Espagnacen zuzenketa moldatu du gobernuak

Ipar Euskal Herriaren aipamena kentzea erabaki du Frantziako Gobernuak eta Lege Batzordeak onartu du

Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2013ko uztailaren 4a
00:00
Entzun
Frederique Espagnac senatari sozialistak aurkeztu zuzenketan Ipar Euskal Herriaren aipamena kentzea erabaki du Frantziako Gobernuak. Erabakia begi onez ikusirik, zuzenketa hori onartu zuen herenegun Lege Batzordeak. Hala, Antolaketarako eta Kooperaziorako Poloen sorrera mantendua da, baina ez da gehiago Ipar Euskal Herrira mugatzen.

Deszentralizazio erreforman gehituriko zuzenketak «orokorragoa» izateko beharra zuela erranez argumentatu du pausoa Lege Batzordeko txostengileak.Bertan egon zen Colette Capdevielle diputatu sozialistak ere zalantza plazaratu zien: «Diozue [Euskal Herriari mugatu gabe] orokorragoa izan behar duela testuak. Nik [lurralde elkargoei buruzko] proposamen orokor bat egin dut eta baztertua izan da...».

Horrez gain, elkarteen askatasunaren printzipioa ez zangopilatzeko gisan, Pays egiturei Polo bihurtzeko «aukera emanen zaie». Ez zaie, beraz, Espagnacek planteatzen zuen gisara, aldaketa behartuko.

Ipar Euskal Herritik egin aldarri instituzionalaren berri eman zuen berriro ere Capdeviellek: «Galdera bat dugu eginik; lurraldeak erantzun bat itxoiten du, eta ezin dut imajinatu mobilizazio eta aldarrikapen horri statu quo baten bidez erantzutea». Marie-François Bechtel, Jean-Luc Laurent eta Christian Hutin diputatuek aurkeztu zuzenketa ere gogor kritikatu zuen. Euskal Herriaren aipamenaren eta ezagupenaren aurkako testu bat zuten aurkezturik.

Gobernuaren erabakia ikusirik, haien zuzenketa kentzeko erabakia hartu dute hiru diputatu sozialista horiek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.