Protestak herrialde arabiarretan. Testigantza

Tahrir plazatik

Kristina Berasain Tristan.
2011ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Kairo hiri handia da, kaotikoa bezain xarmangarria, eta kutsadura handikoa. Milaka auto dabiltza kalean; bakar batek ibili beharko lukeen errepidean, hiru, eta denak norabide berean eta klaxonari joka. Zebra biderik ez dago, eta abentura bat da errepidea albo batetik bestera zeharkatzea. Pilaketak etengabeak dira. Minutu bat azkarrago eta hamar minutu ez aurrera ez atzera. Egun batean eta bestean. Auto denek dituzte kolpeen arrastoak. Espaloietan ibiltzea ere ia ezinezkoa da. Denak daude zulatuta. Eta, tarteka, zaldiak, astoak eta gameluak. Mezkitetatik uneoro egiten dituzte errezorako deiak, baita dendariek laranjak eta platanoak saltzeko ere. Ikusmina aparta da. Etengabea.

Tahrir plaza bera zoragarria da. Nilo ibaia zeharkatu behar da bertaratzeko. Kasr al Nil zubiaren sarreran dauden bi lehoiak dira lehen erreferentzia. Zubia bera blokeatuta egon da egunotan. Behin plazan, eraikin bitxiak daude bata bestearen parean. Mugamma grisa albo batean, eta parean, Kairoko Museoa. Eraikin arrosa da, eta diktadorearen alderdiaren egoitza zena dauka aldamenean. Mubaraken Alderdi Nazional Demokratikoaren etxea zena beltza da orain. Suak kiskali du, eta denak gerturatzen dira argazkia ateratzera.

Horixe da beste ikuskizun bat, bertakoak turistak bihurtu dira, eta argazkilariek argazkiak nola ateratzen dituzten ikusteko egiten dute klik kameran. Erromerian gerturatzen dira familiak garaipenaren sinbolo bilakatu den plazan irudiak ateratzera, une historiko honen lekuko izan direla historian irudikatuta uzteko. Haurrak tankeetara igotzen dira, eta neskato gazteak soldaduekin aritzen dira sakelakoaren zenbakia trukatzen.

Makilak eta harriak eskutan hiru astez erresistentzian aritu diren gazteek, baina, ez dute ikuskizun hau gustuko. Lehenago gerturatu ez izana leporatzen diete voyeurrei. Eta feria amaitzeko eskatzen dute martiriekiko errespetuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.