'Bateragune auzia'. Epaiketa

«Blokeoa gainditzea gure esku zegoela zen berriena»

Miren Zabaleta eta Mañel Serra auzipetuek deklaratu dute 'Bateragune auziaren' epaiketaren bigarren eguneanSerrak azaldu du ez zuela parte hartu ezker abertzaleko eztabaida sustatzen

Oihana Elduaien Uranga.
Madril
2011ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Ezker abertzalearen barruan sustatu zuten eztabaidako gauzarik berriena «gatazkaren blokeoa gainditzea ezker abertzalearen esku zegoela» jabetzea izan zen Miren Zabaletaretzat: «Estrategia aldatzea planteatzen zen, egoera aldatzeko». Atzo deklaratu zuen epaimahaiaren aurrean preso dagoen auzipetuak. Funtsean, bezperan beste auzipetuek esandakoa berretsi zuen Zabaletak,bere kasu partikularrari dagozkion xehetasunak gehituta.

Arnaldo Otegi Martuteneko espetxetik atera zenean hasi zuten gogoeta. Otegiren ekimena izan zen, eta beregana Sonia Jazintorengandik iritsi ziren. Estrategia politiko-militarretik bide politiko eta demokratikoen aldeko estrategiarako pausoa ematea babesten zuen tesia azaldu ziotenean, segituan egin zuen bat, eta eztabaida sustatzeko lanari ekin zion.

Tesia aurkeztu eta iritziak jasotzeko hainbat lagunekin bildu zela azaldu zuen. Esate baterako, Adolfo Araizekin eta Floren Aoizekin. Bilera haiek eginda, ezker abertzalearen barruan gehienek euren tesiekin bat egiten zutela ikusi zuten. Baina jaso zituen iritzi guztiak ez ziren aldekoak: «Eztabaidaren aurpegiak ginen, eta aldeko zein kontrako iritziak iristen zitzaizkigun, naturaltasun osoz».

Agiri horietako bat, Komunikazio orokorra izenekoa, neska batek pasatu zion, «filtrazio moduan», debatearen kontrako jarrerak nolakoak ziren ikusteko. Agiri horrek beraiek sustatzen ari ziren eztabaidaren kontrako norabidean ere jendea lanean ari zela erakusten zuen. «Ordena jarri beharra iradokitzen zuen gu sustatzen ari ginen eztabaidaren aurrean». Txosten hori auzipetuen aldeko froga dela gaineratu zion epaimahaiari, argi azaltzen baitu «inoren agindurik gabe, inoren irizpiderik gabe, ETArekiko loturarik gabe» aritzen zirela. Zabaleta abokatua da.

Ainara Oizi agiri hori etxetik ateratzeko berak ez ziola esan azaldu zuen Zabaletak. Izan ere, auzipetuak atxilotu zituzten egunean, Oiz ere atxilotu zuten, Zabaletaren portaleko eskaileretan. Oizek berak eta Zabaletak atzoko saioan azaldu zutenez, Oiz bere kabuz joan zen Zabaletaren etxera. Hura atxilotu zutela jakin zuenean joan zen, eta Zabaletaren eta preso zegoen bere bikotekidearen arteko eskutitzak hartu zituen, bai baitzekien haiek balio handia zutela atxilotuarentzat –Zabaleta eta Oiz txikitako lagunak dira–. Eskutitz haiekin batera mahai gainean topatu zituen paper guztiak hartu zituela esan zuen Oizek: «Oso urduri nengoen. Une hartan ez nuen pentsatzen, eta halaxe erreakzionatu nuen». Eramandako paperak mahai gainean zeudela, eta ez zeudela ezkutuan nabarmendu zuten biek.

LABera lan bila

Mañel Serra auzipetuak ere atzo deklaratu zuen. 1995etik 2003ra arte ezker abertzaleko propagandan lan egiten zuela azaldu zion epaimahaiari. Handik langabeziara joan zela, eta orduz geroztik noizbehinka lan batzuk baino ez zituela egin ezker abertzalearentzat. Argiketaria da, baina langabezian gelditu zenetik hainbat gauzatan aritu izan dela jakinarazi zuen, Aiert Larrarte abokatuaren galderei erantzunez.

Atxilotu zuten egunean eta aurreko beste egun batzuetanLABen egoitzan izan zela aitortu zuen, baina auzipetuekin ez zela bildu, eta ez zela aritu haiekin ezein eztabaida sustatzen. Lan bila joan zen, propagandarako edo prentsarako norbait behar zuten galdetzera, «egoera ekonomiko kaskarrak bultzatuta». 2009ko ekainean joan zen aurrenekoz, uztailean gero, eta abuztuan ere bai. Atxiloketen egunean goizean egon zen han, beste lan aukera bat zuela jakinarazten. Arratsaldean atxilotu zuten, Hernanin, alabaren tutorearekin ikastolan bilera izan eta etxera bueltan zela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.