CIC Nanoguneren ikerketa bat, 'Nature'-n

Argia «harrapatu» eta, besteak beste, informazio optikoa prozesatzeko erabil daitekeela frogatu dute

jon olano
Donostia
2012ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
CIC Nanogune eta DIPC Donostia International Physics Center ikerketa zentroek, Ikerbasque Fundazioak, EHU Euskal Herriko Unibertsitateak eta Donostiako Graphenea enpresak eginiko ikerketa lan bat argitaratuko duErresuma Batuko Nature zientzia aldizkariak hurrengo zenbakian. Zientzialariek baieztatu dutenez, grafenoak argia «harrapatzeko» gaitasuna du, eta harrapatutako argi hori oso baliagarria izan daiteke eskala nanometrikoan informazio optikoa prozesatzeko. Science-rekin batera, munduko zientzia aldizkaririk ospetsuena da Nature, eta artikulua wegbuneko edizioan jarria du jadanik.

Karbonoaren alotropia bat da grafenoa, eta argia material horren gainean proiektatu dute ikerlariek. Emaitza izan da grafenoaren gainean argia manipula daitekeela eta, beraz, alor ugaritako teknologiak garatzeko material egokia izan daitekeela. Nano-sentsoreak sortzeko material aproposa dela nabarmendu dute zenbait adituk, eta horiek medikuntzan eta beste hainbat esparrutan aplika daitezkeela: «Emaitzak ikerketa esparru oso bat ireki du».

Grafenoa aurkitu zenetik, fisikaren esparruan diharduten ikerlariek susmoa zuten material hori egokia izan zitekeela argia harrapatu eta erabiltzeko. Ez zegoen, ordea, hori baieztatzeko frogarik. Hipotesi hori egiaztatu du orain Nature astekarian argitaratutako ikerketa lanak. Orain gutxi arte ezin izan dute hipotesi hori frogatu, grafenoaren plasmon deritzona hamar eta ehun aldiz artean txikiagoa baita ohiko mikroskopioen bitartez ikus daitekeena baino. Lanean parte hartu duten zentroetako ikerlariek eremu gertukoa izeneko mikroskopio bat erabili dute behaketa egiteko.

Material «paregabea»

Lan hori osatzeko, Euskal Herriko ikerketa zentroak lankidetzan aritu dira beste herrialde batzuetakoekin. Esaterako, Herrialde Katalanetako ICFO Institute of Photonic Sciences zentroak, Frantziako Tourseko Unibertsitateak eta Espainiako Ikerketa Zientifikoetako Kontseilu Nagusiak ere parte hartu dute azterketan. Frogak egiteaz arduratu da Nanogune.

Aurkikuntzaren garrantzia nabarmendu du ICFOko buru Frank Koppendsek: «Grafenoa material paregabea eta berritzailea da plasmonentzat; nano-elektronikaren eta nano-optikaren arteko zubi bat da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.