Txillardegiren ohorez: ETAren zikloa

2011ko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Atzera begiratzen badugu, gerraondoko uhinaren ekarpen nagusitzat hauek aipa litezke, boteprontoan aipatzeko: nazio kontzeptuaren berrikuntza, politiko (kritikoa abertzaletasun historikoarekin) hala soziala (abertzaletasuna eta sozialismoa uztartuz), internazionalismoa; mugimendu sozialen erupzioa (feminismoa, ekologia); hizkuntzaren garrantzia nazioarentzat, arrazarena edo historiarena baino lehen. Praktikan, euskararen batasuna eta normalizazioa, bizirik iraun ahal dezan eta hizkuntza nazionala izan. Literaturaren berrikuntza, nobelan adibidez, edo zeinahi gaitara zabaldu den saioan. Tradizioarekin etena eta pentsamenduaren modernizazioa, aitaren etxe zaharreko leihoak lehenengo aldian batez ere existentzialismora eta pentsalari kristau moderno frantsesetara zabalduz, gero nolanahiko ideietara. Euskaltzaleen munduaren lerrapena ezkerrerantz. Sozialismo demokratiko ala marxista-leninista iraultzailearen eztabaida. Erlijioaren kritika, gure kasuan nazional-katolizismoarena, eta azkenean horren eraberrikuntza edo arbuioa, eta moralaren askapena Elizaren eta tradizioaren menpetik… Den-denak Txillardegiren ideiak eta ekimenak.

Aro berria markatu duten intuizio erabakior guztien iturrietan Txillardegi topatzen dugu. Egia da historiak egiten duela jendea, Txillardegi ere bai. Baina historia ere jendeak egiten du. Eta Txillardegi XX. mende erdi hartako une gurutzealetan Euskal Herriak behar zuen gizona izan da.

Gustatzen bazaigu eta ez bazaigu, ETA ez da ETA bakarrik. ETAren zikloa esan genezakeena egundoko aldagoitzar dramatikoa izan da gure historian, Euskal Herri zaharra politikoki nahiz kulturalki erroetaraino astindu eta eraldatu duena. Dena ez du ETAk egin, hainbat gauza momentuko ETAren aurka egin da zalantza gabe (Txillardegik 1967an utzi zuen erakundea, 2000n Aralar bultzatu du), baina, kulturalki bederen, ezer gutxi uler daiteke Euskal Herriaren bilakaeran ETArekin etorririko berritasunak gabe.

Txillardegik ez du ETA fundatu bakarrik egin. Seguru asko luzarora politikan baino eragin inportanteagoa kulturan izan du, ideia berrien irekieran, mundua ikusteko atrebentzia berrien erakusketan, euskararen modernizazioan. Garai batean abertzaletasunak eta sozialismoak elkarrezinak ziruditen, edo euskaltzaletasunak eta Unamunok. Orain Euskal Herri arras diferentea badaukagu, asko eta asko Txillardegiri zor zaio. Epikoak izan dira haren konfrontamenduak EAJ-PNVrekin «abertzaletasun folklorikoagatik», Baztarrikarekin euskaragatik, Orixerekin ideiengatik eta moralarengatik, Ereñorekin hizkuntzaren filosofiagatik, Rikardo Arregirekin marxismoagatik, «felipeekin» internazionalismoan ostendutako espainolismoagatik, eta abar. Txillardegik euskalduna, posizionamendu euskaltzale eta abertzale irmo bati uko egin gabe, mundu modernoan eta ezkerrean eta euskaraz lotsatu gabe ibil zitekeela erakutsi du.

Itxi da ETAren zikloa bere on eta txar guztiekin. Txillardegirengan aro horren figura sinbolikoena ohoratzen dugu. Pentsatzaile bezain ekintzailea, aitzindari eta bidelagun izan dugu beti. Bi xede ukan ditu bere traiektoria guztian: ezker abertzale indartsu bat, eta abertzale guztien batasuna. Eta amets bat: independentzia. Gertuago ikus ditzake gaur apika.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.