Otegi: «Egoera berriaren aurrean, jarrera aldatu beharko du estatuak»

'Bateragune auziaren' azken saiorako idazki bat landu zuen Otegik; bertan dio estrategia baketsu bat lortu nahi izateagatik epaitu dituztelaEspainiako Estatuari eskatu dio estrategia politiko baten alde «arriskatzeko»

Edurne Begiristain.
2011ko uztailaren 17a
00:00
Entzun
Joan den asteko ostegunean amaitu zen Espainiako Auzitegi Nazionalean Bateragune auziaren epaiketa, eta epaiaren zain geratu zen. Azken saioan, hizketaldia egin zuen Arnaldo Otegik, epaimahiaren aurrean. Idatzita eraman zuen esan beharrekoa, baina, azkenean, ez zuen irakurri. Euskal arrazoia izenburua du Otegik epaiketan irakurri behar zuen testu luzeak, eta BERRIAk eskuratu ahal izan du. Bertan, Bateragune auziaren izaera politikoa salatu du Otegik, eta ezker abertzalearen apustuaren defentsa irmoa egin du.

«Abian den prozesu politikoak ez du atzera bueltarik. Geldiezina da, auzitegiak hartuko duen erabakia gorabehera», azpimarratu du Otegik idazkian. Ezker abertzalea, bere osotasunean —eta auzian epaituak izan diren kideak bereziki—, bide baketsu eta demokratikoen alde egindako apustuarekin «erabat konprometituta» dagoela berretsi du. Apustu horretan «uste osoa» du ezker abertzaleak, eta zinez uste du atzera bueltarik ez duela. Bateragune auzian akusatuen aulkian eseri diren ezker abertzaleko kide guztien izenean adierazi du abian jarritako estrategia «ausarta» dela, bide politiko eta demokratikoekinkonprometituta dagoela, biolentziarekin bateraezina dela eta haren bitartez proiektu independentista eta sozialista aurrera eraman nahi dutela, beti ere herritarrek hala nahi badute.

Otegiren ustez, «Europa Euskal Herriari so dago», jakitun delako «aukera berriak» sor daitezkeela, eta Espainiako Estatuak ezin izango dio luzaroan bizkarra eman errealitate horri. Haren ustez, «egoera berriaren aurrean jarrera aldatu beharko du». Ezker abertzalearen eta estatuaren estrategiak aurrez aurre jarri ditu Otegik. Uste du gaur-gaurkoz «indarra, jazarpena eta errepresioa» erabiltzen duen bakarra estatua dela. Hala ere, ohartarazi du irtenbide demokratikoak eta bakea lortzeko balio duen prozesu berria abiatzeko ordua iritsi dela eta estatuak, berandu baino lehen, elkarrizketari ekin beharko diola.

Norabide horretan ezinbestekotzat jo du normalizazio jokaleku bat lortzea, non euskal gizartearen «oinarrizko eskubide demokratikoenak» berrezarriko diren, «errepresio politikoa eta salbuespeneko legedia» bertan behera utziko den eta espetxe politika garai berrietara egokituko den. Hori horrela, estatuari eta Espainiako gizarteari deia egin die Otegik: lehenari, indarra alboratu eta estrategia politiko baten alde «arriskatzeko» eskatzeko, eta bigarrenari, gatazkaren konponbidearen aldeko urratsak eska ditzan galdegiteko.

Bateragune auziaren bitartez ezker abertzalearen estrategia politikoa zapuztu nahi izan dela salatu du Otegik, bai eta auzi hori «estatu arrazoiaren tamainara» eraiki dela eta xede bakarra jokaleku politiko berria oztopatzea izan dela ere. 2009an burututako polizia operazioaren xedea, beraz, ezker abertzalearen estrategia aldaketa oztopatzea izan zela esan du. Hala, epaiketan akusazioak eta fiskaltzak defenditu duten tesiaren «faltsutasuna» agerian geratu dela uste du Otegik.

Aurkeztutako froga dokumentalak eta lekukotzek, ordea, agerian utzi dute akusatuen parte hartze politikoa «estrategia politiko-militarra gainditzera» bideratuta egon dela soil-soilik, haren esanetan. Akusatuak zerbaiten errudunak badira, «estrategia baketsu eta demokratiko bat lortu nahi izateagatik» dira, Otegiren aburuz.

Errealitateak ere akusazioaren tesiak gezurtatzen dituela azaldu du. Besteak beste, ETAk indarkeria uzteko egin dituen urratsak, Harremanetarako Nazioarteko Taldea sortu izana eta Nazioartetik prozesua babestu izana aipatu ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.