Osalanen datuak ezagutzeko eskubidea dute ELAk eta LABek

Laneko segurtasunerako erakundearen «informazioa jakiteko eskubidea» onartu die sindikatu biei Bilboko epaitegi batekIzaskun Urien Osalanen zuzendari berriari datuak helarazteko eskatuko diote

Elkarretaratze bat Bizkaian, lan istripu batean izandako heriotza salatzeko, 2011n. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
xabier martin
Donostia
2013ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Osalan Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko Batzorde Nagusian parte hartzeari uko egin zioten 2010ean ELA eta LAB sindikatuek; baina hala eta guztiz ere, Osalanek biltzen duen informazioa ezagutu eta jarduera sindikalean baliatzeko eskubidea dute. Hala onartu die Bilboko Gizarte Gaietarako 5. Epaitegiak, 2012ko abenduaren 29ko ebazpenean. «Orain arte ukatutako informazioa» eman diezaieten bermeak eskatuko diote Osalanen zuzendari Izaskun Urieni sindikatu biek.

Osalanen Batzorde Nagusian zuten parte hartzeak «benetako balioa» izan arte, eta «gehiengo sindikalaren iritzia kontuan hartzen ez den bitartean» uko egin zioten erakundean egoteari ELAk eta LABek, 2010eko uztailaren 5ean. Hala ere, lan segurtasun eta osasunaren atala jorratu ahal izateko, Osalanen datuak ezagutzeko eskubidea galdegin dute aspaldian, «idatziz nahiz hitzez». Besteak beste, plan estrategikoa, jardueren memoria, kudeaketa plana, deialdiak eta aktak eskatu izan dituzte. Baina arrakastarik gabe. Erakundearen zuzendari ohi Pilar Collantesek «Osalanen edonolako informazioa ukatu zuen», sindikatuek diotenez, «Eusko Jaurlaritzaren aginduak jarraituta».

Eskaera berritu

Hala, auzitara jo zuten, «sindikatu askatasuna» urratzen ari zelakoan. Orain, epaitegiek garbi esan dute Osalanen barruan parte hartzeari uko egin izanak ez duela baliogabetzen erakundearen batzordekide izateko eskubidea. Horregatik, sindikatuek «euren jarduera egiteko beharrezkoak dituzten datu eta txostenak ezagutzeko eskubideari eusten diote», ebazpenaren arabera. Hau da, Osalanen Batzorde Nagusiko beste edozein kidek dituen eskubide berak izango lituzkete ELAk eta LABek

Aurreko Jaurlaritzarekin lortu ez zutena berriarekin lortzen saiatuko dira, orain epaitegien bermea dutela. ELAk eta LABek «Jaurlaritzari eta Osalanen zuzendari berriari, Izaskun Urieni, ebazpena bete eta urratu diren eskubideak gaurkotzeko» eskatu diote.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.