Bost euskara-irakasle postu falta direla diote sindikatuek

Irailean ikasle gehiago egonen direla onartu du Paueko akademia ikuskariak, baina ez du postu gehiago emanen

Aitor Renteria.
Baiona
2014ko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Katti Petrissans SNUIpp sindikatuko ordezkariak jakinarazi duenez, Euskararen Erakunde Publikoak (EEP) eta Frantziako Hezkuntza Ministerioak izenpetu zuten akordioa beteko balitz, bost euskara irakasle gehiago beharko lirateke. Atzo bildu ziren sindikatuak eta akademia ikuskaria, Pauen, heldu den urteko eskola sartzeko irakasle adjudikazioak aztertzeko. Ohi bezala, akordiorik gabe bukatu zen bilkura. «EEP eta Akademiak adostutako akordioa baliatu izan balute, hamar postu gehiago beharko lirateke frantsesean, eta, bederen, bost euskara irakasle gehiago», jakinarazi du Petrissansek.

Irakaskuntza elebidunari dagokionez, aurten ez da irekiko eskola berririk. Herriko bozak izan dira martxoan, eta auzapezek ez zuten irailerako xederik finkatu nahi izan, sindikatuaren arabera. Hizkuntza politikan eragin zuzena duela erran du Pettrissansek.

Anitz dira ikasleak gela bakarrean biltzen dituzten herri txikiak. Kasu horietan, zortzi maila ezberdinetako ikasleak nahasirik egon daitezke, eta eredu elebakarrean eta elebidunean ari direnak elkartuta. Irakasle berak bermatu behar ditu maila guztiak, eta eskolak bi hizkuntzetan eman behar ditu horrelako kasuetan. Gisa horretara, euskaraz diharduen irakaslea frantsesezko erreferentzia ere bada aldi berean.

Eredu indartua

Akademia ikuskariak onartu du aztertzen ari dela eredu indartua ezartzea esperientzia aitzindari gisa Lapurdiko bi herritan: Getarian eta Larresoron. Alta, aurten gisa bereko esperientzia bat egin behar zuten Azkainen, eta akademia ikuskariak ez ditu onartu horretarako behar diren euskara-irakasle postuen erdiak. «Baliabiderik gabe, ezin dira egin murgiltze ereduko esperientziak, eta, azken finean, arriskuan dago eredu indartua Azkainen», nabarmendu du Petrissansek. Irailean Getaria eta Larresoroko esperientziak arriskuan egon daitezkeela azaldu du, Azkainen gertatu den bezala. Akademia ikuskariak ez du iraila baino lehen ebatziko adjudikazioa.

Irakasleak emateko irizpideak gaitzesten ditu sindikatuak. Akordioaren ondorioz, 22 haur behar dira ama eskolako geletan irakasle bat gehiago izateko. 25 haur behar dira lehen mailan. Alta, gelako kopurua zehazteko, eskolaren batez bertzekoa baliatzen da, eta ez bakarrik gela elebiduneko kopurua. «Horrela, kasu anitzetan, bereziki herri txikietan, ezinezkoa da gela elebidunak irekitzea». Bertze arazo bat badago, kopuruei dagokienez. Izan ere, akademia ikuskaritzak ez ditu zenbatzen urtarriletik aitzina 3 urte betetzen dituzten haurrak. Azkainen eta Arrosan, okupazioak eginen dituzte eskolan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.