Rajoyk esan du epaia «bidegabea eta okerrekoa» dela

Auzitegi Nazionalak gaur erabakiko du kasu guztiak batera edo banaka berrikusiko dituen

Erredakzioa
2013ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Mariano Rajoy Espainiako gobernuburuak uste du «bidegabea eta okerrekoa» dela Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Parot doktrinaren inguruan emandako epaia. Hala uste du, eta hala esan du Bruselan, Europako PPren bilera egingo den lekura iritsi denean. Nolanahi ere, gaineratu du Estrasburgoren kontra igandean Madrilen egingo den manifestaziora ez dela Espainiako Gobernuko kiderik joango, «herritarrek beraiek emango dute iritzia».

Ines del Rio kaleratzeko agindua eman ostean, 49 dira, gutxienez, haiei ere doktrina hori aplikatu zaiela eta eskubideak urratzen direla argudiatuta aske uzteko eskatu duten presoak. Del Rioren abokatuek jakinarazi zuten 56 presoren eskaerak egingo dituztela «berehala» askatzeko. Beraz, eskaera kopurua handituko da datozen egunetan.

Espainiako Auzitegi Nazionalean egin dute eskaera 49 horiek, eta auzitegi horretako zigor arloko epaileak bihar dira osoko bilkura egitekoak, eskaera horiei buruz nola erabaki pentsatzeko. Posible da eskaera guztiei batera erantzutea, baina baita banaka-banaka aztertzea ere.

Bi kasu jakinen gaineko erabakia gaur hartuko dute: Josefa Mercedes Ernagarena eta Manuel Piriz Lopezena. Bi horien auziak aztertzeko eguna Estrasburgok erabakiaren berri eman aurretik jarrita zegoen. Orduan, haiek aske uztearen kontra azaldu zen fiskala, baina ikusteko dago orain erabakia aldatuko duen edo ez.

Gainerako kasuak banan-banan aztertzea nahi du, gainera, fiskaltzak. Estrasburgoren epaia «egoera jakin batean» dagoen «pertsona jakin batena» dela nabarmendu du, eta, beraz, egoera guztiak banan-banan aztertzearen aldekoa da, baldintzak berdinak diren edo ez erabakitzeko. Nolanahi ere, nabarmendu du Estrasburgoren epaia bete beste aukerarik ez dagoela.

Psikologoak biktimentzat

Horrez gain, Espainiako Barne Ministerioak psikologoen zerbitzu berezia antolatu du Parot doktrina bertan behera utzi ostean kalera aterako diren presoen biktimentzat. Atzo jarri zen indarrean zerbitzua, eta jakinarazi dutenez, psikologoak biktimen etxeetaraino joango dira, haiek izan ditzaketen arazoak antzemateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.