EAEko Euskararen Legeak 30 urte (III). Ezagutzaren eta erabileraren bilakaera

Sabaia jotzen hasita

Hogeita hamar urtean elebidunen kopurua asko handitu bada ere, euskararen erabilera ez da hein berean hazi, eta azken urteotan sabaia jotzen ari delako sentsazioa handitzen ari da.

inaki petxarroman
2012ko abenduaren 5a
00:00
Entzun
Asko handitu da euskaraz dakiten herritarren kopurua 30 urte hauetan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Nafarroarekin eta Ipar Euskal Herriarekin alderatuta agerikoa da legeak erkidego osoan bermatzen duen ofizialtasunak ondorio positiboak izan dituela. Izan ere, elebidunen kopurua dezente handitu da. Nafarroan ere handitu da, baina askoz ere gutxiago —11.000 hiztun gehiago (puntu eta erdi) 1986 eta 2001 artean, erroldaren arabe-ra—. Ipar Euskal Herrian, berriz, hiztun galera etengabea nozitu du euskarak azken hamarkadetan. Eta, oraingoz, joera berean jarraitzen du.

EAEko Euskararen Legea onartu zenetik hona euskarak izan duen ezagutzaren eta erabileraren bilakaera aztertzeko bi euskarri nagusi daude: erroldak eta inkesta soziolinguistikoak. Lehen errolda, 1981ekoa. Orduan, lehen aldiz hartu zuten aintzat hizkuntz gaitasunaren atala. Hain zuzen ere, 1981eko erroldaren arabera 431.220 euskaldun zeuden hiru probintzietan, herritarren %22. Inkesta horretan gabeziak eta kontraesanak ikusi izan dituzte adituek, eta gomendatu dute 1986ko errolda hartzea abiapuntu moduan. 1986an, 518.700 euskaldun inguru zeuden hiru probintzietan, herritarren %24,7. Eustaten Biztanleria eta Etxebitzitzen Estatistikan ageri dira datu horiek. Azken erroldak —2006koa da— 775.000 euskaldun zenbatu zituen. Alegia, hogei urte horietan 250.000 euskaldun gehiago zeuden Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Alegia, elebidunen kopurua hamahiru puntu hazi zen, %24,68tik %37,39ra. Ia euskaldunen kopurua ere handitu zen, baina gutxiago: %17,42 ziren 1986ko erroldan, eta %22,14 2006koan. Berez, bost urtetik behin berritzen du Eustatek errolda, eta 2011ko datuak argitaratzear izango da, baina oraingoz ez du halakorik egin. Beraz, datu zehatzik ez badago ere, ondoriozta daiteke 300.000 bat hiztun irabazi dituela euskarak 30 urte hauetan.

Araba, hazkundearen eredu

Eskolak eta euskaltegiek egindako lan itzelaren ondorioa da, hein handi batean, 30 urtean izandako euskaldunen kopuruaren hazkundea. Eta herrialde bat nabarmendu behar izatekotan, Araba nabarmendu beharko litzateke. Izan ere, Araban ia hogei puntu hazi da euskaldunen kopurua 2006ra bitartean. %6,7 ziren herritar elebidunak 1986an, eta %25 ziren 2006an. Alegia, 50.000 euskaldun inguru gehiago zeuden erreferentzia gisa hartutako bi urte horien artean.

Bizkaian ere handia izan da hazkundea: %17,5 ziren elebidunak 1986an, eta %31 2006an; alegia, ia 150.000 pertsona gehiago. Gipuzkoa da hazkundea gutxien nabaritu duen herrialdea, abiapuntuan ere aurreratuena zegoelako, segur aski: %43tik %52ra igaro da euskaldunen kopurua herrialde horretan; 50.000 euskaldun gehiago dira. Eustaten erroldan 2 urtetik gorako herritarrak kontuan hartzen dituzte, inkesta soziolinguistikoetan ez bezala; azken horietan 16 urtetik gorakoekin egiten dituzte estatistikak.

Aurreko hariari helduta, beraz, euskaldun berrien bidez lortu ditu euskaldunen komunitateak irabazirik handienak azken hamarkadetan. Esate baterako, 2011ko V. inkesta soziolinguistikoaren arabera, 2011n 1991n baino 160.000 euskaldun berri gehiago zeuden Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Gainera, etxeko transmisioak ez du hutsik egiten egun, duela 30 urte gertatzen zenaren kontra. 1980ko hamarkadaren hasieran, ia %10 ziren seme-alabei euskara irakasten ez zieten guraso euskaldunak (Euskararen borroka Euskal Herrian, Siadeco-Euskaltzaindia). Gainera,irakasten zietenen artean ere %10eko galera gertatzen zen ondoren, kanpoko arrazoi ezberdinen ondorioz. Gaur egun, %3ra ere ez dira iristen seme-alabei euskara irakasten ez dieten guraso euskaldunak. Eta, gainera, kanpoko faktoreek eragindako galera ere guztiz bazterrekoa da.

Erabilera, motelago

30 urte hauetan euskarak salto nabarmena egin du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, ezagutzari dagokionez. Baina erabilera ez da hein berean hazi. Euskararen kaleko erabilerari dagokionez, 4,5 puntu inguru bakarrik hazi da azken hamarkada hauetan. Elkarrizketen %11,5 ziren euskaraz 1989an —lehen neurketa egin zutenean—, eta %16,1 2011n —azke neurketan—. Gainera, 2006ko neurketatik 2011kora jaitsiera txiki bat gertatu da, baina joera baten erakusgarri den edo ez jakiteko ondorengo inkestetan errepikatzen ote den ikusi beharko da. V. Inkesta Soziolinguistikoak hauxe dio ondorioen artean: «Gizarte osoko erabilera kontuan hartu ordez elebidunen erabilerari erreparatzen badiogu, elebidunen kopurua gehitu den arren, euskararen erabilera gaur egun 1991n baino txikiagoa da».

V. Inkesta Soziolinguistikoaren datuei erreparatuz gero, euskara erdara beste edo gehiago erabiltzen dutenak %20 ziren 2011n Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 1991n baino lau puntu eta erdi gehiago (%15,5). Gainera, eremuka begiratuz gero, erabilera handitu da eremu guztietan etxean izan ezik. Izan ere, etxean %17,3 ziren 1991n nagusiki euskaraz egiten zutenak, eta %17,1 bakarrik dira gaur egun.

Bihar: Hezkuntzaeta helduen euskalduntzeaeta alfabetatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.