Kontzientzia presoak, preso politikoak

Andres Krakenberger eta Sabino Ormazabal
2013ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Behin eta berriz eztabaidatzen da ea zenbait pertsonaren espetxeratzeak izaera politikoa ote duen edo ez. Hemen, gure inguruan bertan, argudiatu da demokrazian ez dagoela lekurik preso politiko kontzepturako, ez eta motibazio politikoko indarkeriaren biktima kontzepturako ere. Horiek bezalako eztabaida kontzeptual eta suharrak garrantzitsuak badira ere, giza eskubideak urratzen ez diren —edo, behintzat, gutxiagotan urratzen diren— demokraziarantz aurrera egitea oztopatzen digute. Halaber, suhartasunak sentimenduak adierazten ditu, eta sentimenduak ez datoz beti bat arrazionaltasunarekin. Hortaz, gure ustez, aurrera egingo bada, eztabaidan osagai arrazionala sartu beharra dago.

Demokrazian preso politikoak eta indarkeria politikoaren biktimak egon al daitezke? Bai, noski. Ez dago gobernu sistema perfekturik, eta demokrazia bera ere ez da. Horretaz ziharduen Winston Churchillek esan zuenean demokrazia ez dela sistemarik onena; bai, ordea, gutxienik okerrena. Beraz, zenbat eta demokrazia hein handiagoan hobetu, orduan eta akats gutxiago izango ditu eta, horrenbestez, motibazio politikoko indarkeriaren biktima gutxiago, eta preso politiko gutxiago. Ustez hain izen ona duen demokrazia britainiarrak, kasu, motibazio politikoko biktimak eta preso politikoak eragin ditu. Gogoratu, bestela, Birminghamgo seiak, Maguirego zazpiak eta Guilfordeko laurak.

Beharbada, jainko jatorriko monarkia absolutuen aurkako iraultza burgesak dira zentzu hertsian espetxe kategorien sailkapen semantiko soila behar lukeenaren jatorria, jende asko espetxeratu baitzuten garaiko statu quo nagusiari aurre egiteagatik. Baziren monarkia absolutu horiei luma eta papera erabilita aurre egin zietenak, bai eta armak hautatu zituztenak ere. Dena den, ez zuen inork zalantzan jarri horrek eragiten zuen espetxealdiaren izaera politikoa. Zigortu egiten zituzten aldaketa bat nahi izateagatik. Monarkia absolutuak utzi, eta diktaduretara, monarkia parlamentarioetara eta erregimen errepublikarretara heldu. Erregimen horiek guztiek demokrazia maila handiago edo txikiagoak dituzte, motibazio politikoko indarkeriaren biktima kopuru handiagoa edo txikiagoa, eta gauza bera preso politikoen kopuruarekin.

Komeni da definizioak argi egotea: kontzientziako presoa da arraza, erlijioa, azaleko kolorea, hizkuntza, sexu orientazioa edo kredoa tarteko espetxeratzen den edozein pertsona, baldin eta indarkeria erabili edo horren alde egin ez badu. Definizioan, motibazioa indarkeria erabili edo defendatu ez izana bezain garrantzitsua da. Preso politikoa da kartzelan edo beste nolabait atxikia edukitzen den edozein pertsona fisikoa, esaterako, atxilotuta dagoena, ezarritako sistema politikorako bere ideiak desafio edo mehatxua direlako, sistema edozein motatakoa dela ere. Badira kontzientziako presoak bai baina preso politiko ez direnak: adibidez, garai bateko Sobietar Batasunean, erregimen politikoaren aurka ez zeuden pertsonak kartzelatu zituzten, erlijio kredoa medio. Badaude, halaber, kontzientziako presoak ez diren preso politikoak, erregimenari aurre egitean indarkeria erabili edo horren alde egin zutelako. Nelson Mandelak berak ez zuen indarkeria erabili, baina bizitzako une zehatz batean horren alde egin zuen programa politikoan eta, ondorioz, kartzelan sartu zutenean, preso politiko bihurtu zen, ez, ordea, kontzientziako preso. Preso politiko eta politikari preso kategoriak ere ez dira nahastu behar. Radovan Karadzicen motibazioak politikoak baziren ere, gehiegikeria larriak zirela-eta espetxeratu zuten, abusuengatik eta giza eskubideak urratzeagatik statu quo politiko zehatz bat defendatzeko (ez aurka egiteko), statu quo horretan bertan erantzukizun handiko posizioan egonda. Horrek politikari preso bihurtu zuen, ez preso politiko.

Zenbait kasutan, pertsona batzuk preso politiko eta kontzientziako preso kategorietan sartu dira aldi berean. Aleksandr Solzhenitsyn, Aung San Suu Kyi eta Aminattou Haidar statu quo-ari politikoki aurre egiteagatik kartzelatu zituzten, eta preso politikoak izan dira; era berean, oposizioa indarkeriarik gabe edo horren alde egin gabe gauzatu zutenez, kontzientziako presoak ere baziren.

«Preso politiko» terminoa giltzapetuen kategoria soilari baino ez dagokio. Besterik ez. Termino soila da deskripzio mailan. Ez dakar erantzukizuna arintzea, ez dakar arintze moralik balorazio mailan. Horrenbestez, pertsona horienganako edo euren jarduerarekiko litekeen begikotasunak, enpatiak edo ezinikusiak ez du loturarik kategorizazioarekin. Nolanahi ere, arlo kontrajarriak ardatz, bada egindakoa nolabait justifikatu edo ulertzearen baliokide gisa erabiltzen duena, kriminalitate arrunta bezain txarra ez dela jota, motibazio politikoak ekintza goratzen duelakoan. George Edward Moore filosofo ingelesaren esanetan, falazia naturalista litzateke, aldeko zenbait balorazio egitate batzuetatik bereizi nahi direlako. Aurrez aurre, bada terminoak demokrazian tokirik ùez duela dioena, eta hori, kasu onenean ere okerra izateaz gain, miopiaren sintoma da. Baliteke batzuek ukatzea demokrazian preso politikoak daudela, hain zuzen, giltzapetutako pertsonen kategoria bati eskubideak ukatzeko modu gisa, nahiz eta, nazioarteko zuzenbidearen arabera, eskubide horiek espetxeratuta egotearekin batera sortzen diren. Kasu horretan, baina, ez litzateke miopia, ez ikusiarena nahita egitea baizik.

Esatea termino hori erabiltzea arrazoi nahikoa dela aukera politiko bat legez kanpo uzteko, itsuskerian merituak egin nahi izatea da, eta giza eskubideen aurkakoa izan liteke, are gehiago gure inguruan indarkeria egoera hori ez dagoenean, espero baitugu honezkero gainditzeko bidean egotea behin betiko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.