Manuel Valls eta euskal departamendua

2012ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Hasiera batean itxaropen txiki bat sortu zidan jatorriz Hegoaldeko katalana den Manuel Valls Frantziako Barne ministroa izateak. Bere askatasuna galdu zuen herri baten semea izanik herri zapalduenganako jarrera baikor bat hartuko zuelakoan bainengoen. Haatik, Madrilen ETAri buruz ahoskatu zuenak itxaropen hori betirako suntsitu zidan. Oraintsu Iparraldeko erakunde baten aurka aldarrikatu zuena haren ezjakina edo okerrago den haren ez jakin nahia behin baino gehiagori frogatu dio.

Haren eleen entzunik, euskal arazoa Estatu espainoleko gauza bakarrik da eta Euskal departamendua ETAren aspaldiko errebindikazio bat baizik ez da, naski «terrorismoaren» bitartez lortu nahi dutena. Frantzia eta Euskal Herriko kondaira ezagutu nahi ez izatetik datorkioke jarrera hori. Euskal departamenduaren asmoa departamendu berarena adina zaharra da, Frantziako Iraultzaren garaietakoa alegia. ETA, aldiz, XX. mendearen erdian eraikia izan zen, eta haren nazio errebindikazio gunea ez da Espainiako Estatuan mugatu.

Garat anaien denboretatik gaur arte Itsasuko Itunean 1963. urtean aldarrikatu zenetik iraganez, betidanik izanda departamenduaren errebindikazioa, bai abertzaleengandik, baita ere Frantziako alderdi ohikoetan diharduten auzapez eta hautetsiengandik ere.

Departamendua behin-behineko estatututzat jo arren, begi onez ikusten dute alde guztietako abertzaleek, baitaETA barnean borrokatu edo borrokatzen ari direnak ere, baina ezin daiteke baieztatuETAren oinarrizko asmoa denik.

Euskal arazoa Espainiako arazoa bakarrik dela esatea gezur galanta dugu, halaber. Iparraldea ez da hain arrotz izan Hegoaldean gertatzen denari buruz, bakoitzaren jarrera berezia izan bada ere. Historia modernoan horixe ikusi dugu Gerla Karlisten denboretan, Espainiako Gerla Zibilen, Frankismoaren denboran, baitafrankismo ondokoaren aroan ere. Barne ministroa izanik, haren aurreko guztiek errepresioan parte hartu zutela jakin beharko luke Manuel Vallsek: De Gaulleren agintariek atentatu odoltsurik egin ez zituzten lehen etakideak erbesteratu zituzten; Poniatowzki ministroak Enbata alderdia debekatu zuen 1974. urtean; karguan hasi aitzin estradizioen kontra zegoen Badinter jaunak ETAren ihesleak Espainiaratu zituen, hori guztia Espainiako Gobernuaren eta GALek egindako erailketen presiopean; Madrileko agintariekin harreman onak gordetzeko hitzeman zuen Euskal Departamenduari uko egin zion F. Mitterrand zenak. Gaur Frantziako Estatuan ehun euskal preso daudela kontuan harturik ez dezake esan Manuel Vallsek Espainiako arazo bat Euskal Herriarena dela.

Horretaz gainera, ETAk armak utzi behar dituela dio Manuel Vallsek, beharbada Euskal departamenduaz edo beste mota bateko elkargo batez mintza ledin, baina betiko su-eten bat aldarrikatu dela ahantzi du edo ez du onartu nahi. ETAk egindako borroka armatuaren alde edo aurka egotea ez da hemen eztabaidaren mamia, baizik eta euskal arazoa bera: heziketa sistema, hizkuntzaren ofizialtasuna, herrialde antolakuntza, nazio berrezagupena, zein autodeterminazioa. Su-etena aldarrikatu denetik, ez du arlo horretan bere jarrera aldatu Frantziako Gobernuak, betiko zapalkuntzari lotzen zaio, Izaskun Lesaka atxilotu duena bezalako polizia ekintza bat muntatuz.

Baina ministro berriak bazterrak inarrosi ditu Iparraldean, eta segurik jende asko mindu, abertzaleak, ez-abertzaleak, baita bere alderdikide batzuk ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.