Analisia

Irauteko irtenbidea

joxerra senar
2014ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Oso ezbai zaila zuten PSNk eta PSOEk aurrean. Barcina gobernutik kendu eta hauteskundeak aurreratzeko urratsik egin ezean, politikoki ezdeus bihurtzeko bidean egon daitezke. Estatuaren aldarean Nafarroa sakrifikatu duten bakoitzean, euren eragin ahalmena murriztuz joan da, eta beste behin hori eginez gero, 2015ean jada maniobrarik egin ezinik gera daitezke PSOE eta estatua bera. Sakrifizioaren sakrifizioa.

Rubalcabak hori bazekien. Hark ere ura leporaino zuen. Batetik, Nafarroa bost axola zaien PSOEko buruzagi askoren eta ingurune mediatikoaren presioak baldintzatuta, ez du nahi Elena Valencianoren ibilbidea kolokan jar dezakeen auzirik. PPk aukera baliatuko duela badaki, eta maiatzeko bozak bizirik irauteko erabakigarriak zaizkio. Bestetik, zentsura mozioaren alde egitea jokaldi arriskutsua da: Espainian boto galera ekar dezake, eta Nafarroan ere ez du emaitza onik ziurtatua.

Erdibidetik jotzea erabaki dute biek. Ferrazek, Oscar Lopezen bidez, ontzat jo du Bildurik gabeko elkarrizketak hastea, Madrilen operazioa saltzeko aukera emango dielako. Roberto Jimenezek eta zuzendaritzako kideek, berriz, euren burua salbatzeko formula topatu dute.

Inkognitaz beteta hasiko da astea, ordea. Ikusteko dago oposizioko gainerako alderdiek ontzat jotzen duten PSNren kontraesanak gainditzeko formula hori. Dena den, surrealista da egoera. Modu ez ofizialean PSN orain arte alderdi guztiekin bildu baita. Hauteskundeak aurreratzeko antzezpena irtenbide gisa onartzeaaurrekari txarra ere bada. Nork ziurtatzen du gaur 42.900 nafarren ordezkaritza (Bildu) elkarrizketatik at uzteko argudio politikoa bihar (maiatzaren 26an) ez dela indarrean egongo? PPri eta UPNri ez zaie oharkabean pasatuko, eta berdin-berdin egingo diete presio sozialistei. Bizirik iraute nahi horretan presioa gainerakoekin partekatu nahi izan du PSNk. Bazterrak nahastu besterik ez du egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.