Currin: «'Bateragune auziak' itxirik beharko luke»

Bitartekari adituak ziurtatu du Euskal Herrian ez dela abiatu bake prozesurik, nahiz «egoera aldatu» den

Ibarretxe eta Currin hizketan, atzo, Donostian. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
Donostia
2011ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Brian Currin abokatu eta nazioarteko gatazketako bitartekari adituak uste du Bateragune auzia itxi egin behar zela bake prozesuan aurrera egiteko, Arnaldo Otegik auzi horretan argi esan duelako «bakearekiko erabateko konpromisoa» duela. Haren ustez, Batasuneko buruzagi izandakoak zuzenean eta modu aktiboan hartu beharko luke parte Euskal Herrian abiarazi beharko litzatekeen bake prozesuan, baina aitortu du prozesu hori oraindik ez dela abiatu.

Izan ere, Hego Afrikako eta Irlandako gatazken konponketan bitartekari izan eta Euskal Herrikoan «erraztaile lanetan» ari den abokatu hegoafrikarrak azaldu zuenez, Euskal Herrian «oraindik ez dago bake prozesua abiatzeko baldintzarik, nahiz eta egoera aldatu egin den». Horretarako, indarkeria desagertu beharko litzateke, eta alderdi guztiek erabaki beharko lukete bake prozesua dela «bide egokia».

EHUren udako ikastaroetan, Currinek hizpide izan zituen edozein bake prozesutan —baita Euskal Herrian ere— beharko liratekeen baldintzak. «Testuinguru» egokia sortu beharra aipatu zuen, «konfiantzazko giroa» izateko.

Hain justu, puntu horretaz mintzatzean aipatu zuen Currinek Bateragune auzia. Abokatuak iritzi zion epaiketa horrek bertan behera geratu beharko lukeela bake prozesuan aurrera egin nahi bada, eta goraipatu egin zuen ezker abertzaleak bide soilik politiko eta demokratikoen alde eginiko apustua.

Edozein bake prozesuk luze jotzen duela ere ohartarazi zuen, eta horregatik funtsezkoa dela prozesu horiek buruzagi «handiak», «komunikatzaile onak» eta «konfiantza eragiteko ahalmena dutenak» edukitzea.

Etorkizun hurbilari begira baikor dela esan zuen, baina tartean hainbat hauteskunde egotea deitoratu zuen, «beti zailtzen baitituzte gauzak».

«Utopia gauzatzeko garaia»

Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohi Juan Jose Ibarretxek ere parte hartu zuen Currinen ikastaro berean, eta esan zuen orain dela garaia duela gutxi arte utopia zirudiena gauzatzeko. Bakea lortzeko aukera ireki dela iritzi zion, eta indarkeriarik ezean eta erabakitzeko eskubidean oinarrituko litzatekeen normalizazio politikorako garaia ere badela.

Ibarretxek ukatu egin zuen EAEko lehendakarigai edo EAJren EBBko lehendakari izateko aurkezteko asmoa duela, eta berretsi zuen ez dela itzuliko politikara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.