Ertzaintzak ez ditu Kukutza husteko jardun guztiak zuritu, arartekoaren arabera

«Ikerketa sakon» bat eskatu, eta adierazi du bakean protesta egin zutenak «arrazoi gabe» jo zituztela Ertzaintzak

Kukutza husterakoan ertzainek zauritutako 30 lagunek salaketa jarria dute auzitegian. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
mikel p ansa
2012ko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
Kukutza gaztetxea husteko eta eraisteko Ertzaintzaren jarduna ez du behar bezala zuritu Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak. EAE Euskal Autonomia Erkidegoko ararteko Iñigo Lamarca ondorio horretara iritsi da, gertakariei buruzko txostena bukatutakoan; Kukutza hustearen ondoren sortu ziren liskarrak aztertu ditu, 29 herritarren kexak jasota.

Iazko irailaren 21etik 23ra, Kukutza gaztetxea hustu zuten ertzainek, eta Errekalde auzoan ez ezik, Bilbon ere istiluak izan ziren, manifestazioetan eta haiek sakabanatzeko Ertzaintzak egindako oldarraldietan. 76 zaurituren mediku txostenak eta argazkiak jaso ditu Lamarcak —mediku txostenen «kopuru handia» deigarria dela adierazi du arartekoak—. Auzotarren testigantzak eta bideo grabazioak ere eskuratu ditu. Kexa horiengatik hasi zuen gertaerak ikertzeko izapidea. Atzo ezagutarazi zuen txostena, ondorioekin.

Kukutzako esku hartzea Ertzaintzaren «betebeharren eta funtzioen testuinguruan» kokatu behar dela zehaztu du arartekoak, eta, beraz, «legearen babes osoa» daukala. Hala ere, ñabartu du herritarrek salatutako «alderdi jakin batzuk» ez dituela argitu Rodolfo Aresen sailak. Herrizaingo Sailari hainbat informazio eskatu dizkio Arartekoak, eta, oro har, gertakari eta eskaera jakin batzuk ez dituela jaso azaldu du arartekoak. Horregatik, «gertakarien gaineko ikerketa sakona» egiteko eskatu dio Lamarcak Aresi, «zalantza guztiak» argitzeko.

Ertzaintzak Kukutza husteko, eta hurrengo egunetako mobilizazioetan, erabilitako indarkeriak «egokitasun, premia, zentzuzkotasun eta proportzionaltasun printzipioak» errespetatu ote zituen baloratu ezinik gelditu dela adierazi du Lamarcak. Indarkeria neurriz eta proportzioan erabili zutela azaldu dio Herrizaingo Sailak, eta hala defendatu zuen Aresek, gertaerak azaltzeko urrian egin zuen agerraldian; arartekoak ez du datu aski ikusi, ordea, indarkeriaren erabilera neurrikoa izan zela baieztatzeko: «Herrizaingo Sailak ez du behar bezala justifikatu indarraren erabilera babestu behar duten elementuak jazo zirela».

«Arrazoirik izan gabe»

Indarkeria erabili zuten herritarrei erantzuteko orduan Ertzaintzak erabili zuen bortizkeria «justifikatua» egon zela esan daitekeela adierazi du arartekoak—justifikatua bai, baina Lamarcak ez du ebatzi Poliziaren bortizkeriak proportzionaltasun printzipioari eutsi ote zion—. Aldiz, bortizkeriarik erabili ez zuten herritarren aurka Ertzaintzak egindako esku hartzeak salatzeko aurkeztutako kexak «arrazoituak eta justifikatuak» daudela ebatzi du arartekoak: «Polizia unitate ek erabili zuten indarkeria, kasu horietan, ez zen behar bezala justifikatua egon». Ertzaintzak, «kasu askotan, pertsonen aurka eta oso distantzia motzean» jaurti zituen gomazko pilotak, arartekoak eskuratutako bideoetan ikusten ahal denez. Bakean protesta egiten ari ziren herritar batzuen kontra, Ertzaintzak indarkeria «arrazoirik izan gabe» erabili zuela erantsi du.

Arartekoak uste du Polizia jarduerei buruz emandako gomendio orokorrak ez dituela aintzat hartu Herrizaingo Sailak. «Ez digu esan indarkeriaren erabilera modulatzera zuzendutako neurriren bat hartu ote duen». Tobogan tabernan Ertzaintza nola oldartu zen ere justifikatu gabekotzat jo du arartekoak. Kukutza husteko esku hartzean atxilotutako eta identifikatutako herritarrei buruzko salaketak ere jaso ditu arartekoak: bortizki erabili zituztela kexatu zaizkio herritarrak. Puntu horren azterketa egiteko eskatu dio Herrizaingo Sailari. Eta seinalatu dio estatuek azalpen sinesgarriak ematen ez dituzten kasuetan alegazioak sinesgarritzat jotzen dituela Giza Eskubideen Europako Auzitegiak.

Ertzainek Bilduko zinegotzi bat bultzaka erabili zutela gogorarazi du Lamarcak: «Bertaratu ziren zinegotziei emandako tratua jarduera desegoki eta oker gisa kalifikatu behar dugu». Eta beste eskakizun jakin bat ere egin dio Herrizaingo Sailari: poliziak identifikatzeko zenbakiak, «edo erreferentzia bat», erabiltzen hasteko prozesua bizkortzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.