Herri harresiaren indarra

Ehunka lagun bildu dira Aske Gunean zortzi gazte zigortuak babesteko, eta birritan egin dute atzera ertzainek, giza harresia ikusitaGaua «alarma guztiak piztuta, baina indarrez beteta» pasatzekotan gelditu dira

Gazte zigortuak eta haiek babestera joandakoak, atzo goizaldean (04:30), Ertzaintzaren furgonetak Aske Gunera hurbildu zirenean. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Hodei Iruretagoiena Oihana Elduaien
Donostia
2013ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Indarra erakutsi du herri harresiak. Ertzaintza atxiloketak egitera Aske Gunera zihoala askotan zabaldu zen atzoko egunean zehar, eta behar zen bakoitzean antolatu zuten herri harresia bertan zeuden ehunka herritarrek. Eguerdia izan zen tentsioaren une intentsoena: «Antiguatik hona bidean dira furgonetak», mikrofonotik esan zuten. Prest jarri ziren gazteak eta gazteak izan ez arren han bildu ziren guztiak. Tentsioan, baina «erresistentzia pasiboa» aurrera eramateko prest. Azkenean ez zen poliziarik agertu, eta lasaitasunerako deia egin zuten. Goizaldean ere bi aldiz osatu zuten harresia, ertzainen usainean, eta nekatuta zegoen jendea. Tentsiozko egunaren ostean, halaxe aitortu zuten zigortuek arratsaldeko elkarretaratze jendetsuaren ostean. «Nekatuta gaude, baina indartsu». Eskerrak eman zizkieten jendeari behin eta berriz, eta beraiekin lo egitera gelditzeko eskatu : «Badakigu Donostiatik, inguruko herrietatik eta gainontzeko herrialdeetatik etorri zaretela, eta hori, guretzat laostia da! Eskatzen dizuegu, faborez, ahal duzuenak gurekin lo egiten geratzea. Aurreko egunetan bezain marrazki polita erakutsiko diegu!». Eramango dituztela badakite, baina indartsu daude, eta indartsu herri harresia osatzeko Aske Gunean bildu direnak.

Izan ere, atxilotze aginduaren berri izan zutenetik, etenik gabea izan da, «herri harresiaren» eta Ertzaintzaren arteko lehia. Argi esan zuten atzo gazteek: «Haien estrategia hori da, nahastu eta nekatu egin nahi gaituzte». Baina minutuz minutuko tentsioa kudeatuz, aurrera egin du Aske Guneak. Asteazken arratsaldean piztu ziren alarmak, Ertzaintza Donostiako Bulebarrera hurbildu zenean, baina handik egindako deiari erantzunez, ehunka lagun prest ziren Donostiako zortzi gazteak babesteko. Karpa prestatu, espetxera zigortutako gazteak erdian jarri, eta metroz metro antolatu zuten lotarako tokia: buruak erdiranzko norabidean, eta oinak kanporanzkoan. Ertzaintza ere ez zegoen geldi, ordea. Bi furgoneta eta bi auto bidali zituzten Bulebarrera 00:00ak pasatxoan, Aske Guneko lagunik gehienak loak hartzekotan zirela. Zaintza txandak egiten ari zirenen abisua jasota, gogor astindu zuten Bulebarreko kioskoan jarritako sirena. Berehala, elkarri besotik helduta zeuden guztiak. Minutu batzuk pasata, «Ez dituzue eramango» eta «Euskal gazteria aurrera» oihuen artean egin zuen alde Ertzaintzak. Urduritasunak gainditu, eta lo zakuetan sartu ziren denak. Ez zieten utzi lasaitzeko tarte handirik.

Irudiak etxetik ikusita, loak ezin hartu ibili beharrean, azken orduan Aske Gunera joatea erabaki zutenak asko izan ziren. Hala kontatu zuen, esaterako, Gari Berasaluze zarauztarrak: «Ametsenean, Euskal Jain, Itoitzen, Artozkin, Kukutzan eta besten hainbat lekutan ikusi eta sentitutakoa etorri zait gogora». Goizeko 4:30ean, berriz etorri ziren ertzainak. Denbora gehiagoz geratu ziren orduan, baina aurreko bera izan zen erantzuna.

Atzo eguerdian etorri zen hurrengo alarma. Bilbotik Ertzaintzaren 40 furgoneta inguru zetozela zabaldu zen sare sozialen bidez, 12:00ak inguruan. Zarauzko ordainlekuan kontrola jarri zuen Guardia Zibilak. 14:00ak aldera, Ertzaintzaren furgonetak Donostiako Antigua auzoan ikusi zituztela zabaldu zen. Atxiloketak «berehala» gertatuko zutela ere iragarri zuten, gainera, zenbait komunikabidek. Arratsaldean ere izan zen abisu bat edo beste. Aske Gunetik, mugimendu guztien berri eman zuten une oro; bai bertan bildutakoei, baita kanpotik jarraitzen ari zitzaizkienei ere.

Konpromiso Eguna zuten antolatua atzorako Ernai antolakundeak eta Ikasle Abertzaleek. Momentua tentsioz betea izan arren, ikasle ugari inguratu zen ikastetxeetatik 12:30ak alderako, polizien mugimenduen berri zabaltzen ari zen bitartean. Ez zuten horregatik atzera egin. Deskontrol taldeak jarri zion doinua Bulebarrean bildutako ehunka lagunek osatutako irudiari, Amorerik eman gabe, kantuarekin. «Zortzi gazteak eraman nahi badituzte, gure gainetik pasa beharko dute», esan zuten segidan Konpromiso Egunaren bozeramaileek.

Euskal Herri guztitik

Euskal Herriko hainbat lekutatik hurbildu ziren herritarrak. Lekeitioko hiru lagun, esaterako, atxilotze aginduaren berri izan bezain pronto abiatu ziren Gasteiztik Aske Gunera —han dabiltza ikasle—. «Onartezina da epai politiko hau», azaldu zuten, oraindik beste asko etortzeko daudela gogora ekarriz.

Espainiak eskatutako euroagindua tarteko ezkutatua eta preso izan zen Aurore Martin ere hurbildu zen Donostiara, Bake Bideako kide Anaiz Funosasekin batera. Ipar Euskal Herrian eragileen artean daramaten dina mika azaldu zuten, baita Martinen kasua ere. «Aurore ez zuten eraman naturalki herri harresi bat eratu zelako Baionako kaleetan. Baita frantses sentitzen zirenekin ere», ekarri zuen gogora Funosasek. Hautetsien laguntzaz ezkutatu zenean «konfrontaziozko» fasean zebiltzala kontatu zuen Martinek, eta ondoren, «elkartasun fasera» itzuli zela. «Gakoa herria da, ez besterik. Herri harresia lortzen badugu, atxiloketak saihestea baino gehiago lortuko dugu», adierazi zuen, zortzi gazteei «besarkada beroa» bidaliz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.