Hatortxurock bihar egingo da, eta hamabi taldek joko dute guztira

Kaotiko, Non Servium, Flitter, Skakeitan Ze Esatek eta Obrint Pas ariko dira, besteak beste, Atarrabian

Jurgi Ekiza eta Xan Bidegain, Willis Drummondekoak. Hatortxurocken joko dute bihar. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Igor Susaeta.
2013ko abenduaren 27a
00:00
Entzun
«Zoritxarrez», heldu da Hatortxurock bere 16. aldira. Horixe diote antolatzaileek. Izan ere, euskal presoen eskubideak aldarrikatzea da musika jaialdi horren helburua. «Zoritxarrez diogu, festibalaren xede bakarra desagertzea baita. Hori gertatuko balitz, horrek esan nahiko luke bertan behera geratu dela sakabanaketa politika», adierazi dute ohar batean. Baina ez da bertan behera geratu oraindik, eta egingo da jaialdiaren 16. aldia ere, bihar, Atarrabia eta Burlata arteko Entrecementerios gunean altxatutako karpan (Nafarroa).

Hamabi taldek joko dute guztira, karpako bi agertokitan. Ateak 16:00etan irekiko dituzte, eta segituan, 16:30ean, Glaukoma izango da oholtzetako batera igoko den lehen taldea. Batez ere dancehall eta raggamuffin doinuekin osatu dute Vol. 2 diskoa, eta lan horren abestiak aurkeztuko dituzte.

Willis Drummondekoek 200 kontzertu baino gehiago eman dituzte azken bost urteotan, eta zale ugari erakartzen dituzte haien zuzeneko bero, bizi eta grinatsuetara. A ala B (2012) da Heletakoen (Lapurdi) azken lana. 17:25ean hasiko da haien emanaldia, eta ondoren, 18:30ean, Soziedad Alkoholikakoen txanda izango da. 25 bete dituzte jada gasteiztarrek.

Oraindik ez dira kopuru horretara heldu El Trono de Judasekoak, baina, hamazazpi urteren ondoren, jotzeari utziko diote iruindarrek. Haiek ikusteko azkeneko aukera izango da, hortaz, Hatortxukoa (19:45). Non Serviumekoek hartuko diete lekukoa oholtzan (21:00). Euskal Herrian sortutako oi talde askorentzako erreferente bat dira madrildarrak. Bestelako ahaireak hedatuko dituzte Ze Esatek taldekoek (22:20).Trikizio eta Txortains taldeetako kide ohiena festarako proposamena da. Estilo industrialagoa dute Governorsekoek. Arrasatearrek Morphinapolis haien ibilbideko bosgarren diskoa argitaratu zuten azaroan (23:30).

Obrint Pas Valentziako fusio taldearen txanda izango da behin gauerdia pasata (00:40). Hogei urteko ibilia egin ondoren, behin-behinean desegitea erabaki dute. Flitter Lizarrakoak (Nafarroa), berriz, zuzenekoak ematen hasi dira atzera, ia zortzi urteko etenaren ondoren. Rabioso disko berriko kantuak jotzen ari dira horietan (01:55). Kaotikokoak arituko dira haien ondotik, 03:00etan, eta 04:10ean La Raizekoak. Gandiakoek (Herrialde Katalanak) Obrint Pasen iturri beretik edaten dute musika sortzean. Eta Skakeitan Donostiako taldeak itxiko du gaua, 05:15ean hasita. Betagarri, Banda Bassoti eta Skalariak dira, besteak beste, donostiarren erreferentziazko taldeak.

Sarrerak, merkatuta

Krisi ekonomikoak eraginda, hainbat aldaketa egin dituzte antolakuntzakoek. Hasteko, egun bakarreko jaialdia izango da, bikoa izan beharrean. Eta, bestetik, sarreren prezioa merkatu dute. Aldez aurretik, 15 euroren truke eskura daitezke, eta bihar bertan, berriz, 18 euroan salduko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.