Kongoko Errepublika Demokratikoa «erabat» hartu nahi dute matxinoek

Bukavura eta Kinshasa hiriburura hedatzeko asmoa agertu dute matxinoek, Gomaren kontrola hartu ostean

Kongoko Errepublika Demokratikoa «erabat» hartu nahi dute matxinoek.
Xabin Makazaga.
2012ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
Ipar Kivutik Hego Kivura, eta jarraian Kongoko Errepublika Demokratiko osora zabaltzeko asmoa agertu zuen atzo M-23 Martxoaren 23 Mugimenduak, bezperan Goma hiriaren kontrola hartu ostean. Joseph Kabila presidentearen aurka altxatuak, «Kongo erabat askatzeko zeharkaldia» hasi besterik ez dela egin esan zuen atzo M-23ko eledun Vianney Kazaramak, Gomako estadio batean, mila lagun ingururen aurrean. «Bukavura abiatuko gara, eta ondoren Kinshasara. Prest zaudete gurekin bat egiteko?», aldarrikatu zuen. Atzo bertan, Sake herria ere mendean hartu zuten matxinoek, Gomatik 30 kilometrora. Mai Mai miliziek aurre egin zieten Sake kanpoaldeko mendietan, baina M-23ak azkar eginarazi zien atzera.

Gomatik ihes egin ezinik geratu ziren Kongoko soldadu eta poliziek M-23 mugimenduari entregatu dizkiote beren buruak, eta, hiriko iturri zibilen arabera, 398 soldaduk eta 232 poliziak bat egin dute matxinoekin. Gomako preso guztiak ere askatu, eta beren lerroetan sartu ditu M-23ak.

Gaur bertan Goma ingurua administratzeko gobernu bat eratuko dutela iragarri dute matxinoek: Jean-Marie Runiga arduratuko da alor politikoaz, eta Sultani Makenga jenerala alor militarraz.

Astebetean Kongoko armadarekin eta MONUC Nazio Batuen Erakundearen bake misioarekin Goma inguruan borrokatu ondoren, herenegun oposiziorik gabe sartu ziren matxinoak Ipar Kivuko hiriburuan. Armadak alde egin baitzuen Gomatik —Matata Ponyo lehen ministroak atzo onartu zuen gudu bat galdu duela, baina gerra ez—, eta NBEren kasko urdinek ere uko egin zioten hiria babesteari. Gomako aireportua, hala ere, kasko urdinek kontrolpean zuten atzo.

CNDP Herriaren Defentsarako Batzar Nazionala milizian dauka ernamuina M-23 mugimenduak. 2009ko bake akordioen ostean, Kongoko Errepublika Demokratikoko armadan sartu ziren soldadu, baina iragan apirilean berriro armatan altxatu ziren herrialdearen ekialdean, Bosco Ntaganda buru zutela. Tutsi etniako militar ohia gerra krimenengatik auzipetuta dago Hagan.

Ruandako Gobernuaren itzala

Kongoko Gobernuari negoziatzeko deia egin zion M-23ak astelehenean, eta egun bateko epea eman zion Goma desmilitarizatzeko. Kabilak uko egin zion eskaintza horri, matxinoen atzean Ruandako Gobernua dagoela eta hitz egitekotan harekin egin behar duela argudiatuta. Kongoko Errepublika Demokratikoko indarrek «azken odol tanta isuri arte eusten» jarraituko dutela ere adierazi zuen gobernuko bozeramaile Lambert Mendek, «tropa ruandarrak kanporatzea lortu arte».

NBEren Segurtasun Kontseiluko Adituen Batzordeko isilpeko txosten batek ere Ruandako Gobernuari egotzi dio, berriki, M-23 mugimendua babestea. Kongoko matxinoek Ruandako Defentsa ministro James Kabareberen «zuzeneko aginduak» jasotzen dituzte, Charles Kayonga jeneralaren bitartez, txosten horren arabera.

NBEren eta AEBen salaketa

M-23 mugimenduari «berehala» Goma uzteko, hedatzeko ekimen oro baztertzeko, taldea desegiteko eta matxinoek armak entregatzeko eskatu dio NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak, atzo gauean aho batez onartutako ebazpenean.

AEBetako Gobernuak ere M-23ak Goma hartzea gaitzetsi du, eta matxinoei Ipar Kivuko hiriburua utzi eta su-etena emateko eskatzeaz gain, Kongoko, Ruandako eta Ugandako presidenteei dei egin die «zuzeneko elkarrizketa zintzo bat» has dezaten, irtenbide baketsu bat lortzeko.

Bezperan, Ruandako Atzerri ministro Louise Mushikiwabok ere, oso bestelako ikuspegi batetik, «aukera militarrak porrot» egin duela argudiatu eta irtenbide bakarra elkarrizketak ekarriko duela esan zuen: «Nazioarteko komunitateak Kongoko Errepublika Demokratikoari bakea ezartzen laguntzeko aukera galdu egin du, errua nori bota lehenetsi eta gatazkaren arrazoiak aztertzeari uko egin diolako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.