1.174 hautetsi Udalbiltza berrantolatzeko bidean

«Euskal Herria aintzat hartzen duten hautetsi guztiei» egin diete dei eztabaida prozesuan parte har dezaten

Hodei Iruretagoiena.
Donostia
2012ko azaroaren 28a
00:00
Entzun
Joan den ekainean Iruñean egindako bilkuran hautatu zuten Udalbiltzaren batzar eratzailea antolatzeko ardura duen taldea. Euskal Herri osoko 318 udaletako —udalen ia erdiak—1.174 hautetsik —guztien %18k— hartu dute parte orain arteko prozesuan. Aurrera begirako asmoen berri eman zuten atzo talde sustatzaileko kideek, Izurako (Nafarroa Behere) alkate Daniel Olzomendiren, Ordiziako (Gipuzkoa) alkate Igor Egurenen eta Gasteizko zinegotzi Iratxe Lopez de Aberasturiren ahotik.

Hiru dira abian jarri dituzten egitasmoak. Batetik, eztabaida prozesu parte hartzailea egingo dute Udalbiltzak jorratu beharreko lan ildoei buruz hausnartzeko; galdetegi bat pasatuko dute, eta topaketak egingo dituzte ondoren. Horrez gain, Euskal Herriari buruzko azterketa bat egingo dute, euskal herritarren gehiengoaren beharrei erantzuteko «lehentasunezko egitasmoak» proposatzeko. Azkenik, gizarte eragileekin bilkurak egingo dituzte, elkarlana sustatzeko asmoz.

Elkarlanerako deia

Egurenen hitzetan, estaturik gabeko hainbat nazio burujabetza aldarrikatzen ari dira —Katalunia, Flandria eta Eskozia aipatu ditu—, eta Euskal Herrian gertatzen ari dena ez da salbuespena. Horiek zantzu «itxaropentsuak» izan arren, Ordiziako alkateak onartu du bestelakoa dela Espainiako eta Frantziako gobernuen jarrera. Horregatik, «aro berrian» Udalbiltza beharrezkoa dela eta, berrantolaketa elkarrekin adostu eta gauzatzeko deia egin diete Euskal Herria aintzat hartu arren oraindik proiektuarekin bat egin ez duten hautetsi guztiei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.