Biztanleria (eta VI). Elkarrizketa. Imanol Esnaola. Gaindegiako koordinatzailea

«Euskal hiztunak biltzen dituzten lurraldeak dira aldaketetan galtzaileak»

Eremu batzuetan hartutako joerarekin kezkatuta, egoerari nazio gisara aurre egin behar zaiola uste du Esnaolak. Halere, ohartarazi du Euskal Herria «desegituratzeko» proiektuak martxan daudela.

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Garikoitz Goikoetxea.
Andoain
2013ko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Euskal Herria osotasunean aztertzen du zeregina Gaindegia elkarteak. Imanol Esnaola koordinatzaileak (Lezo, Gipuzkoa, 1971) ohartarazi du «kezkatzeko ibilera» daramatela inguru batzuek.

Biztanleria hirukoiztu egin da azken mende eta erdian, baina herrialde batzuetan jaitsi egin da, hala ere. Basamortutzeaz hitz egin daiteke?

Lurralde batzuk gainbehera demografiko larrian daude. Ukaezina da. XIX. mendearekin alderatuz, egungo bolumenak handiagoak dira, baina gaurko parametroetatik begiratu behar diogu gure demografiari. Lurralde eremu batek demografikoki iraun dezan, zer parametro behar ditu mendebaldeko gizarteetan? Lana, eskola, osasun zerbitzuak, garraio publikoa… Horren arabera ebaluatu behar dugu gure errealitate geografikoa. Zenbat herri daude baldintza horiei eutsi ezinik? Hortik begiratuta, Euskal Herrian bada hainbat inguru —gero eta eremu zabalagoa— osasuntsu irauteko zailtasun gero eta handiagoekin.

Zein lirateke inguru horiek?

Nafarroa Garaia batez ere, baina Nafarroa Beherea eta Zuberoa aldeak ere larri dira. Nafarroa Garaian mendialdearen zati handi bat, Estellerria ezker-eskuin, eta hegoaldera, Ebroko arrora arte. Arabako hego-ekialdea ere bai. Bizkaian, Enkarterria. Oro har, Euskal Herriko periferia geografikoa. Hori ez litzateke hain deigarria, aldi berean ez balira izan kontrako fenomenoak, ez balira egon hazkunde demografiko azkarreko lekuak: Iruñerria, Lapurdi kostaldea, Donostialdea, Bilbo. Oro har, kostalde osoa eta hiriburuak.

Badaude hainbat eremu ibilera kezkagarria dutenak ahultzean. Agian, beste ikuspegi batetik, esan daiteke kezkatzeko ibilera dutela kontzentrazio maila altuko eremuek ere. Kontzentrazioak gaitasunen metatzea dakar, baina baita baliabideen kontzentrazioa ere. Txikiek galtzen dutena metatzen da hiriburuetan: biztanleak, zerbitzu publikoak... Iruñerrian azken hogei urteetan metatu den jarduera ekonomikoa eta higiezinen arlokoa beste era batera egin izan balitz, era orekatzailean, ziurrenik indartsuago leudeke Tafallaldea, Zangozaldea, Malerreka, Sakana... Kontrako eredua hartu da: Iruñerria lehenetsi da, eta orain arte sasoitsu izandako inguruak ahultzen hasi dira. Biztanleriaren galera oraindik ez da arazo gisa hartu, baina bai gainbehera ekonomikoa. Eta jarduera ekonomikoaren gainbehera datorrenean biztanleriarena etortzen da.

Metatzea erabaki politikoa izan da?

Euskal Herria, herri ukatua den aldetik, desprogramazio egitasmo baten menpe dago. Euskal Herria desegituratzea dute helburu. Horren barruan sartzen da euskal identitate handieneko elementuak gutxiestea; tartean, lurraldetasuna, maila kulturalean eta funtzionalean. Euskal hiztunak biltzen dituzten lurraldeak dira hegemonia geografikoen aldaketan galtzaile handienak. Euskal Herriaren geografia ekonomiko eta kulturala garatzen ari da gure herri izaera aintzat hartu gabe. Handia da transformazioa, eta ez dugu zehaztu hor nola iraun. Desprogramazioak politika dibergenteak eragiten ditu, eta horrek atomizazioa dakar: lurraldeak elkarrengandik urruntzea, kohesioa eta koherentzia galtzea…. Proiektu eta ikuspegi konbergenteak behar dira, elkarrekintza handiagoa, elkar hartuta eraginkorragoak garelako eta horrek onura dakarrelako. Ez dugu nahiko lan egin nazio ikuspegiz sortu eta irudikatutako lurralde antolamenduaren eta behar genukeen geografia ekonomiko eta demografikoaren inguruan, ez dugu gure lurraldetasuna bere konplexutasunean eta estrategikotasunean ulertzen.

Gazteek ez dute etorkizunik ikusten landa eremuan, eta alde egiten dute.

