Donostiako 60. Zinemaldia

Zinema eta beste lurrinak

Richard Gere eta Susan Sarandon izar handiak protagonistatzat dituen 'Arbitrage' filmak irekiko du gaur ZinemaldiaHamalau film lehiatuko dira Urrezko Maskorraren bila irailaren 29ra bitartean

gorka erostarbe leunda
Donostia
2012ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Ohiko errituala bihurtu den legez. Aurrena Bilboko Guggenheim museora bisita eginda heldu zen Donostiara Susan Sarandon. Atzo, arratsaldean, 16:00 aldera iritsi zen Donostiako Maria Cristina Hotelera aktore estatubatuarra, eta badirudi orduan hasi zela Zinemaldiko lurrina zabaltzen. Edo lurrinak. Edo kiratsak. Nork eta nola begiratzen duen. Gauean, 22:00aldera iritsi zen Richard Gere, Arbitrage filmean lankide duena. Nicholas Jarecki hasiberriaren filmak zabalduko du gaur Donostiako Zinemaldiko Sail Ofiziala. Aurtengo jaialdiak izango duen izaeraren eta usainaren metafora gisa har liteke. Zinema izar entzutetsuen distiraren eta lurrinaren, glamour deitzen dioten horren, eta usain benetakoenaren —besterik gabe zinema deitzen duten hori— artean oreka dantza egin nahi du Donostiako Zinemaldiak bere 60. urteurrenean. Izar distiratsu eta miretsien —meritu zinematografiakoak direna direlarik ere— kastakoa da Gere, zinemazaleez haraindiko oihartzuna duena eta 2007an Donostia Saria jaso zuena; izar izateari utzi gabe, zinema bilgune puruagoetan ere aintzatespena duen figura da Sarandon. Hark 1995ean jaso zuen Zenemaldiak eskaini ohi duen aitortza saria.

Agerikoa da Jose Luis Rebordinosek gidatzen duen taldeak indar eta esfortzu berezia egin duela aurtengoan izen handi deitzen zaien horien peskisan. Aurtengo Donostia sariei erreparatzea baino ez dago. Egoera ekonomikoak bultzaturiko murrizketen garaian, eta beste zenbait urtetan Donostia saridun pare bat edo bakar bat ekartzeko ere arazoak izan badituzte ere, apustua handira egin, eta bost saridun ekarri dituzte. Guztiak estatubatuarrak, guztiak gizonezkoak eta guztiak zinemaren munduan arrastoa utzi dutenak edo uzten ari direnak, eta guztiak film bat aurkeztera datozenak gainera.

Oliver Stone zuzendariak eta John Travolta aktoreak Savages filma aurkeztuko dute Zabaltegi Perlak sailean. 60. Urteurrenaren Donostia Sari Berezia jasoko du zinemagileak—aurrez lau aldiz egona dago Zinemaldian, besteak beste, Platoon (1986) eta Nixon-en (1995) egilea—. Heldu den ostegunean, hilaren 27an, Ewan McGregorrek jasoko du saria. Inoizko Donostia saridun gazteenetakoak Juan Antonio Bayonaren The Impossible filma aurkeztuko du sail ofizialean, baina leihatik kanpo. Naomi Watts, Geraldine Chaplin eta Marta Eturak ere parte hartu dute film horretan. Ostiralean, hilaren 28an, Tommy Lee Jones aktore beteranoak jasoko du saria. Hope Springs da egin duen azken filma, Meryl Streepekin batera. Zabaltegi Perlak sailean aurkeztuko du lana. Eta azken egunean, hilaren 29an, Dustin Hoffmanek zuzendari gisa egindako estreinako lana, Quartet, aurkeztuko du 60. Urteurreneko Donostia Sari Berezia jasotzeaz bat. Izen sonatuen lurrin hori bereziki atzemangarria izango da etzi. Oliver Stonez eta John Travoltaz gain, Catherine Deneuve eta Isabelle Huppert aktore frantses beterano eta izenekoak ere Donostian izango baitira egun horretan. Valeria Sarmientok zuzendutako As Linhas de Torres telebistako seriearen munduko aurkezpenera etorriko dira, aktore taldeko kide moduan.

Lehiara datozenak

Izenak behar ditu Zinemaldiak, eta haiek dakarten lurrina. Behar ditu filmak ere, jakina. Makina bat egongo dira aurtengo Zinemaldian. Sail Ofizialean lehiatuko dira azken urteetan autore zinema deitu izan dena egiteagatik —debate baterako emango luke autore zinema zer den eta zer ez aztertzeak— nabarmendu diren hainbat egileren lanak. Urrezko Maskorra lortzearren lehiatuko dira. Lauren Cantet frantziarrak Foxfire aurkeztuko du, Joyce Carol Oatsen nobela batean oinarrituriko lana, ingelesez filmatua, Entre les murs laudatuaren ostean egin duen aurrena. Haren herrikide François Ozonek Dans la maison aurkeztuko du, eta frantziartua dagoen Konstantinos Costas-Gravas greziarrak gizarte gaien inguruko konpromisoa berretsiko du Le Capital filmarekin. Istorio txikien osaturiko zinema handiaren erakusle da Carlos Sorin argentinarra. Izaera hori berretsi nahiko du Días de pesca-rekin. Zenbait urtez irregular antzean agertu ondoren, Lasse Hallstroem suediarrak —The Cider House Rules edo Chocolat-en egilea sorkuntza onenaren pultsua berreskuratu nahiko du The Hypnotist-ekin, eta Bahman Ghobadi iraniarra hiru Urrezko Maskor lortzen dituen aurreneko zuzendaria bilaka liteke Rhinos Season filmarekin. Ziad Doueiri libanoarraren The Attack-ek inpaktua eragin dazakeela esaten ari dira han-hemenka. Horiei guztiei Pablo Berger bilbotarraren Blancanieves harrigarri bat, Sergio Catellito italiarraren Venuto al mondo, Javier Rebollo espainiarraren El Muerto y ser feliz, Fernando Truebaren El artista y la modelo, Barbara Albert austriarraren Die Lebenden, eta Emily Tang txinatarraren All Apologies batu behar zaizkie lehiarako.

Zabaltegi sailak bere markatzat dauka zinema onenaren lurrina. Michael Hanekeren Amour —gaur bertan ikusi ahal izango da Cannesko Urrezko Palma eskuratu zuen filma, Ramon Agirreren parte harztearekin—, Ken Loachen The Angel's Share, Olivier Assayasen Aprés Mai, Bernardo Bertolucciren Io e te eta Berlinaleko Urrezko Hartza eskuratu zuen Taviani anaien Cesare deve morire narabermenzten dira Perlak sailean.

Zinemira sailean izango dira Euskal Herrian ekoitzitako film gehienak, baina Zabaltegi Berezietan sartu dituzte Iñaki Elizaldek zuzendutako Baztan, Patxo Telleria eta Aitor Mazoren Bypass, Oskar Alegriaren Emak Bakia Baita eta Fermin Muguruzak zuzendutako Zuloak. Zinez ekoiztetxeak presoen inguruan egindako Barrura begiratzeko leihoak Zinemaldirako ez hautatu izanak eztabaidarako lurrina zabaldu du zinemarenean ez ezik bestelako guneetan ere.

Lurrinak lurrin. Usain goxodunak ala kirasdunak izan, benetakoak ala artifiziozkoak, gaur hasiko da batekoz eta bestekoz beteriko Donostia Zinemaldia. Gauez, 21:00etan egingo da aurkezpen gala Kursaalean. 60 urteko ibilbidea kontuan hartuko dutela baino ez dute aurreratu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.