «Uste dut, pertsona horiek libre behar dutela politika egiteko eta ezker abertzaleak bere bide hori are sendoago eta argiago egiteko».

Bateragune auzikoak espetxean mantentzearen aldeko argudioak eman zituzten, ostera, PSEk, PPk eta UPDk. Rodolfo Ares sozialistaren ustez, ez dago arrazoirik «ETArekin lotura izateagatik» legez kanporatutako alderdietako kideak kartzelatik ateratzeko. Nerea Llanos PPkoak Otegik eta gainerako zigortuek ez dutela sekula ETAren indarkeria gaitzetsi arbuiatu zuen.

UPDko Gorka Maneirok giroa berotu zuen eztabaidan, EH Bildukoei «ETAren terrorismoa bultzatzea» leporatu baitzien. Aurretik ere PSE eta PPkoek ETArekin lotu zuten koalizioa, eta horrek ika-mika sortu zuen, beste behin, osoko bilkuran. Julen Arzuaga EH Bilduko bozeramaileak hitza eskatu zuen koalizioaren aurkako irainak salatzeko, baina Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidenteak adierazpen askatasunaren baitan kokatu zituen hitz horiek. Unai Urruzuno EH Bilduko legebiltzarkidearen kexen aurrean kanporatzeko mehatxua egin zion, ondoren, Tejeriak. Aldi berean, Urruzunok pailazo deitu ziola salatu zuen Iñigo Iturrate mahaikide jeltzaleak, baina EH Bilduko legebiltzarkideak ukatu egin zuen hori. Giroa lasaitu behar izan zuen Tejeriak azkenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.