Euskara eta bikoizketa

Iñaki Zubizarreta Mujika
2012ko abuztuaren 3a
00:00
Entzun
Hasteko, komeni da pixka bat argitzea bikoizketaren eta azpidaztearen kontua. Maiz elkarren aurka ipintzen ditugu eztabaidan, bataren ala bestearen alde hartuta jarrera. Baina ez dut uste elkarren kontra daudenik, bakoitzak bere helburua baitu.

Beste hizkuntzak ikasteko aproposagoa da azpidaztea; bikoizketa oztopo ere izan daiteke sarri horretarako. Baina nork bere hizkuntza lantzeko, egokiago eta oparoago da bikoizketa, izan ere hizkuntzaren diakronian eta sinkronian ahozkoa da aurrena, hitz egitea eta entzutea. Idatzia gero dator eta ahozkoan du oinarri lehen eta orain.

Geure hizkuntza babestea eta bultzatzea dagokio Kultura Sailari. Ondotxo jakin dute hori hasiera-hasieratik Frantzian eta Espainian. Horregatixe bultzatu dute beti bai telebistan bai zinema aretoetan bikoizketa. Ezinbesteko dute ingelesaren kolonizaziotik babesteko. Katalanek ere, nahiz eta geroago hasi, ez dute hori atzendu. Doble arrazoi dute, izan ere, horretarako, euskaldunok bezalaxe: ingelesetik eta espainiera edofrantsesetik babesteko,alegia.

Bazirudien hasieran Euskadi ere jabetu zela bikoizketaren premiaz euskara sustatzeko. 1983tik atzera, bospasei urtean, 1.800 ordutik gora bikoiztu ziren urteko ETB1erako. 1990 inguruan beheraka hasi zen ordu kopurua: 1.100 ordu urteko bizpahiru urtean. Gero etengabea izan zen gainbehera. Azken hiru urteotan 450 ordu inguru bikoiztu dira urtean; lautik bat, alegia, hasierako urteekin alderatuta. Eta ez omen da horretan geldituko beherakada. ETBko programazio-arduradunek bikoizketa etxe nagusiko buruei esan dietenez, datorren urtean 75 ordu gutxiago izango dituzte bikoizteko, eta mezu are kezkagarriagoa helarazi diete: hemendik bi urtera ez omen dute puskatean bikoizketarik beharko, bi urteotan bikoiztuarekin konponduko direla-koan.

Ez ote dira konturatzen ETBko arduradunak eta Kultura Sailekoak, horrela bikoizketa pikutara joateko arriskuan dela, eta noizbait berriro bikoizketaren premiaz jabetzen bada Euskadi, berriz hasi beharko dela prozesu osoa, 30 urteko lana eta ahalegina alferrik galtzen utzita?

Adibide bat hitz jarioa baino adierazkorrago izaten omen da, eta horra bat ETBko arduradunen irizpide berexien erakusgarri. ETB2an eman zuten Transición en Euskadi sailaren kostua, urte osoko bikoizketaren kostu bera izan omen zen: bi milioi eta hirurehun euro. Kontuan hartu 13 atal bakarrik izan zirela, eta espainieraz.

Eta gainera, ETBrako bikoizketaren gainbehera ez da orduetan bakarrik izan. Kontuan hartu behar da azken urteotan ez dela ia filmik eta telesailik bikoizten. Marrazki bizidunak dira nagusi, eta dokumentalak, animaliei buruzkoak gehienetan. Garai batean zioten bezala, badirudi euskara txakurrei eta haurrei egiteko dela, ETB1en joera ikusita bikoizketaren arloan.

Oso ondo dago ETBk haurrena zaintzea, baina haurrak hazi egiten dira, bizitzaren legez. Belaunaldi arteko etenaldi larria dago. Hamar urte bete arteETB1 pizten duten umeek, marrazki bizidunak ikusteko, gerora ere segituko lukete pizten beren gogoko telesailak eta filmak emanez gero. Izan ziren garai batean gazteentzako telesailak, arrakasta polita izan zutenak, baina ez zioten bide horri segitu.

Euskaldunon harrera eskasa izan ohi da atzera egiteko arrazoia, eta arrazoizkoa dirudi, baina sakonago begiratzen badugu, aitzakia merkea besterik ez da, errazkeriara garamatzana. Beste arloetan horrela jokatu izan bagenu, ez genuen gaur egun liburu, egunkari edo aldizkaririk izango.

Ikusle gehiago biltzeko, aukera zabaltzea da bide bakarra: adibidez, hiru film erakargarri astean eta telesail biziak gazte eta helduentzat. Horrela lortuko genuke pixkanaka gora egitea, kontuan izanda, gainera, ez dela batere kopuru eskasa euskaldun ikusleena telebistan film eta telesailak eskaintzen zaizkienean. Gutxiagorekin konformatzen dira beste arloetan.

Eta Kultura Sailaren ardura ez da ETBra mugatzen. Euskadin diharduten ikus-entzuneko etxe guztiek zabaldu behar liokete bidea euskarari, dagokion neurrian, beren telebista, zinema areto eta DVD ekoizpenetan. Garai batean izan zen gure politikarien galderarik Madrilen alde horretatik, baina aspaldian ez dugu ezer entzun. Zinema aretoetan eta DVDetan egin da ahaleginik, baina atzera egin dugu nabarmen.

Kontuan hartu behar dugu, gainera, plaza horietan guztietan agertzeko, ETBk izan behar duela bikoizketaren euskarri. ETBn bidea ixten badiogu, bikoizketak ez du etorkizunik.

Aspaldiko kezka dugu euskararen erabilera. Bide asko urratu dira eta beste asko aipatzen. Denak dira beharrezko, baina hedabideak ikusten ditut nik erdigunean, eskolan eta lantokian bultzatzen den ezaguerari erabilera eransteko. Elkarrizketarakomintzagaia kalean ez baita lantokiko tresnei edo eskolako gaiei buruzkoa izaten, hedabideetan ikusia eta entzuna baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.