'Parot doktrina' ezarri die Gorenak beste hiru presori

«Konponbiderako aukera zapuzteko» ahaleginean aritzea egotzi dio ezker abertzaleak Espainiari

Erredakzioa
2013ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiaren erabakiari kontra egiten jarraitzen du Espainiak. Auzitegiak Parot doktrina izenez ezagutzen den 197/2006 doktrina giza eskubideen kontrakoa dela ebatzi zuen arren, hura aplikatzen jarraitzen du, gutxienez auzitegi horretako Areto Handiak behin betiko erabakia hartu arte. Beste hiru euskal presori ere doktrina aplikatu diotela jakinarazi zuen atzo Etxerat-ek. Auzitegi Gorenak Jesus Mari Zabarteri, Sabin Usandizagari eta Andoni Cabellori ezarri die doktrina, eta, beraz, espetxe zigorra luzatu.

Zabarte martxoan zen espetxetik irtetekoa, Etxerat-en arabera, baina 2015era arte preso segitzea erabaki du Gorenak. Cabello ere martxoan zen ateratzekoa, baina 2021era arte luzatu diote zigorra. Usandizagak ez zuen irteera egunik finkatuta, eta ez diote esan noiz aterako den, baina jakinarazi diote doktrina aplikatu diotela. Presoen senide eta lagunen elkartearen datuen arabera, dagoeneko 91 dira 197/2006 doktrina aplikatu dieten presoak, eta horietatik 71 espetxean daude.

Etxerat-ek salatu du euskal presoei doktrina hori aplikatuta eta zigorra luzatuta haien senitarteko eta lagunei ere «kondena berbera» ezartzen dietela.

Herrira mugimenduak gogor salatu du Espainiako auzitegiek doktrina aplikatzen jarraitzea. «Espainiako Estatuak beste behin ere muzin egiten dio Europako Giza Eskubideen Auzitegiak uztailean kaleratutako epaiari, baita euskal jendartearen gehiengo batek iragan den urtarrilaren 12an Bilboko kaleetan presoen eskubideak errespetatzeko eskatu zion jende uholde erraldoiari ere».

Ezker abertzaleak ere salatu du erabakia, eta Espainiako Gobernuari aurpegiratu dio «konponbiderako aukera zapuzten» aritzea. «Argudio eta eskaintzen faltan, indarkeriaren zikloa luzatzen tematzen da PP», esan du Maribi Ugarteburu bozeramaileak. Hark ere gogoan izan du urtarrilaren 12an euskal presoen eskubideen alde Bilbon egin zen manifestazio handia. Haren ustez, gizarteak «argi adierazi zuen presoen eskubideen aldeko aldarria transbertsala dela». Baina salatu du Espainiako gobernuburu Mariano Raxoik eta EAEko PPren buru Antonio Basagoitik «entzungor» egiteaz gain euskal gizarteari «iseka» ere egin nahi dietela.

Ezker abertzalearen ustez, PPk espetxe politika berdin aplikatzen duela ikusita, «konpromiso errealak» hartu behar dituzte eragileek, eta «PPri hauspoa ematen dioten itxurazko jarrerak alboratu». Mobilizazioekin jarraitzea «ezinbestekoa» dela dio: «Soilik herri presioz mugituko ditugu bakearen etsaiak haien lubakitik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.