Albistea entzun

Protestak herrialde arabiarretan. Libia. Muhamed Khalifa. Libiako kazetari amazigha

«Batzuek armak hartu dituzte Gaddafiren kontra borrokatzeko; guk, arkatzak»

'Mendietako Oihartzuna' astekariko erredaktore burua da Khalifa. Gatazkaren erdian sortutako argitalpen bat da. «Libian zer gertatzen ari den helarazi nahi diogu gure jendeari, gure hizkuntzan».
KARLOS ZURUTUZA

Karlos Zurutuza -

2011ko irailak 4 - Nalut

Arabiar udaberria deitu zaio Afrika iparraldea eta Ekialde Hurbila eraldatzen ari den oldarraldiari. Mugimendu horretako parte hartzaile guztiak, baina, ez dira arabiarrak. Iragan otsailean Gaddafiren kontra altxatzearekin batera, Libiako amazighak euren nortasuna aldarrikatzen hasi ziren. Herrialdeko gutxiengo nagusiak lau hamarkada luze eta ilun pairatu ditu asimilazio kanpaina bortitz baten pean. Mendietako Oihartzuna astekaria da, hain zuzen, iragan berria ahazteko tresnetako bat. Hango erredaktore buru Muhamed Khalifak BERRIA hartu du Naluteko bere bulegoan.

Hasi baino lehen, zergatik amazigh, eta ez berbere?

Guk amazigh deitzen diogu gure buruari, eta tamazight gure hizkuntzari [euskaraz, amazigera]. Hemendik kanpo berbere hitza asko erabili ohi den arren, guretzat ez dauka inongo esanahirik. Amazigh hitzak gizon askea esan nahi du; berbere-k, berriz, deus ere ez. Era berean, amazigera deitzen diogu gure hizkuntzari, eta ez berberera.

Egunkari bateko erredaktore burua zara; ez dirudite honako hauek oso sasoi onak prentsarako Libian…

Paradoxa tristea da oso gerra izatea gure sehaska, ezta? Gaur arte baino ez ezin izan dugu idatzi gure hizkuntzan. Gaddafiren garaiak oso txarrak izan dira libiarrontzat, arabiarrak nahiz amazighak izan. Adierazpen askatasunik izan ez ezik, Gaddafirekin ezin ginen inondik ere mintzatu gure hizkuntzan, eta debekatuta zeuden gure kultura eta hizkuntzari buruzko liburu eta argitalpen oro. Neronek arazo ugari izan nituen Poliziarekin, Marokoko amazighei buruzko liburu bi izateagatik etxean. Nik zorte handia izan dut, baina batek baino gehiagok urteak eman ditu kartzelan, askotan epaiketarik edota kontrako kargu zehatzik izan gabe. Hemengo batek hamar urte igaro zituen Tripoliko espetxe batean. Seigarrenean zera esan zioten, «sedizio eta separatismoagatik» zegoela espetxeratua... Haietako batzuk aske gelditu ziren otsailean, iraultza hasi zenean. Azalpen argirik gabe, hainbat espetxetako presoak aske utzi zituzten hasierako egunetan.

Zein da zuen egungo erronka?

Mendietako Oihartzuna astekaria da, eta 500 ale kaleratzen ditugu. Banaketa inguruko herrietatik egiten da, janariarekin batera. Doakoa da, jakina. Libian zer gertatzen ari den helarazi nahi diogu gure jendeari, gure hizkuntzan.

Zer kontatzen diozue zuen jendeari aste honetan?

Besteak beste, Tripolin egon diren Nafusako gerlarien berri ematen dugu, bai eta Bengaziko agintariek hona, Nalutera eginiko bisitarena. Amazigeraren alfabetoaren taula ale orotan ageri da, gure irakurle gehienek ezin baitute horretan irakurri oraindik. Tamalez, testuak amazigeraz egon arren, arabiar alfabetoa erabili behar dugu oraindik ere. Ale bakoitzeko, Gaddafiren karikatura bat txertatzen dugu, jendeak oso gogokoak dauzka eta. Bestalde, aste honetako alean hiru hitz gogorarazi dizkiegu gure irakurleei: tilele, agrauli eta tagraula; askatasuna, gerlaria eta iraultza.

Nor da zuen irakurlea?

Nafusa mendietan gelditu diren gutxiak, gizonezkoak gehienak. Gure emakumeak eta haurrak Tunisiatik bueltatzen ari dira, hainbat hilabete errefuxiatuta eman ostean.

Nondik ateratzen dituzue astekaria kaleratzeko baliabideak?

