Eskubide guztiak gauzatuko diren jokalekua eskatu diote epaituek PPren gobernuari

Epaiketa zain dauden beste auzi politikoak bertan behera uzteko eskatu dute D3M eta Askatasunako epaituek

Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2012ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Haien aurkako epaiketa guztiz politikoa izan dela sinetsita, Espainiako Gobernuari mezua igorri diote D3M hauteskunde plataforman eta Askatasuna alderdian aritu izana egotzita Auzitegi Nazionalean epaitu dituzten lagunek, Madrildik itzuli berritan: «Bada garaia Espainiako Gobernuak salbuespen legeak alboratu eta pertsona zein proiektu politiko ororentzako eskubide guztiak errespetatuak izango diren jokaleku berriari ateak zabaltzeko», adierazi dute auzia epaiaren zain geratu eta biharamunean.

Hartarako, guztien absoluzioa eskatu dute. Areago, epai posible bakarra absoluzioa dela diote. Epaiketa zain dauden auzi politiko guztiak bertan behera uzteko ere eskatu dute: «Ezin da onartu beste inor epaitua izatea ideia politikoak defendatzeagatik, Euskal Herriarentzako proiektu independentista eta ezkerrekoaren alde lan egiteagatik».

Ahozko saioan frogatuta geratu da auzia erabat politikoa dela, epaituen ustez. Haien izenean, Auzitegi Nazionaleko saioetan ikusi dutena azaldu dute Arantza Urkaregik eta Amparo Lasherasek: «Poliziei eta guardia zibilei entzun diegu nola hainbat prentsaurrekotan parte hartu dugun, zenbat hautagaitzatan agertu garen, zenbat aldiz izan garen ikuskatzaile, nola joan garen kontzentrazio batzuetara; hau da, guztiz politiko eta publikoak diren jardueretan parte hartu dugula».

Akusatuen hitzetan, «ekitaldi politiko soilak diren jarduera horietan» oinarritu da fiskaltza «ETAren estrategiaren mende dagoen egitura batekoak» direla esateko. Talde armatuko kide izatea ez, baina «erakunde terroristako kide» izatea egotzi diete horrela. «Zein da erakunde hori?», galdetu dute. «Zeintzuk dira bertako partaideak garela egiaztatzeko frogak? Fiskalari, bost axola».

Epaituak seguru daude 2009an Eusko Legebiltzarrerako egin ziren hauteskundeetan independentista eta ezkerrekoak direnen parte hartze politikoa galaraztea izan dela auziaren helburua. Horixe esan zioten auzipetuek epaimahaiari azken hitz hartzean: «Parte hartze politikorako eskubidea aldarrikatu, defendatu eta gauzatzeagatik» epaitu dituztela.

Zio politikotik kanpo, «zentzugabea» izan da auzia, epaituen ustez. Epaiketaren azken egunean akusazioa erretiratu zioten Fernando Antiari, eta hark bere kasuaren berri emanda azaldu du ezin ulertu hori: Arabako Hauteskunde Batzordean, D3Mren ordezkari legala zen Antia, eta fiskaltzak auzitik kanpo utzi dituen bi pertsonetako bat da. «D3Mrekin lotura zuzena izan duen bakarrari kendu diote akusazioa». Nor akusatu eta nor ez arrazoirik gabe erabakitzen dela salatu du hala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.