Euskal presoak. EPPKren bitartekarien kontrako polizia operazioa

Zomorroa eta dinosauroa

Abokatuen arabera, beraiek kriminalizatuz presoen defentsa eskubidea urratzen da. Egun, horretaz gain, konponbidearen alde presoek egin ditzaketen urratsak oztopatzen dituztela uste dute.

jokin sagarzazu
2014ko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
Ustelkeriagatik akusatutako pertsona baten abokatua ez da abokatu usteltzat jo izan. Edo GALeko kideak defendatu zituztenak ez dira GALeko kidetzat jo. Baina euskal presoen abokatuen kasuan, aspalditik dator ETArekin lotzeko ahalegina. Espainiako Gobernuan izan diren alderdiena eta Poliziarena. Haien arabera, lehen ETAkoen abokatu ziren eta gero ETAko abokatu bihurtu dira abokatu horietako batzuk. ETAko kide. Egun batetik bestera, loaldi aztoragarriaren ostean, zomorro zatar bihurturik esnatu zen pertsonaia hura bezala.

Justiziaren jopuntuan egon diren kasu gehienetan leporatu diete erakunde armatuarekin zubi lana egitea: izan iraultza zergarekin lotuta edo izan informazioa trukatzeagatik, espetxetik klandestinitatera eta alderantziz. Baina auzipetu ere egin dituzte atxilotu eta presoen oinarrizko eskubideak defendatzeagatik, torturak salatzeagatik, bereziki.

Bide horretan, hainbat mugarri ezarri ditu Espainiako Auzitegi Nazionalak, 18/98 auziarekin nagusiki. Eta 2006ko bake prozesuaren porrotaren ostean, 2009tik aurrera zehazki —ezker abertzaleak barne eztabaida hasi zuenetik—, abokatuen atxiloketak ugaritu egin dira Bidasoaren bi aldeetan. Akusazioa: ETAren jardun armatua babestea.

Onak eta txarrak

Aspaldiko logika bati erantzuten dio jazarpenak. 90eko hamarkadan, adibidez, hainbat auzipetu zituzten, eta bi zigortu, ETAren bahiketetan edo iraultza zerga deiturikoan bitartekari lanak egitea leporatuta: Jose Antonio de la Hoz eta Alvaro Reizabal. Hamarkada horretan ere ugaritu egin zen abokatuen gaineko kontrol poliziala. Beren bezeroekin espetxeetan eginiko entzuketetan oinarrituz, ETAren eta presoen arteko zubi lanak egitea leporatu eta auzipetu zituzten Txemi Gorostiza eta Arantza Zulueta, baina absolbitu egin zituzten, legez kanpokoak zirelako entzuketa haiek. Ordutik, ohikoa da abokatuen komunikazioak eta mugimenduak zelatatzea, legez zein legez kanpo .

2000ko hamarkadan, berriz, eta Garzon epaileak irekitako makroprozesuetan, 18/98 auzian eta 33/01 eta Amnistiaren Aldeko Batzordeen aurkakoan bereziki, abokatu ugari auzipetu zituzten. Eta horietatik hiru zigortu: Carlos Trenor, Txema Matanzas eta Miriam Campos. Era berean, atxilotuen tortura salaketak zabaltzeagatik ere akusatu zituzten. 2006an, Aiert Larrarte; absolbitu egin zuten. Eta 2010ean, Alfontso Zenon; Ertzaintzak atxilotutako bederatzi lagunek salatutako torturak zabaltzeagatik, orduko Herrizaingo sailburu Rodolfo Aresek jarritako kereilarengatik. Bilboko auzitegiaren eskuetan jarraitzen du auziak, hainbat gorabeheraren ostean, instrukzioan.

Orain, ETAk bere jarduna amaitu duenean, herenegun atxilotutako abokatuei ETAren ordezkari izatea leporatzen diete. ETAren «sektore gogorra» izatea. Hala diote «operazioko iturriek». Baina abokatu horiek osatzen dute, besteren artean, EPPKren mintzaidetzarekin harremanak izateko bitartekari taldea, EPPK-k berak hala eskatuta. Eta hori jakinekoa da 2012ko uztailetik.

