Europako hauteskundeak. Kanpaina

Azken hitzak, nork bere boza bereizteko

Bilbon egin dituzte kanpaina amaierako ekitaldi nagusiak EAJk, EH Bilduk eta PPk, eta Gasteizen PSE-EEk

Bilboko La Casilla kiroldegian egin zuten kanpainako azken ekitaldia jeltzaleek. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Hodei Iruretagoiena.
2014ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Bukatu da. Kosta zitzaion martxa hartzea, eta, aurreikus zitekeen bezala, ez du pasio handirik piztu Europako Parlamenturako hauteskunde kanpainak. Bihar jokoan dagoenaz ohartarazi nahi izan dute alderdiek; batez ere, norberak jokoan duenaz. Diskurtso orokorretan, ez da nabaritu alde handirik. Europako Batasunaren eredua aldatu beharraz aritu dira gehienak, nork bere kolorea emanda. Sortuko Hasier Arraizek onartu zuen EH Bilduren atzoko ekitaldian: «Maiatzaren 25ean beste eredu bat topatuko duzue botopaperen artean. Ez dakit hitzetan oso desberdina ote den, baina ekintzetan bai, zeharo desberdina da». Horretarako erabili dituzte azken hitzak hautagaiek: jarraitzaileei indarra transmititu, indarra erakutsi eta bozen artean nork bere papera bereizteko.

Bilboko La Casilla kiroldegian egin zuen azken ekitaldia EAJk. Kanpainako aurpegi nagusiak atera zituen berriz: EBBko buru Andoni Ortuzar eta Iñigo Urkullu lehendakaria, eta Izaskun Bilbao eta Jean Telletxea hautagaiak. Goizean, Gasteizen izan zen Bilbao, Gorka Urtaran zinegotziarekin. PP eta PSOErenetik bereizi zuen Urtaranek EAJren botoa, esanez «traba» egiten diela bi alderdi horiei jeltzaleak Europan egoteak: «Izaskuni esker, Europan Euskadiz hitz egingo delako».

Bilbaok azken urteetan egindako lana goraipatu zuten Ortuzarrek eta Urkulluk La Casillara joandakoen aurrean. «Euskadi plurala, solidarioa, soziala» bultzatu nahi dutela aldarrikatu zuen Ortuzarrek, «arraza eta kultur anitzetako Euskadi». SOS Arrazakeriak Sestaoko alkatea salatu izanak ekarri du soka egunotan, eta auziak izan zuen oihartzuna EAJren ekitaldian ere. «Josu Bergara, herria zurekin», egin zuten oihu jarraitzaile jeltzale batzuek.

Kanpainan «Euskadi osoan» ibili direla nabarmendu zuen Urkulluk, Europan «Euskadi gehiago» eraikiko dutela azpimarratuz. «Inork ez du halakorik egingo gure ordez». Bilbaok, berriz, «sentimenduei» egin zien leku, eta alderdikide eta jarraitzaileei eskerrak emanez osatu zuen diskurtsoaren zati handiena. «Zorretan sentitzen naiz zuekin guztiokin».

Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan egin zituen ekitaldiak EH Bilduk. Nagusia, Bilbon, Arraizekin eta Josu Juaristi hautagaiarekin. Aurrez aurre jarri zituzten koalizio subiranistaren eredua eta gainerako alderdi nagusiena. «Justizia soziala eta burujabetza osoa da gurea», azaldu zuen Juaristik, eta EH Bilduren botoa «borroka botoa» dela esan. «Herrien eta ezkerreko indarren artean sareak» osatu nahi dituztela adierazi zuen: «Euskal Herri errebeldearen ahotsa eta bozgorailua izan nahi dugu Europan».

PSE-EE, «boto baliagarria»

Espetxetik, «babes pertsonal» esanguratsua heldu zitzaion Juaristiri: Arnaldo Otegirena. «Asko gara gure herrian aldaketa bultzatzen ari garenak», esan zuen ohar bidez: «Maiatzaren 25etik aurrera Europako Parlamentuan izango gara; oraingoz, diputatu gisa, baina, berandu baino lehen, estatu independente moduan».

Gasteizko Ciudad de Vitoria hotelean izan ziren PSE-EEkoak: besteak beste, Ramon Jauregi zerrendaburua eta Patxi Lopez PSEko idazkari nagusia. «Boto baliagarria» direla nabarmendu zuten. «PSOE da errotiko aldaketa egin dezakeen alderdi bakarra», nabarmendu zuen Lopezek.

PPk, berriz, goizean amaitu zuen kanpaina. «Nazionalismoen» eta sozialisten aurka eginda, bere papera besteenetik bereizi zuen Carlos Iturgaitz hautagaiak ere, bere moduan: «Denek egin dute kanpaina PPren aurka. Guk irabazi dugu kanpaina hau».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.