Minbizia izan arren agintzeko gai dela dio Hugo Chavezek

Venezuelatik kanpo 360 egunez egonez gero boterea utzi behar duela gogorarazi dio oposizioak presidenteari

Erredakzioa
2011ko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Hugo Chavez Venezuelako presidenteak minbizia duela jakinarazi du. Maiatzaren 9az geroztik osasun arazoak izan ditu, eta ekainaren 6tik herrialdetik kanpo egon da, Kuban. Gobernuaren arabera, ekainaren 9an eginiko ebakuntza baten ondoren aurkitu diote minbizia. Venezuelako Konstituzioaren arabera Chavezek boterea presidenteordeari eman beharko liokeela gogorarazi du oposizioak, gaixotasunaren berri izan ondoren. Baina Chavezek minbizia izan arren Kubatik agintzen jarraitzeko gai dela azaldu du.

Venezuelako legearen arabera presidentea 180 egun kanpoan egonez gero boterea utzi behar duela ohartarazi du Teodoro Petkoff oposizioko liderrak. Erabaki hori beste 180 egun atzeratu dezake. Baina epe hori bete ondoren, presidenteordeak hartuko luke boterea, sei urteko agintaldia bukatu arte. Chavezek boterea uztea aipatu ez izanak ez duela harritu, eta oraindik ez dagoela horretara behartuta gaineratu du Petkoffek.

Minbiziaren aurkako tratamendua jasotzeko Kuban egon arren, Chavezek jakinarazi du herrialdea gobernatzen jarraitu duela. Elias Jaua eta Gobernuko gainontzeko kideekin harremanetan egon dela eta erabaki guztien berri izan duela ere adierazi du. Horrela jarraitzeko helburua argi utzi du, eta Henry Rangel Silva jeneralak berretsi egin du. Haren hitzetan, Chavezek agintzen jarraituko du, inoiz ez diolako presidente funtzioak betetzeari utzi. Horrekin batera, laster herrialdera itzuliko dela gaineratu du.

Presidentea herrialdean ez egoteak sortu lezakeen botere hutsunearen inguruan ere mintzatu da Silva. Armadak «konstituzioa babesteko» lana egiten jarraituko duela, eta armadako inork kontrakorik ez egitea zainduko dutela ziurtatu du.

2012ko hauteskundeak

Minbiziak presidentearen osasunaz gain, haren helburu politikoak ere kaltetu ditzakeela ohartarazi du Luis Vicente Leon Venezuelako analistak. Chavezek datorren urteko hauteskundeetara aurkezteko helburua du, eta ez du ordezko argirik izendatu. Egoera ezagututa, oposizioko hautagai izan daitekeen Maria Corina Machadok Chavezek ezin duela Kubatik agindu eta boterea utzi behar duela errepikatu du.

Oposizioak aurka egiten duen bitartean, PSUV Venezuelako Alderdi Sozialista Batuko kideek elkartasuna adierazi diote Chavezi. Cilia Flores diputatuak alderdiak «batasuna» mantendu behar duela adierazi du. Minbizia Kuban aurkitu izanaren garrantziaz ere hitz egin du, herrialde «solidarioa» baita.

Chavezen osasunak zeresana eman du Venezuelan. Maiatzaren 9an belauneko minagatik Brasil, Ekuador eta Kubara egin behar zituen bisitak bertan behera utzi zituenean hasi ziren presidentearen osasunaren inguruko kezkak. Kuban ebakuntza egin ondoren, Gobernuak ez zuen azaldu zergatik jarraitzen zuen herrialdean. Egonaldiaren arrazoia argitu ondoren, Chavezekiko errespetua eskatudio Jauak oposizioari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.