Frankismoaren biktimei entzun die Gernikako epaileak

2014ko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
Orain hilabete, Jesus Muñecas eta Billy el Niño Frankoren diktadurako torturatzaile izendatuenetako bien estradizioa ukatu zuen Audientzia Nazionalak. Bere bufanda babesgarria luzatu zien.

Orain bi aste, Espainiako Justiziak Lege Judiziala aldatu egin du atzerrian eraildako espainiarren defentsan jarritako kasuak bertan behera uztearren, esate baterako, Jose Couso Iraken amerikar ejertzitoak eraildako galiziar kazetariaren kasua, edo San Salvadorren hildako jesuita Ignacio Ellacuriarena, edo berdin Tibet herriak Txinagatik jasandako genozidioaren aurkako epaia, nahiz eta neurri horrekin dozenaka narkotrafikatzaile atzerritar kaleratu behar. Nahiago dute Justizia Unibertsalari bizkarra eman, Estatu lagunen mesedetan.

Panorama ilun horren erdian, Argentinar Kereilako Epaile Maria Servini de Cubria Euskadin plantatu da, hiru euskal kereila jartzaileri entzutera. Lehenengo kasuan, Felix Padin adin handiko CNT-tar milizianoa ikustera Miranda Ebron agertu zen, nahiz eta bertako epaileak abegia ukatu, eskariari entzungor eginaz. Beste kasuan, berriz, kaltzadatar neba-arrebak ziren kereila jartzaileak, bi kasurengatik: aita hil zietelako 1937an Busturiko beste bost lagunekin, eta Julenek Zamorako Apaiz Kartzelan egindako zazpi urteengatik. Gernikako epaitegiko Rodriguez andre epaile gazteak onetsi zuen parte-hartzea neba-arrebei harrera ona emanaz. Berak hartu zien deklarazioa Maria Serviniren izenean eta beronen presentzian. Kasu historikoa, non eta Gernikan, Kereilari ongietorria, 75 urteko isiltasuna urratuaz.

Argentinar epaileak aurrera darama bere erabakia, eta Sevilla, Malaga eta Madril bisitatuko ditu, zenbait kereila jartzaileri entzuteko, Justizia Unibertsalaren zerbitzura, nazioarteko konbentzioetan izenpetutako araudiei jaramon eginaz, Espainiak berak sinatutakoak eta inoiz praktikatuak ere, adibidez, Pinocheten kasuan eta oraindik espainiar espetxeetan zigorra betetzen dirauen Zilingo argentinarrarenean.

Argudio bikoitz harrigarria! Ezin inork frankismoaren krimenik epaitu; ezta ere Espainiak atzerrikorik. Legediarekiko autarkia borobila, alajaina! Espainiak uste du nazioarteko konpromisoetatik berak nahi duenean eta nahi bezala alden daitekeela.

Frankismoaren inpunitateari eustearren edozein aitzakia darabiltzate. Altxamenduko krimenen kasuan, bere antzinatasuna. Diktadurako krimenen kasuan, 1977ko Legea azken puntutzat harturik. Banakako ekintzak zirela, ez multzokoak, ez sistematikoak; beraz, ez gizateriaren aurkakoak, eta abar. Bilduko balira frankismoaren azken hamarkadan Intxaurrondo, La Salbe, Zarautz, Tolosa, Ondarru eta beste hainbeste kuarteletatik edo Indautxu eta Donostiako komisarietatik pasatako ehunka gazte edo Sumarisimo eta TOPeko frankista epaitegietatik pasa eta preso jauzitako denak, zeinek mantendu errepresioa ez zela izan sistematikoa?, ez zuela belaunaldi hartako gaztedia jo?, ez zela gizateriaren kontrakoa, kontuan harturik, gainera, gehienak aurretik torturatuak izaten zirela? Horiez gain, altxamenduan eta diktaduran hil eta desagertutako dozenaka milaka lagun.

Ezin dute inola ere ikusi frankismoa, bere buru eta morroiak, epaimahaian jarrita. Agian, oraingo sistema «demokratikoak» errejimen harekin zerikusia baduelako, bai ideologiaren aldetik, bai zenbait erakundetan: auzitegi eta presondegi sistema, militar eta errepresio indarren hedadura, monarkia bera eta abar. Hainbeste kosta zaie frankismoarenganako zilbor-hestea moztea?

Ikusteko gaude zenbat epaitegik irekiko dizkioten ateak Maria Servini epaileari. Beldur naiz Miranda Ebrokoa errepikatuko ez ote den. Beldur naiz, Europako hauteskundeen ondoren, ez ote den zabalduko ekaitz mediatiko zaratatsu bat. Harritzekoa benetan, Bush eta Aznarren garaian, terrorismoaren aurka munduan txapeldun bezala aurkeztutakoek, gerrak eta nahi beste legedi berezi eragindakoek, eurek edo euren arbaso politikoek sortutako terrorismoari buruz hain entzungor eta alzheimerdun erantzutea. Hankartetik pasa nahi dute Justizia Unibertsala.

Beraz, aurrera Maria Servini de Cubria epailea!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.