Arrauna. San Miguel liga

Etorri, ikusi eta kontatu

San Miguel ligaren 11. ekitaldia gaur hasiko da, Bartzelonan (12:00), ezohiko lekuan, eta, ohi bezala, lehiaketa zirraragarria espero daHemeretzi estropada jokatuko dira, eta, uste guztien arabera, borroka estua izango da

Kaikuren trainerua, iaz, Kontxako banderako sailkatze estropadan, itsaso zakarrari aurre eginez, ziabogako lanari ekin berritan. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Aitor Manterola Garate.
Bartzelona
2013ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Bartzelonako kaleetan hamabi traineru. Hara atzoko irudia Kataluniako hiriburuan. Ezohiko argazkia ezbairik gabe. Jendea harriduraz begira. Etorri, ikusi eta kontatu, duela urte batzuetako lelo turistiko haren pare. Asmoaren ondorioak onak izango diren edo ez, geroak esango du. Baina kanpotik begiratuta, ikuskizuna eta festa ez ote diren benetako protagonisten gainetik geratuko... Hau da, arraunlarien goitik. Etorri, ikusi eta kontatu.

Kontuak kontu, ligako zuzendaritzak proposatu eta kluben gehiengoak hala onartuta, Bar- tzelonak ikusiko du San Miguel ligaren 11. ekitaldiaren hasiera. Egutegiko lehen estropada izango da, eta ondoren, beste hemezortzi etorriko dira. Bat gora, bat behera, ez da aldaketa handirik kopuruan aurreko urteetakoekin alderatuz gero. Ezta aurreikuspenetan ere, lehiaketaren bat hasten den bakoitzean hain ohikoak diren iragarpen horietan. Izan ere, aurreko edizioetan bezala, «parekotasuna» hitza entzuten da gehien gerta daitekeenaren inguruan. Goitik, erditik eta behetik. Izenak ematen hasita, gorako borrokan sartu beharrekoak dira: Kaiku (azken bi urteetako garailea), Hondarribia, Urdaibai eta Orio. Koska bat beheraxeago, baina gora egiteko gertu, San Pedro eta Tiran. Erdiko multzoa osatuz, San Juan, Portugalete eta Astillero. Eta mailari eusteko lehian, Castreña, Pedreña eta Zumaia ibiliko dira; zalantza gutxi da horren baitan. Etorri, ikusi eta kontatu zer gertatuko den borroka horietan guztietan, ikustekoa izango da eta.

Urteak azkar joaten dira, eta urrun samar geratu da 2003 hura. Arraun mundua irauli zuen urtea izan zen: Traineruen Kluben Ligaren sorrera. Egungo liga hau, hain zuzen. Aurrerapauso ausarta izan zen, eta beharrezkoa, estropada egutegiari zentzua emateko, besteak beste. Antolakuntzan ere asko hobetu da, baita kudeaketan ere, hutsak izan arren oraindik. Aurreko hamar edizioetan, bost klub izan dira liga irabazteko gai. Urdaibai da garaipen gehien pilatu duena, lau bider bereganatu baitu erregulartasunaren saria. Astillerok eta Kaikuk bina pilatu dituzte. Hondarribiak eta Castro zenak (egun Castreña da) bana. Aurtengo garailea multzo honetan egon daiteke, Orio baztertu gabe.

Irabazleak fin aritu beharko du ia estropada guztietan. Hutsak garesti ordaintzen baitira liga honetan. Gertatu izan da aurreko urteetan, eta aurten ere gertatuko da ziurrenik, estropada txarren bat egiten duen faboritoak puntu pila galtzea... eta baita ligan garaile izateko aukerak galtzea ere. Itsasoan eta ibaian, txanda lerrokatuetan eta erlojuaren aurka, itsaso onean eta txarrean, leku eta baldintza guztietan ondo moldatu beharko du garaileak. Etorri, ikusi eta kontatu. Ikusgarria izango da denboraldi honetako lehia.

Arraunlari gazte gehiago

Arraunlariek lortuko dituzte garaipenak. Arraunlariek egingo dute negar, helburuak ez lortzeagatik. Aurreko urteetan arraunean ibilitako asko ariko dira traineruen tostetan aurten ere. Beteranoak asko dira taldeetan. Baina arraunlari berriak ere besteetan baino gehiago dira, berriak eta gazteak. Lehen fitxaketen eta beteranoen alde egiten zuten hainbat klubek harrobira jo behar izan dute taldea osatzeko, eta horregatik izango da arraunlari gazte asko.

Atentzioa ematen duen bestea hau da: traineru berriak izango dira gehienak. Juan Luis Amilibia ontzigile beteranoak duela hiru bat urte sortu zuen platanitobereziak lekua egin du klubetan, eta Castro, Astillero eta Pedreña bakarrik daude gabe, azken horrek eskatua duen arren Herrialde Katalanetako ontziola batean.

Materiala funtsezkoa da kirol honetan, eta liga aurrera doan bezala, tresnak eta baliabideak ere modernizatzen doaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.