Besteak beste, Foro Sozialean parte hartu, bertako gomendioak espetxeetan sartu eta presoek adostutakoa konponbidearen alde ari diren beste eragileekin partekatzeaz arduratu da taldea. Eta jardun horren emaitza izan da kolektiboko presoek gomendio horiek bere egitea, eta horietan sakontzeko urrats gehiago egiteko borondatea agertzea. Baita preso ohiek ere, aurreko larunbatean Durangon adierazi zutenez. Baina, hala ere, Guardia Zibilak akusaziorako froga gisa presoen eztabaida sustatzea eta preso ohien legezko agerraldia antolatu eta bertan parte hartzea erabili du.

2010eko apirilean, akusazio berberagatik —«ETAko kide izatea»—, atxilotu zituzten Arantza Zulueta eta Jon Enparantza, Iker Sarriegirekin batera. Zortzi hilabete egin zituzten behin-behinean preso, eta baldintzapean utzi zituzten aske, epaiketaren zain—2011n berriz atxilotu zuten Zulueta, ustez ETAk erabilitako zulo batzuekin lotuta; aske geratu zen bermea ordainduta—. Azken urteetan, halaber, Iñaki Goioaga eta Unai Errea ere egon dira espetxean —Frantziak giltzapetutako euskal presoen lehen abokatua izan zen Errea—; eta Haritz Escudero eta Haizea Ziluagaren kontrako sumarioak ere ireki dituzte. Oraingoz, Goioaga soilik epaitu dute, eta absolbitu egin dute.

Aurreko auzian, Zuluetarekin batera atxilotu zituzten Enparantza, Sarriegi eta beste zortzi euskal herritar, Fernando Grande-Marlaska epaileak aginduta. Atxilotu guztiak inkomunikatuta eduki zituzten, eta hiru abokatuek eta beste atxilotu batek ez beste guztiek torturatu egin zituztela salatu zuten. Operazioa egin eta egun gutxira, hiru abokatuei «tratu bikaina» emateko agintzen zuen Guardia Zibilaren barne txosten baten berri eman zen. Txosten hori Enparantzaren etxean agertu zen, eta Guardia Zibilak epaileari aitortu zionez, operazioan parte hartu zuen polizia baten «lanerako zirriborro bat» baino ez zen. Hark osatua, izaera ofizialik gabekoa. Instrukzio fasean dago oraindik auzia. Eta akusazio horiek ez dira oraindik frogatu. Baina akusazio horiek dira, orain arte zabaldutakoaren arabera, herenegungo operazioaren oinarria.

Frogen balioa, ezbaian

Auzi horrek hainbat gorabehera izan ditu, gainera. Grande-Marlaska epailearen esku zegoen instrukzioa, baina Auzitegi Nazionaleko Zigor Salako presidente izendatu zutenean, Gomez Bermudez epaileak hartu zuen kasua. Abenduan, CNI Espainiako zerbitzu sekretuek abokatuei eginiko entzuketak eskatu zizkion Bermudezek Barne Ministerioari, CNIren ezezkoaren ondoren —argudiatu zuen sekretu ofizialak zirenez, eta legeak hala esaten duelako, ezin zuela material hori epailearen esku utzi ministerioaren baimenik gabe—. Bermudezek ohartarazi zuenez, eskatutako dokumentuak ez «desklasifikatzeak» eragina izango luke auzian, horietan oinarritzen baita Guardia Zibilaren ikerketa eta akusazioa. Hori egin ezean defentsarako eskubidea urratuko litzatekeela azpimarratu zuen, eta, beraz, akusatuak absolbitu beharko liratekeela. Horiek argitu gabe, baina, Eloy Velasco epaileak oniritzia eman zion herenegun Zulueta eta Enparantza berriz atxilotzeari.

Lau urte igaro dira aurreneko polizia operaziotik. Eta nabarmen aldatu da egoera Euskal Herrian. Kalean eta espetxeetan. Abokatuek, halere, lau urte atzera egingo zuten herenegun, poliziak beraiengana joango zirela jakin zutenean. Guardia zibilak ikusi, eta atxilotu zituztenean, agian duela lau urteko amesgaiztoa gogoratuko zuten. Eta beste pertsonaia hark bezala, esnatutakoan, dinosauroak hor jarraitzen duela pentsatuko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.