Egunetik egunera herria eraikitzen

Jesus Mari Agirrezabala
2012ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
«Gure Herriak iragan hurbilean bizi izan ditu guda-garaiak, inposizioak, oraindik berreskuratu gabe ditugun eskubideak indarrez kentzeak, eta, horren ondorioz, XXI. mendearen atarian, Euskal Herria, nazio izaera ukatzen dieten bi Estatuetan zatiturik aurkitzen da, oso errealitate politiko, kultural eta garapen ekonomiko eta geografiko ezberdinekin. Baina Euskal Herriak historian zehar bere bidea egiten jarraitzeko borondateari eutsi egiten dio, egoera berri baten aurrean gaude Euskal Herriaren eraikuntza nazional eta demokratikoari ekiteko garai itxaropentsuan. Eta lehenagoko aldietan bezalatsu, zeregin eta lan horrek udal-erakundeen eta udal-hautetsien ekarpena eskatzen du».

1999ko irailaren 18an Bilboko Euskalduna Jauregian Udalbiltza eratzeko antolatutako ekitaldian irakurri zen dokumentutik atera dugu paragrafo hori. Gaur, hamahiru urte igaro ondoren eta dagoeneko XXI. mendean lehen urratsak egin ditugula, hitz horiek guztiek indarrean jarraitzen dutela esan dezakegu, hasieratik bukaeraraino: Euskal Herriak bi Estaturen artean banatuta segitzen du, gure lurraldea eta gure erakundeak desegituratuta daude, baina gure bidea jorratzeko borondateari tinko eusten diogu aldi berean. Orduan bezala, gaur egun ere etapa berri baten atarian gaude, eta,oraingo honetan, gainera, behin betikoa izango delako bermearekin; esan gabe doa udal-ordezkariok erantzukizun handia izango dugula garai berri honetan, nazioa eraikitzeko esparruan.

Nazio-erakunde bat sortzeko aukerak eragin zuen ilusioa emankor suertatu zen azkenean, eta une hori iritsi zen, hain justu, egungo egoera politikoa gainditu nahian eta autodeterminazioaren alde dihardugun abertzale eta subiranistak elkarlanean buru-belarri murgilduta geundenean.

Udalbiltzaren sorrera nahikoa sinbolikoa izan zen, hori egia da. Zazpi herrialdeetako herritarren ordezkariak indar egiten ari ginen batera Euskal Herriko nazioaren alde; gainera, 1999. urtean, abertzaleon ilusioa gorenean zegoen, izan ere, mende luzeetako historian lehen aldiz, nazio-erakunde bat sortua genuelako. Gauzak horrela, ezinbestekoa zen emozio-uholde horri merezi zuen erantzuna ematea.

Baina Udabiltzak ahalmen handia dauka erabateko subiranotasunaren aldeko bidea jorratzen jarraitzeko, eta ahalmen hori benetakoa da, eta ez, inolaz ere, sinbolikoa. Orain 13 urte geneuzkan planek Euskal Herriko benetako premiei eman nahi zieten erantzuna, eta, ildo horretan, besteak beste, bitarteko eta finantzaketa egokiak bilatu behar izan genituen euskara ofiziala ez den tokietan gure hizkuntzak bizirik jarrai dezan laguntzeko, edota gure herriaren benetako argazki bat atera behar izan genuen, gure herriko erakundeak zatituta egonik beste ezein erakundek eskaintzen ez dituen datuak eta estatistikak bateratuz.

Gainera, guk eskarmentu handia dugu udaletako jardun politikoan, eta, horregatik, ondo asko dakigu, alkateok eta zinegotziok, herritarrengandik gertuen egonik euskal gizartearekin egunero eta zuzenean harremanetan egoten direnez, zeresan handia dutela nazio-eraikuntzaren alorrean, egunetik egunera herria eraikitzen ari diren heinean.

Ez naiz hemen hasiko guztiok Udalbiltzarako genituen planak oztopatu zituzten arrazoiak baloratzen. Horren inguruan asko eta asko idatzi da, eta, horregatik, ez dut uste ezer berririk erantsi niezaiokeenik azken urte hauei buruzko azterketari. Indarkeria eta errepresioa nagusi izan dira garai horretan, eta adostasunik ere ez dugu lortu elkarrengandik gertuago egon behar genukeenon artean; zorionez, etapa latz hori atzean uzten ari gara orain, ezinbestean.

Hortaz, balorazioak egin ordez, zera azpimarratu nahi nuke, bere garaian Udalbiltza bultzatu genuenok orain ere prest gaudela hasierako bideari berriz ere ekiteko, eta, horrenbestez, talde, alderdi eta kargu publiko guztiak berriz ere prest gaudela, denok bat eginik, Euskal Herriko eskubide nazionalen errekonozimenduaren eta Euskal Herriko politika eta lurraldea egituratzearen alde lan egiteko.

Guztiok, baita Udalbide ere, aurten jendaurrean Aberri Egunaren deklarazioan adierazi zuenez, bat gatoz honetan: orain hamahiru urte Udalbiltza eraikitzeko erabili ziren oinarriak baliagarriak zaizkigu orain ere egungo etapa politikoan. Eta horrek esan nahi du alderdikeriarik gabe eta hauteskunde-etekinik bilatu gabe jardun behar dugula, gure arteko desberdintasunen gainetik guztion helburua lortzeko.

Denok kontziente gara Udalbiltzaren sendotasuna batasunaren eta aniztasunaren oinarrien gainean eraiki izanean dagoela, eta kontuan hartu beharko genuke, erakundeak 13 urtean bi adarretan banandua jardun badu ere, bi adar horiek bat egiten dutela, elkarren osagarri direla. Azken batean onartu beharrean gaude behar-beharrezkoa dugula nazio-erakunde bakar baten baitan jardutea, gaur egun indarrean ez dauden arrazoiengatik bere garaian banandu ziren bi bideak uztartuz.

Udalbiltza sortzera eraman gintuzten baldintza objektiboak ez dira aldatu ordea: Euskal Herriak kateatuta jarraitzen du, indarreko antolamendu politiko eta instituzionalak gure herria desegituratzen duelako, eta, gainera, euskal gizartearen gehiengoaren eskaerei uko egiten dielako. Udalbiltza egoera horri buelta emateko sortu zen, eta balio handiko tresna bat da, halaber, gaur egungo une politikoan.

Udalbiltza nazio-erakunde bihurtu nahi izan dugu hasieratik, bateratua eta jatorrizko helburuak lortzeko erakunde baliagarria alegia, eta dagoeneko lehen urratsak egin ditugu norabide horretan. Ekainaren 30ean berriz ere beteko da 1999ko irailaren 18an Euskaldunan egon ginen guztion ametsa, eta guztiok ere garaiz gabiltza ekimen berri horretan parte hartzeko. Indarrak biltzeko momentua heldu da. Ezin dugu aukera bertan bera utzi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.