Albistea entzun

Eusko Jaurlaritzaren murrizketak (I)

Lehentasunak baliabideak behar ditu

Eusko Jaurlaritzak heldu den asteartean aurkeztuko ditu aurrekontuak. Datu behin betikorik ez, baina iragarri du mozketak handiagoak izango direla euskara eta kultura arloetan. Sektore horietan kezka sortu da, eta datozen egunetan arlo horietako kideen iritziak plazaratuko ditu BERRIAk.

Joanmari Larrarte -

2013ko martxoak 7

Eusko Jaurlaritzak egun gutxi barru aurkeztuko du 2013rako aurrekontu proposamena, eta aurreko egunetan zabaltzen ari diren mezuak kezka ugari sortu du euskalgintzan eta euskal kulturgintzan, krisi garaiotan eremu horietan ere murrizketak izango direla esan baitu Ogasun sailburuak. Kezka ez da harritzekoa, erakunde askoren kasuan larritasun handia ekar baitezake betidanik eskasak izan diren diru laguntzak gutxitzeak.

Legealdi honetan euskara lehentasun izango dela esan du Eusko Jaurlaritzak, eta lehenengo aldiz sail baten izenaren barruan Hizkuntza Politika agertzea horren adierazgarri gisa ulertu da, batez ere zehar-lerro izaera emango zaiola esan delako. Bada, lehentasun izatea ez da inondik egoki ezkontzen baliabide gutxiago izatearekin. Edozein politika sendotasunez gauzatu behar bada, erabakiak eta baliabideak behar dira eta: erabakiak neurri eraginkorrei bide emateko, eta baliabideak neurri horiek gauzatzea eta garatzea ziurtatzeko. Horrelaxe gertatzen da, hain zuzen ere, benetan estrategikotzat jotzen diren eremuetan: zerbait estrategikoa dela baloratzen bada, hartan inbertitzea ez da zalantzan jartzen.

Hizkuntza politika ausart eta eraginkorra egiteko beharrean gaude, baldin eta Euskal Herrian euskararen garapenak urratsik atzera ez egitea nahi badugu, eta, horretarako, datozen urteetan behar diren baliabideak jarri beharko dira, bestela diglosia egoeran dagoen hizkuntza horrek aurrera egitea benetan zaila izango baitu. Horrenbestez, atzeraka ez bada hasi nahi, izaera estrategikoa benetan eman eta baliabideak jarri behar dira. Marra gorriak zehaztu dira Osakidetzan, hezkuntzan eta gastu sozialean, haietan ezin delako atzera egin; bada, euskara ere babestu behar du marra gorri horrek, euskararen normalizazioan atzera egin ez dezagun.

Euskara ez litzateke dagoen egoeran egongo herri ekimenetik sortutako hainbat eragileren ekarpenik gabe. Gizarte erakunde horien guztien ekarpena gerora ere ezinbestekoa izango da, eta ez litzateke planteatu ere egin beharko gure herriaren egituratzean giltzarri den euskararen berreskurapena zalantzan jartzea eta eragile horien iraupenean eragin dezaketen murrizketak egitea.

BERRIA Taldearen eremu zehatzera etorrita, urteak daramatzagu esanez euskal hedabideen benetako garapen bat behar badugu nahitaezkoa dela erakunde publikoen ekarpena egungoa baino handiagoa izatea, baina, hala ere, Eusko Jaurlaritzak aurreko bi urteetan %15 jaitsi du laguntzetara bideratzen duen kopurua —850.000 euro gutxiago bi urtean, 2006tik 2010era izandako igoera ia guztia bi urtean jaitsi dute—. Aurrekontuek gora egiten zuten bitartean, hedabideentzako hazkundeak txikiak ziren, baina behera abiatu direnean, abiadura azkarra hartu dute hedabideei ematen zaizkien diru sailek. Euskal hedabideen sektorea birmoldaketa eta berrikuntza prozesu batean murgilduta dago, eta hori etetea larria litzateke. Murrizketen bideari jarraitzea erabakitzen badute, sektorea desegitea eragin dezakete, eta hori ezin da gertatu.

Denok gara kontziente lehen baino diru gutxiago dagoela, eta gehienoi tokatzen ari zaigu baldintza horietan kudeatzea. Eusko Jaurlaritza kudeatzen ari direnek ere egoera hori dute esku artean, eta erabakiak hartu beharko dituzte, eta erabaki horiek hartzen dituztenean erakutsi egingo dute benetan zein den eurentzat lehentasun eta zer bigarren mailako edo galgarri, baliabideak esleitzeko garaian argitzen baita zer den benetan estrategiko. Denok espero dugu euskara eta euskal kultura, euskalgintza eta kulturgintza ez jartzea atzerabidean.

Bihar: Mertxe Mugika, AEK-ko koordinatzaile nagusia.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©Aitziber Arzallus - Gipuzkoako Hitza

«Espero dut orain sendaezinak diren gaixotasunak sendatzen ikustea»

Aitziber Arzallus - Gipuzkoako Hitza

Familiatik jaso du neurologiaren inguruko interesa Itxaso Martik, aita eta ama profesional entzutetsuak izandakoak baititu. Maite du bere lanbidea, nahiz eta aitortu une zail asko tokatzen zaizkiola.

Ertzaintzaren helikopteroa erreskate lanetan, gaur, Aralarren. ©BERRIA

Berrobiko mendizale bat hil da Balerdi mendian, Aralarren

Berria

39 urteko mendizalea 50 metrotik behera erori da. Ertzaintzaren helikopteroaren laguntzarekin erreskatatu dute gorpua.

Atzo Jon Rodriguez omendu zuten milaka lagunak, errepidean. ©Urtzi Urkizu

Furgoneta gidari bat atxilotu dute, txirrindulari bat nahita harrapatzeagatik Hondarribian

Berria

Mendelu auzoko kamerei esker identifikatu dute ibilgailua, eta gendarmeek atxilotu dute gidaria. 69 urteko txirrindularia ospitaleratu egin dute. Eztabaida bat izan zuten aurretik.

Jose Navarro, Francisco Fernandez eta June San Millan, Irati Jimenez moderatzailearekin batera. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Salatu dute osasun krisian espetxeetan ez dela osasuna lehenetsi

Ane Eslava

Kartzeletan pandemia nola kudeatzen ari diren aztertzeko, mahai inguru bat egin dute Iruñean, APDHA, Sirecovi eta Salhaketa taldeetako kideekin. Eskubide urraketak izan direla kritikatu dute

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.