Ozon eta Sorin, Maskorraren bila

Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatuko dira Emily Tang, Ziad Doueiri eta Barbara Albert ere

Carlos Sorinen Días de pesca filmeko irudi bat. DONOSTIA ZINEMALDIA.
Juan Luis Zabala
Donostia
2012ko abuztuaren 3a
00:00
Entzun
François Ozon eta Carlos Sorin zuzendariak Donostia Zinemaldiko Urrezko Maskorra lortzeko lehian izango dira aurten ere, jaialdiaren 60. ekitaldian, antolatzaileek jakinarazi dutenez, Días de pesca eta Dans la maison filmekin, hurrenez hurren. Sail Ofizialean eta lehiaketaren barruan estreinatuko diren beste hiru filmen berri ere aurreratu zuten atzo: Emily Tang-en All Apologies, Ziad Doueiri-ren The Attack eta Barbara Albert-en Die Lebenden / The Dead And The Living. Sail Ofizialeko lehiaketan emango diren beste bost filmen izenburuak aurretik zeuden jakinaraziak: Nicholas Jareckiren Arbitrage —inaugurazio ekitaldian emango den filma—, Fernando Truebaren El artista y la modelo, Pablo Berger-en Blancanieves, Pablo Rebolloren El muerto y ser feliz eta Segio Castellittoren Venuto al mondo. Sail Ofizialeko zerrendan sartu diren bost film berrien inguruko informazioa ere zabaldu dute:

'All Apologies'

(Emily Tang, Txina)

Emily Tang (Perfect Life) zuzendari txinatarraren hirugarren filma da. Semea istripu batean galdu ondoren, Txeng-ek Zhen-i, gidari errudunaren emazteari, beste ume batekin konpentsatu dezan eskatzen dio. Auzitegiko epaiak, medikuko fakturak eta Txeng-en jarrera mehatxagarriarekin estututa, Zhen-ek erabaki ez oso etiko baten paradoxei aurre egin behar die.

'The Attack'

(Ziad Doueiri, Libano-Frantzia-Qatar-Belgika)

Zaid Doueiri (West Beirut, Lila dit ça) zuzendari libanoarraren hirugarren filma Yasmina Khadra idazlearen nazioarteko best-seller-aren egokitzapena da. Aipatutako liburua Frantzian argitaratu zen 2006an, eta berrogeitik gora hizkuntzatara itzuli dute. Jatorri palestinarreko kirurgialari israeldar baten emazteak atentatu suizida bat egin, eta hemeretzi lagun hil ditu. Poliziak gertatutakoaren berri jakiten duenean, dilema moral larria izango du kirurgialariak.

'Dans la maison'

(François Ozon, Frantzia)

François Ozon zinemagile frantziarra berriro etorriko da Donostiara (2000n, Sail Ofizialean lehiatu zen Sous le sable filmarekin, eta, 2009an, Le Refuge-rekin Epaimahaiaren Sari Berezia lortu zuen). Irakasle baten eta ikasle baten arteko harremanei buruzko filma da Dans la maison. Joko azkar horretan, errealitateak eta fikzioak bat egiten dute elkarrekin nahasteraino; ez dakigu gazteak zer asmo ilun dituen edota noraino iritsiko diren haren azpijanak.

'Días de pesca'

(Carlos Sorin, Argentina)

Carlos Sorin argentinarrak laugarren aldiz parte hartuko du Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean. Aurretik, Historias mínimas filmarekin (Epaimahaiaren Sari Berezia, 2002an, 50. ekitaldian), Bombón, el perro lanarekin (Fipresci saria, 2004an) eta El camino de San Diego pelikularekin (Epaimahaiaren Sari Berezia, 2006an, 54. edizioan) parte hartu zuen. Film berriaren protagonista Marco da, 50 urteko alkoholiko ohia. Desintoxikatzeko, zaletasun bat bilatzea iradokiko diote: arrantza aukeratuko du, eta, horretarako, Patagoniako herri txiki batera joango da. Han bizi da, hain zuzen, haren alaba, aspaldi ikusi ez duena.

'Die Lebenden / The Dead And The Living'

(Barbara Albert, Austria-Polonia-Alemania)

Barbara Albert (Nordland, Fallen) Austriako egungo zinema zuzendaririk entzutetsuenetako bat da. Donostiara ekarriko duen filmean, II. Mundu Gerrara egindako iraganerako bidaia bat kontatu du, baita egungo Europako gizartearen amildegirako bidaia ere, Sita 25 urteko gaztearen bizi esperientziaren bitartez. Berlindik Vienara eta Varsoviatik Errumaniara doan ibilbidean, norberaren nortasuna galtzeari eta ezagutzeko beharrari buruz hausnartuko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.