Irudiari eta antzerkiari lekua zabaltzen

Durangoko Azokak hiru gune berri izango ditu aurten, eta Jon Irazabalek zuzendari izateari utziko dio

Durango
2011ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Nobedadez jantzita dator Durangoko 46. Euskal Liburu eta Disko Azoka. Nerea Mujika Gerediagako presidenteak azaldu du hausnarketa sakonak egin dituztela: «Elkarte txikia gara; urte asko daramatzagu lanean, eta ondo hausnartu ondoren azokari norabide berria ematea erabaki dugu». Horretarako, hiru gune sortu dituzte: Irudienea, Szenatokia eta Kabi@. «Ez da soilik liburu eta disko azoka izango; kultur adierazpen berriei utziko diegu lekua». Apustu berri honetan ere euskarazko sorkuntza azokako protagonista izango dela nabarmendu du; baina «azoka zabalagoa izango da, ikus-entzunezkoei, antzerkigintzari eta teknologia berriei lekua eginez», azaldu du.

Zuzendaritzan ere aldaketak egongo dira; gehienak datorren urtetik aurrera antzemango dira. Aurten, lankide berria dute, Aiert Goenaga zuzendari laguntzailea. Jon Irazabalek, berriz, aurtengoa izango du azken urtea zuzendari lanetan. «30 urtetik gora daramatzat azokaren inguruan lanean, eta trauma gabeko erreleboa izango da», azaldu du Irazabalek. «Azoka asko aldatu da, Andra Mari elizpean izaten genituen 80 mahaietatik 300 erakusmahai inguruko azoka bihurtuz», gaineratu du, eta aldaketa sakonak egiteko unea heldu dela adierazi. «Etorkizunean, kudeaketa ekonomikoa batek eramango du; teknikoa beste batek, eta kultur arloa beste batek. Eta hor gainean zuzendari orokor bat egongo da».

Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azoka abenduaren 4tik 8ra zabalduko dute, 10:30etik 20:00etara. 46. aldia izango da, eta 200 ekitalditik gora izango dira, aurkezpen emanaldi, tailer, hitzaldi eta bestelako ekitaldien artean.

Durangoko Argizaiola

Iñaki Beobidek jasoko du aurtengo Argizaiola, abenduaren 4an, iluntzeko 20:30ean, San Agustin kultur gunean. Herri Gogoa diskoetxearen sortzaileetako bat izan zen duela 44 urte, eta Euskal Kantagintza Berriaren hainbat disko grabatu zituen Donostiako estudioan. Jarrai antzerki taldean atzerriko antzerkigileen obrak euskaratu eta taularatu zituen, eta Ikuska liburu saila sortu zuen. ETBren sorreran ere parte hartu zuen.

Kultura gonbidatua

Galegoa izango da aurten gonbidatua. Culturgal elkartearekin elkarlanean egingo dira ekitaldiak. Azokaren hasiera eta amaiera ekitaldiek lotura izango dute kultur gonbidatuarekin. Anton Reixa abeslariak Galizia denok gara hitzaldia emango du igande eguerdian. Astelehenean, Plateruena kafe antzokian, Acrobatak taldearekin batera Mikel Urdangarinek herri musiken aberastasuna erakutsiko du. Asteartean, Galiziatik etorritako Concha Blanco, Perre Tobaruela eta Ledicia Costas idazleekin batera, Pako Aristik, Castillo Suarezek eta Felipe Juaristik ipuin kontaketa saioa egingo dute. Astearte eta asteazkenean, Mr Misto artistak munduan umeentzat den eta roulotte baten barruan dagoen zinema areto bakarra dakar. Ostegunean, Dario Xohan idazle galegoa eta Pako Aristi euskalduna idazteaz eta hizkuntza bietan literaturak duen egoeraz solastuko dira. Euskal Herrian bizi den Xose Estevez idazle galiziarra izango dute zirikatzaile. Hizkuntza gutxituak etaantzerkigintza mahai ingurua, Euskaraz eta Galegoz olerki emanaldia, Galeuscaren hitzaldia, Galiziako ikus-entzunezkoak eta multimedia joko bat ere izango dira.

Gune berriak

Azokak hiru txoko berri izango ditu aurten: Irudienea, Szenatokia eta Kabi@. Abenduaren 6, 7 eta 8an horretarako espreski prestatutako autobus baten barruan izango da Irudienea. Euskarazko ikus-entzunezko proiektuak ezagutzeko aukera emango du Euskara Elkarteen Topagunearekin elkarlanean. Szenatokia, San Agustin kultur gunean kokatua, azokak iraun bitartean, euskarazko antzerkigintzarako hausnarketa leku, nobedadeen erakusleiho eta aurkezpenetarako gune bilakatuko da.

Abenduaren 5 eta 6an sarean eta euskarri teknologiko berrietan euskaraz garatzen diren ekitaldi, proiektu eta produktuen eskaparatea izango da Kabi@. Aurten, bereziki euskarazko wikipediaren 10. urteurrena ospatzeko edizio maratoia egingo da auzolanean. Gune berriari hasiera emateko, astelehenean, Ander Lipus aktoreak ipuin kontaketa interaktiboa eta inprobisatua egingo du sare sozialak erabilita. Kontakizunaren joan-etorriak bisitariak berak erabakiko ditu.

Ahotsenea

Euskarazko literatura eta musika sortzaileei eskainitako guneak lau urte bete ditu. Egunero hemeretzi aurkezpen izango dira. 95 lan ezagutzeko aukera. 300 euskal sortzailetik gora izango dira. Landako eraikinaren albo batean egongo da gunea, eta bertatik igaroko dira, besteak beste, Berri Txarrak, Su Ta Gar, Rafa Rueda, Ruper Ordorika, Lain, Hesian eta Basaki.

Haur Literatura Aretoa

Aurten 22 urte beteko ditu gune honek, eta seme-alabek eta gurasoek elkarrekin parte hartzeko tailerrak egingo dira lehenengoz. Bata, bideo jokoei buruzkoa, Arteleku-Tabakaleraren eskutik; eta bestea, ilustrazioari buruzkoa, Galtzagorriren eskutik.

Aurtengo argitalpenak

Krisiaren eragina igarri dutela nabarmendu dute azokako arduradunek. Erakundeetako diru laguntza %4 jaitsi da. Nobedadeak ere gutxiago dira aurten: 434 izenburu argitaratu dira; iaz 505. Gehiengoa liburuek osatzen dute. 313 berri daude azokan, 63 disko, 23 aldizkari, 9 bideo, 15 liburu elektroniko eta 11 bestelako argitalpen. Erakusmahai kopuruan, murrizketa izan da, 9 gutxiago izango baitira. Guztira 274, eta horietatik 13 teknologikoak. 138 argitaletxe izango dira, 14berri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.