Jokin Azpiazu. Joxemi Zumalabe Fundazioko kidea

«Eredu aldaketaren erdigunean egon behar du herri mugimenduak»

Beste aro bati ekin dio Joxemi Zumalabe Fundazioak. Orain ere herri mugimenduari sostengua ematea izango da haren helburua.

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
ainara arratibel gascon
2012ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
«Dituzten uste, kezka eta aldarrikapenak azaltzeko herritarrek duten gune naturala da herri mugimendua». Joxemi Zumalabe Fundazioko kide Jokin Azpiazuk (Eibar, Gipuzkoa, 1981) hala azaldu du herri mugimenduak duen garrantzia. «Egungo krisi garaian funtsezkoa da herri mugimendu indartsu bat izatea, botere guneak berreskuratzen joateko eta errealitate berriak sortzeko». Herri mugimenduei babesa emateko lanean ari da fundazioa, eta garai berri bati ekin dio. Horri lotuta, festa egin zuten atzo Zarauzko Putzuzulo gaztetxean (Gipuzkoa).

18/98 auzian errugabetu ostean, hausnarketa prozesu bat hasi zenuten. Nolakoa izan da?

2008an izan zen errugabetzea. Aurreko zortzi urteak oso gogorrak izan ziren, lan handia egin behar izan baitzen fundazioaren defentsa politikoan eta juridikoan. Urte haietan fundazioaren ekimenak apur bat alboratu egin ziren. Behin errugabetzea emanda eta ikusita herri mugimendua ez zegoela onenean, erabaki zen inflexio bat egin eta ibilbide edo proiektu berri bat hastea. 2010erako, proiektua irudikatua zegoen, eta, 2011ko udan, forma ematen hasi ginen.

Fundazioak hasieratik —1995ean jarri zen martxan— izan zuen helburua ri eusten diozue: herri mugimenduari sostengua ematea. Hamazazpi urte hauetan baldintzak nola aldatu diren kontuan hartuta, nola emango diezue babes hori?

Herri mugimenduak ez dira gauza konkretu batzuk lortzeko antolatzen diren zerbait. Harago joan behar dela iruditzen zaigu. Herri mugimenduen sorrerak berak helburu bat izan behar du. Izan ere, horrek erakusten du antolatzeko eta aurrera egiteko herritarrek duten indarra. Horri lotuta, prestakuntza eta transmisioa sustatu nahi ditugu mugimenduaren barnean. Azken batean, herri mugimenduko eragileek esperientziak eta baliabideak partekatu behar dituzte, eta ahalegin bat egin atzerriko esperientziak ezagutzeko. Beharrezkoa ikusten dugu herri mugimenduek diskurtso propioak egituratzea. Antolatzeko modua berriz aztertu behar dela ere iruditzen zaigu. Horretan guztian eragin nahi dugu. Garai batean ere hori izan zen gure lana, eta horretarako jarri genituen martxan hainbat proiektu: Arrosa irrati sarea, adibidez.

Herri mugimendu indartsu, malgu, aniztun eta antolatu bat behar dela nabarmendu duzue. Zergatik, eta zertarako?

Euskal Herria oso une berezia bizitzen ari da politikoki, sozialki eta ekonomikoki. Politikoki aro berri bat hasi da, eta krisiak agerian utzi du eredu baten gainbehera: modernitate kapitalistarena, hain zuzen. Egoera hori izanda, oso garrantzitsua da herri mugimendu indartsu bat izatea. Izan ere, herri mugimendua da dituzten uste, behar nahiz aldarrikapenak azaltzeko herritarrek duten gune naturala. Bi arrazoirengatik da garrantzitsua: herria botereguneak berreskuratzen joateko eta errealitate berriak sortzeko.

Uste duzu krisitik indartuta aterako dela herri mugimendua?

Urte hauetan hausnarketa fase batean egon dira herri mugimendua osatzen duten eragileak. Garai batean, herritarrak hurbiltzen ziren mugimendura. Orain, aldiz, alderantziz izan behar du. Mugimenduak jo behar du herritarrengana. Hori nola lortu aztertzen aritu dira. Behin hori eginda gai badira gizarteari ondo azaltzeko egungo krisia ez dela soilik ekonomikoa, indartuta aterako dira. Argi azaldu behar dute eredua dagoela krisian. Aldaketa sakon bat eman behar da sozialki, ekonomikoki, politikoki... Herri mugimenduak aldaketa horren erdigunean egon behar du. Pixkanaka horretan ari da, parte hartzeko beste modu batzuk sustatuz, kontsumo taldeak sortuz, kulturaren autogestioan eraginez eta abar.

Nola ikusten dituzue krisiari lotuta sortu diren M-15 gisako mugimenduak?

M-15en kasuan, nik uste leku bakoitzean mugimenduak bere garapena izan duela. Hemengoak ez du zerikusirik, adibidez, Valentziakoarekin. Euskal Herrian Kukutzaren husteari lotuta sortu ziren protestetan izan zuen isla mugimenduaren izaerak. Egia da hemen M-15 mugimenduaren inguruan zalantzak izan zirela. Iritzi desberdinak izan ziren. Baina mugimendu horretatik sortu diren hainbat dinamika interesgarriak dira: adibidez, jendea etxetik botatzea saihesteko antolatu direnak. Horiek gure egin behar ditugu. Izan ere, Euskal Herrian herri mugimenduak bide luzea egin duen arren, ezin gara geldirik egon. Hori litzateke txarrena. Kanpoko esperientzietatik ikasten jarraitu behar dugu.

Agintari politikoek askotan, ordea, ez dituzte begi onez ikusten herri mugimenduak.

Garbi dago ezetz. Kukutza hustu ondorengo protestetan gertatutakoa gogoratzea besterik ez dago. Erantzuna bortitza izan zen. Baina horretan jarraitu behar dugu. Herri mugimenduak sortzen doazen errealitate eta egoerei erantzun behar die, eta etorkizunerako urratsak egiten jarraitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.