Oraingoz, oso baliabide urriak dauzkagu. Pentsatu behar duzu dena Tunisiatik ekarri behar dela: janaria, ura, erregaiak, papera… dena horniketa operazio erraldoia bilakatu da gurean. Ikusten duzun bezala, fotokopiatutako aleak dira denak. Hau guztia libiar diasporak ordaintzen du. Era berean, esperientziarik gabeko boluntarioak gara denok. Batzuek armak hartu dituzte Gaddafiren kontra; guk, arkatzak.

Zenbat amazigh daude Afrikan? Eta Libian?

Afrika iparralde ia osotik zabaltzen da gure herria, Marokotik Niloko mendebaldeko ibaiertzeraino. Mendeetan gu izan ginen Afrika iparreko jatorriko biztanleak, Kanaria uharteak barne. Tamalez, egun ez dago jakiterik zenbat garen, bertako gobernuek ez baikaituzte herri gisa onartu. Gauzak horrela, ezin daiteke erroldarik egin. Libiari dagokionez, batzuek diote populazioaren %10 besterik ez dugula osatzen —6,4 milioi lagun bizi dira Libian—, baina nik gehiago esango nuke. Nafusan ez ezik, Libiako ekialdean ere jatorriko amazighak badaude. Bestalde, gutako askok Tripoli, Bengazi eta Misrata hiri handietara jo ohi dute. Pentsatu behar duzu libiar guztiak amazighak zirela jatorriz, baina islama zabaldu heinean hizkuntza galduz joan zela. Ulertzekoa, ikaragarrizko diglosia suertatu baitzen: alde batean, idazten ez zen hizkuntza bat; bestean, Koranarena… Ezin borrokatu horren kontra, eta, egun, mendi hauetan eta Libia ekialdeko oasi batean baino ez du bizirik iraun amazigeraz.

Hala ere, aurre egin diozue presioari…

Mendi hauetan, Nafusan, arabiarrak ere bizi dira, baina apenas nahastu garen haiekin. Rehibat herrian baino ez dira elkarrekin bizi bi herriak; gainontzeko guztiak amazighak ala arabiarrak dira, ehuneko ehun. Banaketa hori izan da, hain zuzen, gure hizkuntza egundaino mantendu izanaren sekretua.

Hizkuntza al da, beraz, zuen nortasunaren zutabea?

Funtsean bai. Amazigeraz dakienari amazigh deitzen diogu egun, bestela ez.

Marokon hainbat pauso eman dira berriki konstituzioak amazigera onar dezan. Zuek ere horrelakorik espero al duzue Libian?

Berebiziko pausoa izan arren, Marokon urteak beharko dira gure herriaren kontrako diskriminazioa amai dadin. Gurean, Libia askearen konstituzioa idazten denean, amazigera koofiziala izatea nahi dugu, arabierarekin batera. Hamarkadak soilik ez, mendeak eman ditugu dagoeneko arabiarren presiopean. Gurea aldarrikatzeko garaia da.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Poloniako presidnte Andrzej Duda, urri amaieran Varsovian egindako ekitaldi ofizial batean. / ©Radek Pietruszka, EFE

Egunean milioi bat euroko isuna ezarri dio Europako justiziak Poloniari

Berria

Uztailean Europako Justizia Auzitegiak agindu zion Varsoviari behin-behinean eten zezala Poloniako Auzitegi Goreneko diziplina batzordea, baina hark ez zuen agindua bete.

Jair Bolsonaro presidentea Boa Vistan, Venezuelako mugatik gertu. / ©Isac Nobrega, EFE

Gizateriaren aurkako krimenak egotzi dizkio Brasilgo Senatuak Bolsonarori

Arantxa Elizegi Egilegor

Sei hilabeteko ikerketa baten ostean onartu du Senatuak txostena, eta fiskaltzaren eta Nazioarteko Zigor Auzitegiaren esku geratuko da orain.

<b>Karbono isuriak.</b> Auto pilaketa bat, ke eta behe laino artean, Nigeriako Lagos hirian. ©AKINTUNDE AKINLEYE / EFE

Egungo konpromisoekin, «klima hondamendira bidean» da mundua

Gorka Berasategi Otamendi

Nazio Batuen Ingurumen Programaren txosten baten arabera, estatuek hartu dituzten azken konpromisoak baino askoz ere ausartagoak behar dira klima aldaketa bortitz bat ez gertatzeko

Erizain bat gizon bati txerto dosi bat jartzen, Johannesburgon (Hegoafrika). ©Kim Ludbrook / Efe

Afrikako Batasunak izurriaren aurkako 110 milioi txerto dosi jasotzeko akordioa egin du

Igor Susaeta

Moderna etxearekin egin du ituna kontinenteko 55 herrialde biltzen dituen elkarteak, AEBetako Gobernuak bideratuta. Afrikan, oraingoz  herritarren %5,23ri jarri dizkiete txertoaren bi dosiak.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.