Tuteratik Berara Nafarroa eskuz esku batzeko deia

Gure Esku Dago-k giza katera gonbidatu ditu herritarrak, Iruñetik: «Nafarroa nafarrek nahi dutena izango da»

Hodei Iruretagoiena.
2014ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Atzerako kontua hasi da: 21 egun falta dira ekainaren 8rako. Gure Esku Dago-ren webgunean ikus daitezke orduak, minutuak, segundoak. Erabakitzeko eskubidearen aldeko ekitaldiz beteak izan dira azken egunak, eta Nafarroa Garaian ere ez dute denborarik galtzeko. «Askotariko» Nafarroatik, Nafarroa «pluraletik», «Tuteratik Berara eta Zangozatik Altsasura» giza katera batzeko deia egin zuten atzo Iruñean. «Akordioa» aldarrikatu zuten, erabakitzeko eskubidea oinarri hartuta: «Zilegi diren ezberdintasunetatik eta bakoitzaren gogo propiotik harago, zer izan nahi dugun erabaki dezagun».

Iruñeko agerraldian izan ziren, besteak beste, Txetxu Ezkurra, Isabel Lekunberri eta Mikel Bandres —ibilbideko kilometro banaren arduradunak—, Tomas Urzainki historialaria, Fran Urias musikaria, Jon Alonso eta Irati Jimenez idazleak, Patxi Arrosagarain Orreaga fundaziokoa, Sergio Iribarren Nafarroa 1512koa, Imanol Pascual ELAkoa, Josu Urrutia LABekoa, eta Iratxe Alvarez ESK-koa. Mikel Sotok eta Garazi Rotak hartu zuten hitza. Nafarroako herritar bakoitzaren abiapuntua «ezberdina» dela kontuan izanda, Nafarroa zer den baino gehiago, zer izango den galdetu nahi izan zuten: «Nafarrek nahi dutena, ez gehiago, ez gutxiago».

Etxarri Aranatzen egindakogaldeketa eta, batez ere, bitartean egindako ibilbidea hartu zituzten hizpide: «Garrantzitsuena erabaki ahal izatea izan zen». Erabakia dute haiek ere «konplizitateak ehuntzea», eta, Etxarrin ez ezik, herrialde osoan zabaldu da dinamika, Sotok eta Rotak nabarmendu zutenez. Milaka pertsonak emana dute izena, batzar ugari egiten ari dira han eta hemen, eta dozenaka herri eta auzotan sortu dira lantaldeak. Aurreratu zutenez, gainera, ekitaldi bat antolatzen ari dira Iruñean eta beste bat Arbizun ekainaren 8rako. Eskuak batzeko ariketa ez da giza katean bukatuko, ordea: «Berandu baino lehen, den-denok gure etorkizuna erabaki ahal izan dezagun, beharrezkoak diren akordioak ehuntzeko erronkari ekingo diogu ondoren».

Asteburuan ere, ekitaldi asko

Aurreko asteburuan bezala, ekitaldiz bete dute egutegia Gure Esku Dago-ko lantaldeek. Gaur bertan, Gure Esku Dago egunak eta jaialdiak egingo dituzte Elizondon, Mutrikun, Intxaurrondon, Astigarragan eta Ondarroan. 12:00etan, giza katerako entseguak egingo dituzte Andoainen eta Lasarte-Orian, eta izen emate mahaiak jarriko dituzte Beasainen egun osoz. Ordu berean, hitzaldia emango dute Gure Esku Dago-ko Angel Oiarbidek eta Ricard Vilanegot politologoak, Abadiñon. Bilbon, kalejira eta mosaikoa egingo dituzte San Inazion eta Deustuan, 18:00etan, eta bertso jaialdia izango da Etxebarrin, 19:00etan.

Igandean ere bete-betean jarraituko du dinamikak. 12:00etan, ikurrin erraldoia osatu nahi dute Deban, eta giza katea egingo dute Urbian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.