Albistea entzun

Donostiako 60. Zinemaldia

Eduard Cortes: «Gassmanek jokatutako galtzaileekin lan egitearen parekoa izan da»

'¡Atraco!' aurkeztu du zuzendari kataluniarrak, lapurreta baten ondorioei buruzko genero uztarketa
Oscar Jaenada, Amaia Salamanca, Eduard Cortes eta Guillermo Francella, atzo, Donostian.
Oscar Jaenada, Amaia Salamanca, Eduard Cortes eta Guillermo Francella, atzo, Donostian. IDOIA ZABALETA / ARP

Igor Susaeta -

2012ko irailak 29 - Donostia

Juan Domingo Peron jenerala, Argentinako presidentea izandakoa, Panaman dago erbesteratuta. Francoren diktadurapeko Espainian hartu nahi du, ordea, asilo politikoa. Dirua behar du horretarako, eta bere emazte Eva Peronen bitxiak bahian emango ditu Madrilgo bitxi denda famatu batean. Baina ahal bezain azkar kendu beharko dituzte erakusleihotik, Carmen Polo Francoren emaztea bitxien zalea baita. Hortaz, bitxi dendaren jabearen eta Peronen bi funtzionarioren artean plan bat adostuko dute: lapurreta bat. Baina horrek ondorio batzuk edukiko ditu. Hori kontatzen du, genero uztarketa bat baliatuta, ¡Atraco! Eduard Cortesen filmak. Lehiaketatik kanpo aurkeztu zuten, atzo, Sail Ofizialean.

Genero uztarketaren kontuari helduta, hauxe azaldu zuen zuzendari kataluniarrak, prentsaurrekoan: «Vittorio Gassmanek eta Alberto Sordik jokatutako galtzaileekin lan egitearen parekoa izan da; tramaren arabera drama eta komedia nahasteko kapazidadea dutenekin, alegia». Guillermo Francella eta Nicolas Cabre aktore argentinarrek interpretatutako rolez ari zen. Biek egin dute funtzionarioena. Cortesek koktelean nahastu dituen beste bi generoak thriller-a eta erromantzea izan dira.

Haren iritziz, ikuslea «bizirik» sentitzen da halako «emozioen nahasketa bat» eskaintzen zaionean. «Azken finean, tarteka negar egiten duzu, tarteka barre, eta tarteka tentsioan zaude».

Pedro Costa filmaren ekoizleetako batek eman zion ideia. «Benetako gertaera bat du oinarrian, eta dauzkagun datuekin osatu dugu», azaldu zuen zuzendariak. Izan ere, gertatu, gertatu zen lapurreta, baina ez dago argi noiz zehazki, eta nola. Peronen mundua gertutik eagutzeko, berriz, «ezinbestekoa» izan da Marcelo Figueras gidoigile argentinarraren laguntza: «Segurtasunez lan egiteko lasaitasuna eman dit».

Costesek beti lan egin du benetako gertaeretan oinarrituta: «Pisu bat baldin badaukate, atentzioa ematen didate. Gustatzen zait jakitea zer-nolako jendea zegoen gertaeren atzean». Haren ustez, «ia lausotuta» dauden pertsonaiak eraikitzea da prozesu sortzailearen alderdirik «kitzikagarriena». Bestela, %100ean fikzioa denean, «zuregandik oso gertu dauden istorioak sortzen dira».

Eta benetako gertaera horiei El secreto de tus ojos (2009) film laudatuan lan egindako aktore eskarmentudunak eman dio indarra, Francellak. Donostian zegoen atzo, Amaia Salamanca eta Oscar Jaenadarekin batera, besteak beste. Esan zuen Cortesek eskatu ziola genero dibertsitate hori landu zezala: «Eta, horretarako, etenaldiak, instanteak edo ixiltasun uneak landu genituen». Hura da Gassman... Edo Sordi.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

1 ©MARISOL RAMIREZ / @FOKU

Berriro ere topagunea da

Ainhoa Sarasola

Iazko etenaren ondotik, aurrez aurrekoa izatera itzuli da Durangoko Azoka, eta, edukiera mugarekin, jendez bete da berriro ere Landako Gunea. Txandaka joan dira sartzen bisitariak, pilaketarik gabe

 ©ARITZ LOIOLA / FOKU

«Nahikoa lan izan dugu atzerakadari eusten»

Iñigo Astiz

Loiola, festara etorri, eta kulturak harrapatu zuen bere lehen Durangoko Azokan, eta Del Campo sormenerantz bultzatu du pandemiak. Landakon ezagutu dute elkar.

Nerea Ibarzabal bertsolaria, atzo, Bizkaiko Bertsolari Txapelketako hirugarren eta azken finalaurrekoan, Larrabetzun. ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Begirada guztiak finalera begira

Olatz Enzunza Mallona

Nerea Ibarzabalek irabazi du Bizkaiko Bertsolari Txapelketako hirugarren eta azken finalaurrekoa. Horrekin batera, erabakita geratu da finalisten zerrenda

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.