Komunikazioa

Finala oso-osorik eta informazio osagarria eskainiko du 'Berria.info'-k

Bertsolaritza Txapelketa Nagusiko biharko finalaren berri luze eta zabal emango dute hedabide askok

Adrian Garcia.
2013ko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Lau urteren ostean, bihar jokatuko dute Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala, Barakaldoko BECen (Bizkaia). Zortzi bertsolari lehiatuko dira, txapela nork jantzi. BECeko harmailak lepo beteko dira, hain da handia ikusmina; denbora gutxian saldu ziren finalerako sarrera guztiak. Halere, izango da etxetik bertatik xehetasunik galdu gabe saioaren nondik norakoak jasotzeko aukera.

'Berria.info'

BERRIAren atariaren bidez, zuzenean ikusi ahal izango da finala. Izan ere, www.bertsoa.com-en bidez jasoko dute seinalea. Saioa zuzenean emateaz gain, eskura jarriko dute txapelketari buruzko informazio osagarria ere. Egunotan argitaratutako erreportajeak eta elkarrizketak izango dira irakurgai. BERRIAko kazetariek bertatik bertara emango dute txapelketaren berri une oro; Twitterreko #BTN13 traolean idatzitako iruzkinen jarioa emango du webguneak.

Txapelketaren nondik norakoak emateaz gain, bertsozaleen artean sortutako giroaren kronika egingo dute kazetariek. Goizeko saioaren balorazioa egin, eta arratsaldeko saioaren jarraipena ere egingo dute. Oso-osorik emango dute finala, txapeldunari Joanito Dorronsorok txapela jantzi arte.

Argazki eta artikulu bildumak eskaini, eta Lara Madinabeitia eta Ander Garzia bideogileek hainbat bideo ekoitziko dituzte. Beñat Zamalloaren, Josu Goikoetxearen eta Gorka Azkarateren analisiak eta balorazioak jasoko dituzte Berria TBrako.

Horrez gain, BERRIAk eta Bertsozale Elkarteak gehigarri bat prestatu dute elkarlanean, Barakaldoko BECen eta biharko egunkarian banatzeko. Astearteanere finalari buruzko hamabi orriko gehigarri berezia kaleratuko dute, giro kronikekin, elkarrizketekin eta analisiekin.

ETB1

Finala oso-osorik emango dute, zuzenean, 10:45ean hasita. Aitzol Barandiaran eta Josu Goikoetxea arituko dira esatari lanetan. Ilaski Serrano kazetaria bertsozale artean ibiliko da, eta elkarrizketak egingo dizkie eguneko protagonistei.

Euskadi Irratia

Euskadi Irratiko Amarauna magazina BECetik bertatik egingo dute goizean. Bertsolarien jarduna jaso, eta giroaren berri emango dute. Halaber, Bertsozale Elkartekoekin elkarrizketak egingo dituzte. 14:15ean, berriz, Hitza jolas saioak goizeko saioaren onena eskainiko du. 16:00etan, Uxue Alberdik eta Xabier Sukiak gidatuko dute arratsaldeko finalekoemanaldia. Horrez gain, ondorengo prentsaurrekoa zuzeneanemango dute. Etzi, Albiste faktoria-n, Maite Artolak txapeldunari elkarrizketa egingo dio 09:00etan, eta 10:00etan, Xabier Sukiak finalaren unerik onenak eskainiko ditu.

Radio Euskadi

Radio Euskadin egun osoan ibiliko dira BECera begira. Maider Martin kazetaria izango da bertsozaleen artean, eta harekin harremanetan jarriko dira finalaren nondik norakoak jakiteko. Albistegietan eta beste saioetan eduki bereziak prestatu dituzte. Más que palabras-en, esaterako, Xabier Sukia, Beñat Zamalloa, Jon Maia eta Iñaki Murua gonbidatuko dituzte. Goizeko albistegietan,bertso eskolei buruzko erreportajea emango dute, eta Andoni Egaña eta Miren Amuriza elkarrizketatuko dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.