Lurralde bat ez da husten bertakoek maite ez dutelako. Pirinioa ez da hustu hango gazteek gorroto dutelako. Lana ez dago Iruñerrian han soilik lan egin daitekeelako. Gazteak ihesi badoaz beren jaioterrian irauteko bermeak eman ez zaizkielako da. Euskal Herria modu osoan ulertuko bagenu, guretzat estrategikoa litzateke lurralde komunitateak, eremu osoan, osasuntsu gordetzea. Indar abertzaleek gobernatu duten lurraldeetan, akatsak akats, biztanleriari eutsi diote, eta jendea erakarri. Indar zentralistek agindu dutenetan, hango populazioaren desplazamendua eta komunitate naturalak ahultzea eragin dute.

Hiritartzea erabatekoa da munduan.

Euskal Herriak hautu garrantzitsu bat egin behar du: zein da bere lurralde estrategia, bere herritartasunari eusteko? Nazioartean kostako tokiak eta jarduera ekonomiko azkarrekoak handitzen ari dira, eta handitzen jarraituko dute. Guk ere hori egin beharko dugu. Non dago, ordea, gure muga? Landa eremutik hiriguneetarako exodoak gurean ere segitzen du, beste hainbat lurraldetan bezala. Gure lurraldea, ordea, hedaduraz txikia da, baina ongi kokatua. Industria, merkataritza eta elikagai bikainak sortzeko behar den guztia dugu. Lurraldea elementu ekonomiko eta kultural gisa lehen mailako osagaia da. Lurraldetasuna zainduz, herri izaten segitzeko oinarria jartzen ari gara.

Beraz, zein da Euskal Herriaren herritartasuna zaintzeko estrategia eraginkorra? Bide bat da baliabideak eta gaitasunak eremu jakinetan metatzea, aldaketei egitura indartsuagoekin erantzuteko. Beste aukera: diseinu polinuklear bat, lurraldean hedatua, era inteligentean orekatuko dituena lurralde maila ezberdinak. Dikotomia aspalditik dugu, baina inoiz ez dugu jo nazio gisa zirt edo zart egitera. Kanpoko prozesuak eta tokian tokiko premiak gailendu zaizkigu.

Azken batean, transformazio historikoa dugu lurraldean eta biztanlerian. Jendea inoiz ez bezala mugitu da leku batzuetatik besteetara. Lurralde batzuen eragina handitu egin da, eta hainbatek galdu dute inoiz izan duten lekua. Pentsatu beharko genuke nagusitzen ari diren lurralde horiek zer-nola bizi nahi duten beste lurraldeekiko, eta zer aitortu behar zaien, baliabide mailan, egun baztertuak diren euskal lurraldeei.

Immigrazioaz hitz egin da azken hamarkadan. Lapurdi kostan indartzen ari da Frantziako immigrazioa.

Lapurdiko kostaldea zerbitzu eremua da, eta hori ezarri duenak xedeetako bat du bizimodu erosoa eskaintzea han bizi ahal direnei. Esaten ez dena da bertako herritarrek ere behar dutela aukera han bizitzeko. Esaten da etor daitekeela eroso bizi nahi duen oro; galdera da lekurik baden bertakoentzat, maila ekonomiko jakin batera iritsi gabe. Frantziak Ipar Euskal Herrian duen lurralde politika kolonizatzailea da, argi eta garbi. Gainera, ez du egiten aitortza instituzionalik, ez du uzten arazoak konpontzen hango lehentasunen arabera, eta ukatu egiten ditu egiturazko esparru asko: lurralde antolaketa eta ekonomiarena, maila guztietako heziketa... Alde horretatik, Ipar Euskal Herriak, tresna propiorik gabe, nekez erantzun diezaioke aurrean duenari.

Eta zer errealitate du aurrean?

Egiturazko arloak kudeatu ezina: jarduera ekonomikoak, heziketa, mugikortasuna, Hegoaldearekiko bizikidetza… Zerbitzu lurralde eroso bat izatera behartu dutenez, bere jardun ekonomikoa oso emana dago etxeak salerosteko negozioari. Horrek dakar etxea ordain dezakeenarentzat soilik izatea bizilekua, eta nekazaritzari edo industriari lotutako jarduerak, enplegua sortzen dutenak, mugatu behar izatea egoiliar berrien atsedenari kalte ez egiteko.

Gainera, Ipar Euskal Herriko lan merkatua oso prekarioa da: iaz eskainitako 10.000 lanpostuen erdiak sasoikoak ziren, merkataritza ganberaren arabera. Nor bizi daiteke udan lau hilabete lan eginez? Laguntza sozialak lanarekin uztartzen dituena soilik. Euskal herritarrek hautu hori ere egin behar izaten dute, ogibide bati lotu, nahiz eta Euskal Herritik kanpo izan. Euskal gazteak atzerrian hezten dira, han aurkitzen dute lana, eta han antolatzen dute bizitza. Milaka gazte prestu galtzen ari gara eskema horrekin, eta belaunaldien arteko ordezkapen endogenoa eragozten. Kolonizazio hutsa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.