Erabakitze eskubidea gauzatzeko estrategia?

EAJko, Sortuko, EAko, Aralarreko, Alternatibako, Ezker Anitzako eta Ezker Batuko ordezkariek parte hartu dute Donostiako Gure Esku Dago plataformak erabakitze eskubideari buruz antolatutako mahai inguruan.

Mahai inguruan parte hartu zuten alderdietako kideak, atzo, Gure Esku Dagoren Donostiako egoitzan. JON URBE / ARP.
enekoitz esnaola
Donostia
2014ko martxoaren 19a
00:00
Entzun
Donostiako Gure Esku Dagok antolatutako mahai inguruko kide guztiak daude erabakitzeko eskubidearen alde, haren bidez lor daitezkeen helburu orokorrak ere aipatu dituzte, baina «nola gauzatu erabakitzeko eskubidea?», galdetu du Markel Olano EAJko ordezkariak. Haren arabera, Espainiako Estatuak ez du onartzen Euskal Herria nazioa dela. Beraz, zer? Ildo beretik, Joseba Alvarez Sortuko kideak adierazi du estatuak «sekula» ez duela onartuko euskal herritarren erabakitzeko eskubidea.

Biek nabarmendu dute gizartearen garrantzia. «Niri Kataluniakoak inbidia ematen dit», esan du Olanok. «Herri presioa behar dugu. Protagonismoa herriari eman behar zaio», dio Alvarezek, eta aitortu du Sortuk ondo hartuko lukeela «herria alderdien gainetik» pasatzea.

Olanok, halaber, esparru abertzaleko bi indar nagusien arteko adostasuna ezinbesteko ikusten du, baina onartu du gaur egun ez dela erraza hori. «ETAk borroka armatua uzteak aldaketa handia ekarri du herri honetara. Orain borroka politikoa dago. 2004an eta 2008an erabakitzeko eskubidearen alde [Juan Jose] Ibarretxe lehendakariaren bidez ahalegin bat egin zen. Madrilek atzera bota zuen. Porrot egin zuen ahaleginak. Beste saio bat behar dugu. Ezinbestekoa da denok ados jartzea, estrategia nazional bat behar da, adostu zein den tresna, zein helburua. Orain, ordea, EAJ eta ezker abertzalearen artean lehia bat dago, lidergoa zeinek hartuko. Ondorioz, estrategia nazional bat izatea zaila da». Horregatik azpimarratu du gizartearen funtzioa. «Estrategia nazionala izateko gizarteak indar egin behar du. Katalunian lortu dute».

Estrategia horren mamia, Sortuko ordezkariaren ustez, erabakitzeko eskubidearen aldeko borroka da. «Euskal Herrian oraindik ez gaude fase independentista batean. Hau erabakitze eskubidearen aldeko fasea da, indar metaketa egin behar da, gero bakoitzak bere proiektuaren aldeko hautua egiteko. Badakigu estatuek ez dutela onartuko erabakitze eskubidea, baina alderdi politikook pauso ausartagoak eman behar ditugu». Hark ere orduan aipatu du «herri presioaren beharra».

Erabakitze eskubidea demokraziarekin lotu dute mahai inguruko beste kideek ere: Lohizune Txarola (EA), Ainhoa Beola (Aralar), Ayem Oskoz (Alternatiba), Sabin Zubiri (Ezker Anitza) eta Txema Mercadok (Ezker Batua).

Demokrazia

«Erabakitze eskubideaz ari garela, argi hitz egin behar da, eta estatus politiko-juridiko bat izateko aukeraz ari gara hitz egiten. Besteak beste, eskubidea baliatuta Euskal Herriak estatu bat izateko aukeraz. Beraz, Ezker Anitza erabakitze eskubidearen alde dago, argi eta garbi, demokrazia baita», esan du Ezker Anitzakoak. «Erabakitze eskubidea unibertsala da, herri denentzakoa. Ondorioz, beti defenditu behar dugu», Ezker Batukoak. «Erabakitze eskubidea irizpide demokratikoan oinarritzen da», EAkoak. «Estatuak nola aldatzen dira, batzeko edo zatitzeko? Bi aukera daude: gerren edo autodeterminazioaren bidez. Azkenaren bidez bortxakeria saihestu egiten da. Beraz, printzipio demokratikoa da», Sortukoak.

Alternatibako Oskozek adierazi du euskal herritarrek galdeketetan iritzia eman izan dutela, NATOren kasuan bezala, «baina iritzi hura ez zuten kontuan hartu». Hark uste du «burujabetza berreskuratu» beharra dagoela, «eta tresna onena estatua da».

Estatua izan ez arren, bitartean Euskal Herri gisa jokatzeko dei egin du Beolak, eta Udalbiltza aldarrikatu du. «Zergatik ez dugu Udalbiltza bezalako tresna instituzional bat behar bezainbeste bultzatzen?».

Zubirik aipatu du erabaki eskubideaz hitz egitean ez dela soilik burujabetzaz edo politikaz hitz egin behar. Horrekin bat egin du Aralarrekoak. “Erabaki eskubidea independentzia lortzeko baliatu behar da, burujabeak izateko. Baina baita beste jendarte eredu bat eraikitzeko ere. Egunero erabaki behar ditugu gauzak, artean independentzia izan gabe ere. Zergatik ez dugu, adibidez, euskal finantza sistema bat eraikitzen?—. Ezker Anitzakoak arrazoi eman dio: “Sozioekonomiaz ere aritu behar gara, gaur egun ditugun eskumenen kudeaketaz ere arduratuz: Kutxabank-ez...—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.