Itsaso Andueza. EGK-ko presidentea

«Politikan parte hartzeko modua aldatu da, baita gazte mugimenduan ere»

Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak azken hilabeteetan egindako lanarekin pozik dago Andueza, eta aurki instituzio arteko mahaira deituko du EGKren finantzaketaz eta beste gai batzuez hitz egiteko.

Jon Rejado.
2013ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Martxoaren 18tik EGK Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko presidente da Itsaso Andueza (Trintxerpe, Pasaia, 1985). Hezkide Eskola elkarteko kidea da, eta, presidente izan aurretik, kontseiluko hezkuntza teknikaria izan zen. Iragan astean EGKren asmoen berri eman zuen Eusko Legebiltzarrean, eta orain BERRIAren galderei erantzun die.

Egun gutxi barru bi hilabete beteko dira presidente izendatu zintuztenetik. Zer moduzkoak izan dira lehen aste hauek?

Kokatzen hasi gara, bai ni, bai batzorde iraunkor berria... Lankideak galdu ditugu, eta denok kokatzen gabiltza. Horrez gain, aurtengo ditugun proiektuak eta erronka berriak lortzeko martxan jarri gara. Ohiko lan ildoez gain, EGK berregituratzeko plangintzan Indartzen deituriko lan ildoa dugu.

Zertan datza azken plan hori?

Gizartea aldatu da, eta EGK bera ere berritu behar da. Parte hartzeko modua aldatu da politikan, baita gazte mugimenduan ere. EGK prest dago parte hartzeko eredu berri horiei aurre egiteko? Hori da erronketako bat aurten, eta irailetik aurrera parte hartze teknikari bat izango dugu, bai EGKren barruko elkarteei begira, baita kanpora begira ere.

Parte hartzearen harira, eta atzera begira, Ernaik EGKn sartzeko trabak salatu zituen.

Bere garaian azaldu genuen bezala, EGKn sartu nahi duten elkarteek epe batean aurkeztu behar dituzte agiriak, eta, aurten, hiru ez dira sartu horren ondorioz. Mundu guztia egotea nahi dugu, eta, aniztasun handia badago, askoz hobeto. EGK oso burokratikoa dela? Baliteke. Lehen aipatu dudan erronka handiaren barruan agertu da hau, eta aztertuko dugu nola landu beharko litzatekeen alor hori.

Lantzen ari zareten gaien artean, Eusko Legebiltzarrean iragarri zenuten enpleguari buruzko lantaldea. Zertan datza?

Enpleguko lantaldea nahiko berria da, eta Eusko Jaurlaritzako eta Bizkaiko Foru Aldundiko enplegu planak aztertzen hasi gara. Asmoa da gaiari buruz hausnarketa egitea eta proposamenak ateratzea, ahal bada. Ahalik eta gazte gehienen ahotsa elkartu, gutxieneko adostasunak zehaztu, eta proposamenak egin.

Zein da gaur-gaurkoz gazteek politikan duten lekua?

Oso eskasa. Iaz topaketa batzuk egin genituen gazteek, gizarte politiketako teknikariek eta politikari gutxi batzuen artean. Parte hartze sistemak ez dira beharko liratekeen modukoak. Jendeak parte hartzeari uzten dio, edo, eginez gero, ez dute ikusten horrek politika publikoetan isla duenik.

Zergatik gertatzen da hori?

Teknikariek esaten zuten parte hartze prozesua egiten zutenean ez zela inor joaten, baina... Zer epe dago? Zer ordutegi? Zer informazio helarazten dute? Horretan lan egin beharko genuke parte hartzea bermatzeko. Horretarako behar dugun informazioa jasotzen dugula bermatzeko. Erabiltzen den hizkuntza ere aztertzekoa da; aldrebesa da, eta horrek atzera botatzen gaitu askotan.

Eusko Legebiltzarreko agerraldian jakinarazi zenuen 2010. eta 2011. urteetan 16.000 gaztek atzerrira jo zutela, eta, berehala, Eusko Jaurlaritzak gaineratu zuen gehienak kanpotarrak zirela.

Ez dakit nahastera jokatzen ari diren edo zer. Hemen bizi eta joan ziren pertsona horiek estatistika batzuetarako balio dute, eta beste batzuetarako, ez. Guretzat euskal herritarrak dira, eta aztertu behar da zergatik joan diren.

Eta zer dago datu horren atzean?

Hainbatetan esan dugu eskubide sozioekonomikoak enpleguari lotuta daudela gure gizartean, eta ez herritartasunari. Enplegurik ez dugunok, gazteok kasu honetan, egoera larrian geratzen gara.

Eusko Jaurlaritzarekin eta aldundiekin bildu al zarete?

Oraindik ez gara bildu, baina deialdia egiteko asmoa dugu, finantzaketaz hitz egiteko, baita beste gai batzuei buruz ere.

Nola dago finantzaketa egun?

Eusko Jaurlaritza eta Gipuzkoa zein Bizkaiko foru aldundiak ditugu finantzaketa iturri. Arabatik ez dugu ezer jasotzen, azken bi urteetan ez dugulako adostasunik lortu hango aldundiarekin.

Jaurlaritzak EGKrentzako diru saila 10.000 euroan handitzeko asmoa zuen, baina aurrekontuak luzatuko dituzte. Zerbait argitu al dizuete horren harira?

Diru hori jasoko dugula esan ziguten. Oraingoz ez dakigu ezer, baina asmoa zuten handitzeko.

2009tik erdia baino gehiago murriztu da zuen aurrekontua. Nola baldintzatu du horrek eguneroko lana?

Larriena da pertsonak galdu ditugula, eta horrek ekarri du EGK-k lantzen zituen arlo estrategiko batzuk bazter batean utzi behar izatea: lurralde koordinazioa eta generoa eta berdintasuna. Langileen baldintzak ere apur bat murriztu dira, eta horrek ere baldintzatu du teknikarien lana.

Xabier Lasa EGK-ko egungo presidenteordeak adierazi zuen murrizketak kontseilua barrutik bukatzeko tresna zirela...

Egun Xabi Lasa batzorde iraunkorrean dago, EGKren zuzendaritzan, nolabait esateko. Barrutik gauzak ezberdin ikusten dira, eta orain arte nahiko gauza zailak adostu ditugu, euskal gazteen ekintzailetza politikoaren aldekokomunikatua kasu. Gutxienekoak dira, bai, baina guztion artean adostutakoak, eta hori garrantzitsua da. Uste dut aniztasuna lortzen ari garela eta lan txukuna egiten ari garela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.