Donostiak eta Bordelek tren lotura zuzena ukanen dute 2017. urterako

Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak hartu du Akitania-Euskadi euroeskualdeko presidentetza, Bordelen

Eskuinetik hasita, Alain Rousset eta Iñigo Urkullu, atzo, Bordelen egindako agerraldian. BERRIA.
Aitor Renteria.
Bordele
2014ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Alain Rousset (PS) Akitaniako presidenteak jakitera emandu hurbileko tren zerbitzuen arteko lotura zuzena egonen dela 2017rako eta posible izanen dela trena Bordelen (Frantzia) hartu eta aldaketarik egin gabe Donostian jaistea. Adierazpena Bordelen egin du, Iñigo Urkullu (EAJ) Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren aitzinean, azken honek Akitania-Euskadi euroeskualdearen presidentetza hartu duen unean. Euroeskualdeak 2014-2020 aldirako programa osatu du, 42 programa bilduz.

2017rako iragarpenak urratsak ukanen ditu ekainerako. Izan ere, orain arteko presidenteak zehaztu zuenez, Gipuzkoatik hiru tren pasatuko dira egunero Hendaiara, bidaiariak eta zama trenez aldatu gabe. 2015erako Akitaniako TER izeneko hurbileko trenek gauza bera eginen dute, Gipuzkoara jinen bide zabalera aldatuta. 2017ko erronkari buru egin ahal izateko, hirugarren erraila plantan ezartzeari ekin beharko diote Gipuzkoan. Europak horren premiari buruzko oharra egin zien bai Espainiako Gobernuari zein Jaurlaritzari, Roussetek gogoratu zuenez.

Harremanak eraldatuko dituen urratsa izanen dela nabarmendu dute Urkulluk eta Roussetek. «Trena Bordelen hartuko dugu, eta, zuzenean, aldaketarik egin gabe, Donostiaraino joanen gara». Sakoneko aldaketa eraginen duela azpimarratu du. «Errealitatean desagertuko da Euskadi eta Akitania arteko muga», gaineratu du Roussetek.

Estatu-nazioen ereduaren gainean eraiki den Europak aldaketak izango dituela azpimarratu du Urkulluk, eta erran du hala euroeskualdeek gero eta eginkizun garrantzitsuagoa ukanen dutela. Bide batez, gogoratu du bizi eremu horretan bost milioi biztanle baino gehiago biltzen direla. Etorkizunean, euroeskualdeek Europaren laguntza ekonomiko handiagoak jasoko dituzte. Akitania-Euskadi da, hain zuzen, gaur egun existitzen diren lau euroeskualdeetariko bat.

Plan estrategikoa

Akitania-Euskadi euroeskualdeak plan estrategikoa onartuko du heldu den ekainean. Orain artean abian ezarri diren egitasmoek segida ukanen dutela baieztatu du Urkulluk, Bordelen. Horien artean, bost nabarmendu ditu: mugaz gaindiko lankidetza bultzatzen duten xedeak laguntzea, Akitania-Euskadi 2020 hitzarmena plantan ezartzea ekainean, euroeskualdearen ikusgarritasuna bultzatzea gizarteari zein Europari begira, eragile sozioekonomikoen sarea osatzeko programa eta tren lotura bermatzea, sendotzea eta garatzea. Azken ildo horretan, AHTaren garrantzia azpimarratu dute.

Europari engaiamendu handiagoa hartzeko eskatu diote Urkulluk eta Roussetek. «Europak onartu behar du AHTaren xedea lehentasuna dela Atlantikoko ardatza osatzerakoan. «Euskal Y-aren eta Akitaniaren arteko lotura bermatzea eskatzen diogu Europari eta eginkizun horretan, Europan izatea behar duen jarraipena. Eskari zehatza egin zuen. Euroeskualdeak aterabidea behar du hegoaldera zein Iparraldera, euroeskualdea kokatzeko Atlantikoko ardatzean», errandu Jaurlaritzako lehendakariak Bordeleko agerraldian.

Egungo tren sarearen errealitatea aipatu du Roussetek, gogoratuz abantzu zortzi ordu behar direla Bordeletik Bilbora joateko. «AHTa eginen delarik, oren eta berrogei minutu beharko dira Bordeletik Bilbora joateko».

Lapurdin AHTaren bide berriak eragiten duten gaitzespena gutxiengo baten protesta dela adierazi du Roussetek. «Azken hiru hauteskundeetan AHTaren alde gauden alderdiek bozen %80- %90 bildu ditugu, eta horrek argi erakusten du gizartearen gehiengoak sostengatzen duela xedea».Baionako geltokia egiten bada, biztanle kopuruak hazkunde paregabea ukanen duela berretsi du. Gaur egun milioi bat bidaiari pasatzen dira Baionako geltokitik; AHTarekin, hiru milioi biztanle hartuko dituela erran du. Bordeleko geltokiko kasuan, gaur egun hamaika milioi bidaiari ditu, eta 20 izanen dira, Rousseten arabera, lanak egiten badira.

Ez ditu aipatu Lapurdiko hainbat herritan egindako galdeketen emaitzak. Alta, ingurumenaren aldeko indarrei koherentziarik eza leporatu diete. Azaldu du AHT xedea bultzatzen ez bada errepideetan egonen den kamioi kopurua jasanezina bihurtuko dela. Erran duenez, gaur egun RN10 errepidea Akitania mailan aire kutsadura handiena pairatzen duen errepidea da.

Epe ertain eta luzera begira, AHT bide berriak funtsezko inbertsioa direla gaineratu du Urkulluk. Lapurdiko lanak 2025-2030erako bukatuko direla erantsi dio Roussetek.

Goizeko agerraldiaren ondotik, Iñigo Urkullu eta Alain Roussetek helikopteroa hartu zuten Bordele inguruan egiten ari diren AHT lanak ikusteko.

Kultura eta osasuna

Bertze arloetan egindako lanei erreferentzia eginez, jakitera eman dute orain artean ehun xede baino gehiago garatu direla. Ildo horretan, hiru erronka berri izendatu dituzte; horietako lehena, kultura arloan egin beharreko urratsak. Euroeskualdean hiru hizkuntza daudela nabarmendu —euskara, gaztelera eta frantsesa—, eta erran dute euroeskualdearen barruan hirurak jakitea eta erabiltzea sustatu behar direla.

Gobernantza mota berri baten aldeko parioa egiten dutela erran dute biek. «Gobernantza berri bat eraikitzea, erakundeen arteko lankidetzarekin oraindik muga -efektua sortzen dituen arazoei aurre egiteko».

Pertsonekiko konpromisoa handitu nahi duela azpimarratu du Urkulluk, bereziki osasun arloan. «Hasteko, osasun arlokohitzarmena sinatuko dugu, gaixotasun kronikoak dituztenen osasun arreta eta ongi izatea hobetzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.