Ofizialtasunari buruzko txosten juridikoa

Itziar Arratibel, Egoitz Askasibar eta Martxel Toledo
2014ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Komunikabideen bidez jakin genuen Eusko Jaurlaritzaren Kirol Zuzendaritzak ekitaldi bat antolatu zuela aurreko astean. Ekitaldi horretan euskal selekzioen ofizialtasuna juridikoki egingarri izan daitekeela dioen txosten baten berri eman zuen. Dokumentuaren aurkezpenari buruzko metodologia, aurkezpen modua eta edukiek gogoeta batzuk kaleratzera behartu gaituzte.

Lehenik eta behin, pozten gara urte askoan ESAITek bakardadean defenditu duen euskal selekzioen ofizialtasunaren bideragarritasun juridikoa partekatzen duelako Eusko Jaurlaritzak. Orain gutxi arte, sarritan entzun dugu ofizialtasuna ezinezkoa zela arlo juridikoari dagokionez. Pauso gehiago ez emateko aitzakia zelakoan gaude. Estatu independentea izan arte ez zegoela ezer egiterik.

Deigarria da, hala ere, talde txiki batek, oso txikiak, aurrekontu baino borondate eta gogo gehiagorekin Gasteizko gobernua iritsi den ondorioari aurre hartzea. 34 urteren ondoren Eusko Jaurlaritza ohartu da euskal selekzioen ofizialtasuna juridikoki bideragarria dela. Hobe berandu inoiz baino. Baina orain arteko euskal gobernuen kirol politika ofizialtasunaren aldeko eragileekin elkarlanean aritzea ezaugarrietako bat izan balitz, seguru gaude ondorio honetara urte asko lehenago iristeaz gain gure selekzioen ofizialtasuna egoera askoz hobean egongo litzatekeela.

Jon Redondok, Eusko Jaurlaritzako Kirol zuzendariak galdetu zuen zergatik, estatu gabeko beste nazio batzuen antzera, ezin dugun nazioarteko lehiaketetan ofizialki parte hartu. Erantzuna erraza da: Kataluniak gaur egun 21 kirol selekzio ofizial ditu. Eta horiek dauzka, Kataluniako gobernuen politika publikoek kirol selekzioen ofizialtasuna lehenetsi dutelako, hemengoek ez bezala. Hori da gakoa: lehentasuna ematea.

Katalunia aspaldi ari da ofizialtasunean inbertitzen, era guztietan. Bitarteko ekonomikoak jartzen ditu bide horretan, eta helburuarekin bat egiten dutenekin elkarren ondoan lan egiten du. Elkarlana da bere politikaren ezaugarria. Kataluniako Plataforma Pro Seleccions Esportives Catalanesek ez zuen aurreko asteko ekitaldiaren berri izango komunikabideen bidez. Ziur dokumentu juridikoaren idazketan nahiz antolaketan lagundu eta parte hartuko zuela. Eta dokumentuko akatsak zuzenduko zituela: adibidez, Katalunia FIQeko —Bola Jokoko Nazioarteko Federazioa— partaide dela. Bertako partaide daTASen 2007-A-1424 sententziaren ondorioz, FIQen beraren webgunean ikus daitekeenez. Bestalde, ez da Kirolaren Euskal Legearen artikulazioaren azterketarik izan, aldaketen aukeren azterketa ofizialtasunerantz bideak irekitzeko. Bitxikeriez aparte, ahaleginak batu, ezaguerak egiaztatu eta baterako estrategiak adostu herriko familia politiko baten edo beste baten esklusibitateaz gain doana.

Lan honetan herri honek ezin du hartu bere gain beharrezkoak diren eragileen bazterketa, protagonismoa edo etekin politikoa bilatzea. Ikas dezagun gure bizilagun katalanengandik; hobeto doakie, eta has dezagun aro berri bat non, nabarmenkeriak eta interesak alde batera utzita, ofizialtasunera eramango gaituen bidea osatzeko lanak lehentasuna izango duen. Ez gara aspertuko errepikatzeaz. Herri honetan kirolari asko, hainbat gizarte eragile, alderdi politiko eta erakunde prest gaude euskal selekzioaren ofizialtasunaren alde pausoak emateko. Eragile horiei batzorde ireki batean eskuz esku lana egiteko aukerari ateak itxita zenbat eta denbora gehiago pasatu, herri honek pairatuko duen xahutzea da. Beraz, pentsa dezagun herri moduan. Ez daukagu ezer galtzekorik, eta asko irabazteko. Has dezagun herri izateko geratzen zaigun bidea egiten, eta eskutik helduta ibil gaitezen, ahal dugun guztia batzen gure helburura iritsi arte, guztion helburura iritsi arte. Gu prest gaude, orain arte egon garen bezala. Orain daeta izan behar du uneak. Ezin dugu momentu hau alferrikgaldu.

Horregatik guztiagatik jartzen dugu berriro mahai gainean Euskal Herriko selekzioaren ofizialtasuna nazioarte mailan egotearen kontua. Gaiari oinarritik heldu behar diogula uste dugu, euskal gizartetik, eta berriro aktibatu norabide zuzenean pausoak emateko. Gai honi buruzko txosten juridiko eta teknikoak oso positiboak izanagatik ere, ziur gaude gure eragile sozial, eragile politiko eta kirol eragileen elkarlanak lortuko duela gure selekzioa nazioarte mailan lehiatzea munduko beste selekzioekin batera.

Ordua da, beraz, euskal gizarteak euskal selekzioaren ofizialtasunaren inguruan duen sentipena guztiok desiratzen eta espero dugun norabidean zuzentzeko. EAJk alderdi politiko gisa eta Eusko Jaurlaritzak berak ausardia izan behar dute, alde batetik, pauso irmoak emateko eta, bestetik, euskal selekzioaren ofizialtasunaren alde euren ekarpena egiteko prest dauden euskal kirol federazioak nahiz kirol talde, kirolari eta eragileak babesteko. Egun hauetan ESAITek euskal erakundeetan aurkeztu dituen mozioak honen guztiaren isla izan daiteke. Benetan espero dugu Eusko Jaurlaritzak publiko egin duen txosten juridikoa teorikoa izateaz gain praktikoa ere izango dela eta guztion artean estrategia zuzena diseinatzeko baliagarria izan dadila irrikaz lortu nahi dugun ofizialtasunerako bidean azken txanpan sartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.