Bateragune

Pedro Ibarra, Jose Manuel Castells, Xabier Ezeizabarrena, Jon Gurutz Olaskoaga
2012ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Auzitegi Gorenak Otegi auziaren inguruan emandako sententziak, berriro ere, gogorarazten du Espainiako goi auzitegien—Auzitegi Konstituzionala eta Auzitegi Goreneko hainbat sala— egiteko nagusietako bat dela hainbat erabaki politiko hartzea: besteak beste, autonomia erkidegoetan autogobernu prozesuak eta jardunak eragozteko; hainbat askatasun baliatzea eragozteko, baldin eta horiek —zeharka bada ere— auzitan jartzen badituzte ordena eta autoritate printzipioak; ezkerreko talde politikoak ezartzea eta garatzea eragozteko, batik bat horiek nazionalista ez-espainolak baldin badira. Ezbairik gabe, Otegiren eta haren kideen auziari buruzko sententzia injustizia erakustaldi jakinekoa eta erabatekoa da, gaitasun juridikorik ezaren erakuskerian oinarritutakoa. Baina are agerikoagoa da, berriro ere, Auzitegi horren asmoa izatea existitzen ez den indarkeria bat argudiatu, eta euskal talde politiko nazionalista bateko buruzagi bati politikan aritzea eragoztea edo zailtzea, hura «gorri separatistatzat» jota. Eta kito. Halako erabaki politikoak bat datoz, hain zuzen, eskuin autoritario eta antisozialaren proiektu estrategikoarekin, eta ideologia eta kultura politikoarekin, alegia, periferiako proiektu politiko nazionalisten kontra dagoen eskuinarekin; labur esanda, Espainiako eskuin nazionalistarekin. Ez dugu kontuan hartuko goi auzitegi horiek zenbaterainoko mendekotasuna duten botere betearazlearekin. Nork bere buruari egokitutako edo izatez adostutako egitekoaren bitartez, haien politika berbera egiten dute. Elkarrekiko osagarriak dira. Beste botere iturri bat dira, euskal aniztasunaren kontrako estrategia horren barruan. Botere iturri ahaltsua —ezinago ahaltsua—, eta, gainera, hura pairatzen duten herritarrek aukeratu gabekoa.

Eusko Jaurlaritzak oraindik orain esana duenez, euskal gizartearen gehiengoak ez du ulertu Otegiren auziari buruzko sententzia. Ez euskal gizarteak eta ez gizakirik gehienek ezin ulertu dute pertsona bati kartzela zigorra ezartzea, erakunde biolento batekoa izateaz akusatuta, baldin eta epaikizun hartu duten haren jarduera izan bada, hain zuzen, indarkeriatik aldendutako prozesu politiko bat abian jartzea. Ez da ulertzekoa, bide batez esanda, Barne ministroak esatea ere ez duela ETArekin hitz egingo, harik eta hura desegin arte. Gustatuko litzaiguke, bai, Fernandez jaunak azaltzea nolatan hitz egin litekeen norbaitekin, baldin eta gas egoeran badago edo exisititzen ez bada. Antza denez, plano ezinago mistikoan baino ez dira zilegi halako elkarrizketak. Agian, horixe izan liteke Barne Ministerioaren proposamena, kontuan hartuta hango ministroaren uste sakonki erlijiozaleak.

Baina, tira, gurera. Ez da bakarrik gizarteak ez duela ulertzen. Horrez gainera, su eta gar dago. Eta ondotxo daki halako erabakia ez dela izan halabeharrezkoa, baizik eta Espainiako eskuinik zaharminduenaren aldarteak eta nazionalisten kontrako uste sendoetatik erakarritakoa. Euskal gizartearen gehiengoak nahiago luke desagertuko balira auzitegi horiek, edo, behintzat, gu bakean lagako bagintuzte. Zeharo bestelakoak baitira bizikidetza politikorako gure uste, balio eta egitasmoak, eta auzitegi horiek ezarri nahi dizkigutenak.

Honako hau arrazoizko proposamen bat da. Eusko Jaurlaritzak adierazpen instituzional bat egin beharko luke, eta esan ez dituela zilegizkotzat jotzen auzitegi horiek. Eusko Jaurlaritzak jakin badaki auzitegi horien erabakiek, ia-ia beti, euskal autonomiako banakoen eta taldeen eskubideak urratzen dituztela, bere autogobernua garatzea eragozten diola —edo orain arte lorturikoa murrizten—, eta aukera politiko jakin batzuen jardun baketsua eragozten eta zigortzen duela. Bizikidetza sozial, ekonomiko eta politikoari buruz hartzen dituzten erabakiak, berriz, balio eta usteen sistema jakin bati dagozkio, euskal gizartearen gehiengoak beretzat dauzkanen eta nahi dituenen kontrakoak.

Beraz, arrazoizkoa da adieraztea auzitegi horiekiko zer alde dugun benetan. Eta ahatz daitezela gure herrialdeaz. Utz diezaiotela ebazpen judizialak emateari, ez baitira zorrotzak eta ez baitute ematen berme juridikorik. Desiragarria izango litzateke benetako bermea emango ligukeen legedi bat edukitzea, guztion oinarrizko eskubideak ziurtatuko lituzkeena.

Egiaz, halako deskonexio politiko partzial bati buruzko adierazpenak —nahiz eta oso esanguratsua izan— balio sinbolikoa baino ez du, goi auzitegi horiek aurrerantzean ere erabakiak hartuko baitituzte eta horiek betearazi egingo baitizkiete bateko eta besteko gobernuei, baita euskal gobernuari ere.

Raxoiren gobernuak egindako hainbat gizarte murrizketa baztertu berri ditu Eusko Jaurlaritzak. Hein batean, guk proposatutakoa baino bazterketa muturrekoagoa eta eraginkorragoa da. Lehenengo kasuan, praktikan, Eusko Jaurlaritzak zilegi du PPren murrizketak ez ezartzea; hala, gainera, zilegitasuna ukatzen dio Gobernu Zentralari, zeinak bai baitu nolabaiteko ordezkaritza bat Euskal Herrian, nahiz eta ez izan batere suharra, eta hauteskunde prozesu batetik sortutakoa baita.

Botere Judiziala aintzakotzat ez hartzeari dagokionez, Eusko Jaurlaritzak ezin izango du kartzelatik atera Otegi, eta, gainera, baztertu egiten ditu hainbat instituzio jurisdizkional (barkatu, politiko/judizial) Euskal Herriko haren herrikideek aukeratu gabekoak.

Azkenaldian, antza denez, Gobernu Zentralari aurpegi eman nahian dabil Eusko Jaurlaritza; ez dabil, antza, oso esaneko. Bada, ezin hobeto legoke aurrerantzean ere halako jarrerari eutsiko balio, eta botere judizial propioa eskatuko balio Euskal Herriarentzat. Guztiz beharrezkoa izango litzateke hori; batik bat, oinarrizko eskubideak babesteari dagokionez.

Batzuen batzuek —beti edozeri susmo txarra hartuta— esango dute aintzakotzat ez hartze hori dela kate bateko lehen urratsa. Aintzakotzat ez hartzetik desobedientzia zibilerakoa, eta, hortik, erabateko deskonexiorakoa; aintzakotzat ez hartzeak, ezinbestean, independentziara eramango luke. Ez diogu ezetzik. Baina, nolanahi ere, hori beste historia bat da.

(Erredakzioan itzulia)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.