Osakidetzak 30 urte (Eta V). Arreta eta zerbitzuak. Miren Dorronsoro. Osasun Publikoko zuzendaria

«Zerbitzuak eta arreta zahartzen ari den gizartera egokitzea da orain erronka»

Osakidetza gizarte osoaren lorpena izan dela dio Miren Dorronsorok, zerbitzuko Osasun Publikoko buruak. Zerbitzuaren kalitateari eusten zaiola uste du, eta gaixoak horretaz jabetzen direla.

ainara arratibel gascon
Donostia
2013ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Osasun plana prest du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak. Hori lantzen aritu direnetako bat da Miren Dorronsoro Osasun Publikoko zuzendaria (Donostia, 1953). «Osasuna euren ardura ere badela jabetu behar dute herritarrek», uste du Dorronsorok.

Zeintzuk izan dira 30 urte hauetan Osakidetzaren lorpenik handienak?

Duen presentziatik eta prestigiotik harago, nabarmenduko nuke Osakidetza gizarte osoaren lorpena izan dela. Erietxeetan punta-puntako teknologia izatea garrantzitsua izan arren, nik esango nuke lehen mailako arretak primeran erantzuten diela gaixoen eguneroko beharrei. Gertuen dugun arreta den heinean, are balio handiagoa du horrek. 1.000 sendagile inguru dituen sare indartsu, sendo eta profesionala da. Sare hori osatzea izan da garrantzitsuena.

Zer falta da?

Gaurko egoera sozio-ekonomikoan, egungo sistema sendotzea falta da. Horrekinbatera, gauza teknikoak falta dira. Herritarrek gero eta gehiago estimatzen dituzten gauzak dira: adibidez, historia kliniko elektronikoa gaixoen esku jartzea. Horrek konfiantza sortzen laguntzen du, eta konfiantza ezinbestekoa da osasunari lotutako gaietan. Euskararekin ere bada zeregina.

Murrizketen ondorioz osasun sistema publikoa arriskuan al dago?

Nik uste erkidegoan ezetz. Gizarte honek ez luke erraz jasango eta onartuko halakorik. Orain arte, Eusko Jaurlaritzak borondate garbia agertu du alde horretatik. Nahiz eta murrizketa batzuk egon, aurrekontuaren herena bideratzen da Osasun Sailera. Hori guztia diru publikoa da. Osasun alorrean dauden desberdintasunak gero eta gehiago lotzen dira maila sozio-ekonomikoekin. Horren ondorioz, ezinbestekoa da osasun sistema publikoa izatea.

Eusko Jaurlaritzak ezarri egin ditu Madrildik agindutako hainbat neurri. Nola lortu neurri horiek zerbitzuaren kalitatean ez eragitea?

Berrordainketaren kasuan, ez du zerbitzuen kalitatean eragiten. Gainerakoan, egungo murrizketekin, Osasun Sailean lanean ari garenoi gehiago eskatzen zaigu. Horretarako moduan gaude. Langileok sinesten dugu proiektu honetan, eta hori oso garrantzitsua da. Ahalegina eta esfortzua izango dira gakoa.

Berregituraketa handiak egin beharko al dira zerbitzuetan?

Ez dut uste. Badaude zerbitzu batzuk bateratu beharko direnak, baina ziurrenik lehenago egin behar zen hori. Joera da teknika oso zailak eskatzen dituzten hainbat ebakuntza profesional jakin batzuek egitea. Ez hemen bakarrik, baita beste leku askotan ere. Adibidez, giltzurruneko eta gibeleko transplanteak Gurutzetan egiten dira bakarrik. Donostian beste gauza espezializatu batzuk egiten dira. Horrek kalitatea eta erreferentzialtasuna bermatzen ditu. Baina, hortik aurrera, ez dut uste aldaketa asko egin beharko direnik.

Zeintzuk dira datozen hamar urteei begira Osakidetzak dituen erronka nagusiak?

Nik uste dut erronka nagusia dela zerbitzuak eta arreta zahartzen ari den gizarte batera egokitzea. Izan ere, zahartzaroan arreta eta zerbitzu beharra areagotu egiten da. Hori herrialde askotan gertatzen da. Garrantzitsua da norberak ikastea bere osasuna zaintzen, ohitura osasungarriak izaten. Ez besteen esku uzten. Gainera, horri lotuta modu berriak sustatu behar dira zaintzarako eta arretarako.

Jendea erraz ohituko da horretara?

Prestakuntza lan handia egin behar da. Ez bakarrik herritarren artean, baita osasun profesionalen artean ere. Izan ere, haiek ere aldatu beharko dituzte gauzak. Osakidetzak urteak daramatza horretan. Joango gara ohitzen.

Gaixo kronikoei kasu egiteko estrategiaren barruan kokatzen da hori. Aurreko Jaurlaritzak jarri zuen martxan, eta oraingoak eutsi egiten dio. Inbertsio asko beharko al dira aurrera eramateko?

Gizarteratu egin behar da osasun arreta. Lehen osasun profesionalen ardura zenak hemendik aurrera denen ardura izan behar du.Teknologia aldetik, horrek ez du inbertsiorik eskatzen. Ez da garestia. Eskatzen duena da, esan bezala, ahalegina eta dedikazioa prestakuntzan. Osasuna guztion ardura da. Txikitatik hasi behar da erakusten.

Murrizketen ondorioz, ez al da atzera egin arretaren kalitatean?

Ez dut uste. Kalitatearen adierazleak begiratuz gero, berdin mantentzen dira. Oro har, ez da aldatu. Ez da askorik nabarmendu, oraingoz. Oso ondo mantendu da.

Krisialdiak denbora luzez jarraituz gero, nabarmenduko da?

Ez dut uste osasun egiturari lotutako zerbait denik soilik. Krisialdia denboran luzatzeak pobrezia, itxaropenik eza eta abar dakartza. Horrek arreta beharra areagotzen du.

Herritarrei osasun zerbitzuak arduraz erabiltzeko eskatzen zaie behin eta berriz. Ez dute egiten?

Nik uste kasu honetan ere hezkuntzan dagoela gakoa. Zerbitzuak ondo eta arduraz erabiltzen ikasi behar dute. Erakutsi egin behar zaie.

Zure ustez, zein iritzi dute erabiltzaileek Osakidetzari buruz?

Adibide adierazgarri bat jarriko dut horri erantzuteko. Azkenaldian, ezagunak ditudan bi mediku egon dira ingresatuta Donostia ospitalean, osasun arazoengatik. Batek esan du munduko arretarik onena eman diotela. Besteak, berriz, erietxeko aldizkarian idatzi zuen sabaian pintura altxatuta zegoela. Gizartean ere berdin gertatzen da. Askotariko iritziak daude. Baina, oro har, nik uste jendea gustura dagoela.

Osasun planaz zertzeladarik eman dezakezu?

Osasuna guztion ardura dela abiapuntu hartuta, zeharkako bigai landuko ditugu planean: bizitza ohiturak eta osasun politikak. Zahartzaroa eta umezaroari arreta berezia jarriko zaio. Zirriborroa prest dago, eta orain Osasun Sailaren barruan zabalduko dugu, ekarpenak egiteko; baita beste sektore batzuetara ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.